Azukrearen auzia

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Azukre gehiegi hartzea ez dela komenigarria denok barneratua dugun ideia izanagatik, zerikusi gutxi du elikagai azukredunen kontsumoarekiko dugun jarrera eta kontzientzia sozialak alkoholaren kontsumoarekiko dugunarekin; eta gauza bera gertatzen da batari zein besteari buruzko araudiekin ere. Aitzitik, "Azukreari buruzko egia toxikoa" artikuluaren hiru egileek ( Nature , 2012ko otsailaren 2) defendatzen dute --eta ez dira bakarrak-- alkohola eta azukrea oso antzekoak direla osasunari eragiten dieten kalteari dagokionez.

Haien esanean, sindrome metabolikoaren barruan sartzen diren gaitzek (gaixotasun kardiobaskularrak, hipertentsioa, diabetesa, arazo lipidikoak) erantzule garbia dute, azukrea, eta azukre hori freskagarrietan eta prozesatutako elikagaietan bildua iristen da kontsumitzaileengana. Hain zuzen ere, azukrearen kontsumoa hirukoiztu egin da munduan azken 50 urteetan, mendebaldeko dieta hedatu eta prozesatutako elikagaien kontsumoa areagotu ahala.

Aipatutako artikuluan, azukre gehiegi hartzeak eragindako kalteen frogak aurkezten dituzte egileek, eta ozen aldarrikatzen dute azukrearen auziari heltzeko garaia dela kontsumoa murriztea bultzatuko duten neurrien bidez: zergak ezarriz prozesatutako elikagaiei gehitutako azukreari, haien salmenta mugatuz, eta ildo horretako beste neurri batzuen bidez, tabakoarekin eta alkoholarekin lehenago egin den bezala, "norbanakoak hezteko kanpainek ez baitute arrakastarik".

Azukrearen toxikotasunari buruz iaz Nature aldizkarian plazaratutako egia hark eztabaida piztu zuen, eta egileen tesiak ez du bildu alkoholaren toxikotasunari buruzkoak bezainbesteko adostasunik. Auzia interesgarria da, ordea, eta, azukrea dietaren parte izaki, guztioi eragiten digun zerbait. Horregatik, eta --bestelako neurriei uko egin gabe-- arrakastaren parte bat norbanako informatuz osatutako gizartean dagoela uste baitugu, azaroko zenbaki honetan jaso dugu azukrearen toxikotasunari buruzko auzia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila