Aldizkariaren azaleko bideak erakusten du norako bidaia egin dugun zenbaki honetan. Izotz artetik eta gau polar luzeen iluntasunaren babesean, Artikoan barneratu gara, Naima El Bani Altuna ikertzaile bilbotarraren eskutik. Itsaso izoztuak izan ditu laborategi hainbat hilabetez, eta han eskuratu ditu duela aspaldiko laginak, iraganeko klimaren lekuko ezin hobeak. Benetako altxor geologiko bat du eskuetan, eta haren pareko ilusioa transmititzen dute ikertzailearen begiradak eta hitzek. Hemen duzue Artikoko gau polarretan ikertutakoaren kontakizuna.
Ilunetik argirako bidea egin nahi izan dugu aldizkarian. Izan ere, obesitatea eta diabetesa modu kezkagarrian ari dira gora egiten, etengabe. Hain da nabarmena, non azken ehun urtetik hona lehenengo aldiz egin baitu behera gizakion bizi-itxaropenak. Gizarte-garapenaren kontraesanak. Badirudi elikadura dagoela horren oinarrian, hein handi batean, behintzat. Gantzak murrizteko helburua izan dute urte askoan dietek, baina emaitzak ez dira esperotakoak izan; oraingoan, azukreak daude jomugan. Boladan jartzen dira dieta batzuk eta besteak, eta, handik gutxira, modaz pasatzen dira. Irizpideak egiaztatzeko eta bateratzeko unea iritsi da. Argia behar dugu, datu kezkagarriok ikusita. Ariketa hori egin dugu EHUko Elikadura eta Obesitatea Ikerketa Taldeko katedradun M. Puy Portillorekin.
Eta fisikari gazte bat dugu zenbaki honetako beste protagonistetako bat: Ion Errea Lope. Lanerako grinak eta ilusioak eraman dute puntako ikertzaile izatera fisikan, lilura sortzen duten esparru horietako batean: material supereroaleak. Aplikazio berritzaile asko lortzeko bidea ireki dezake elektrizitatea batere erresistentziarik gabe garraiatu ahal izateak; baina argi utzi du bera ez dagoela aplikazioei begira. Teorikoen lana jarri du mahai gainean, haiek gabe zientzia itsu-itsuan joan ez dadin. Murgildu aldizkarian, eta aurkitu zure argia.
Elhuyarrek garatutako teknologia