Jan ala irentsi

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Garbi dago: norberak ez badu sukaldean egiten, beste norbaitek prestatutakoa jango du. Esaldiak dioena begi-bistakoa den arren, agian ez da hain agerikoa horrek dakarren guztia. Izan ere, Jaffe eta Gertier ikertzaile kanadiarren arabera, sukaldean aritzeko ohitura eta jakintza galdu da azkenaldian, eta galera hori ez da halabeharrez gertatu: janari-industriak bultzatutako estrategia baten barruan dago.

Hain zuzen, ikertzaile horiek McDonaldizazioaren kausak eta ondorioak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute kontsumitzaileok ez dugula besterik gabe garatu janari azkarrak, aurrez prestatutakoak, merkeak eta errazak aukeratzeko joera, ez. Da elikagai-industriak, harekin lotutako eragileekin batera, desinformazio-kanpaina bat egin duela kontsumitzaileon irizpideak eta gustuak aldatzeko, ekoizten dituzten produktuen mendeko bihur gaitezen.

Horrek norbera bere buruaren jabe ez izatea dakar, neurri batean. Hala, industriak ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortzea ez den beste ezer kontuan izan gabe ekoitzitako produktuak irensten ditu gizartearen zati gero eta handiago batek. Bere buruari galdetu gabe (edo bai, baina ez gehiegi) nola lortu duten hain merke saltzea ontzitik atera eta jatea beste lanik ematen ez duen plater hori.

Horregatik, besteak beste, uste du EHUko soziologo Mauleónek sukaldean jakitea gako dela dieta osasungarria eta ingurumenarekiko jasangarria izateko. Horrez gain, helburu hori bera lortzeko lagungarriak diren beste gako batzuk ere bildu ditugu aldizkariaren erdiko orrialdeetan, Ingurumenaren Mundu Egunaren karietara.

Izan ere, hau da Nazio Batuen Erakundeakegun horretarako prestatu duen leloa: Pentsatu. Elikatu. Aurreztu . Hiru hitz soil izanagatik, hari-mutur askoko mataza osatzen dute; haietako batzuei tiratuta osatu dugu erreportajea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila