50 urte aurrerago

Abril Olaetxea, Jon

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Elhuyar

50 urte bete ditu Elhuyarrek aurten. Ez da marka makala, euskararen eta zientziaren sustapenerako jaio eta bere egitekoa beste esparru ugaritara zabaltzea lortu baitu ibilbide horretan. Orain 50 urte euskara plazara ateratzeko ahalegin ausarta egin zuen belaunaldi hark merezi du aitortza eta goresmena. Belaunaldi gazteagoek hartu dugu erreleboa, eta euskarari arnasa berria emateko gogo biziz jarraitzen dugu, zientzian zein bestelako diziplinetan ere. Hiztegigintza, itzulpengintza, euskara-planak eta euskararen sustapenerako egitasmoak, adimen artifiziala eta hizkuntza-teknologien garapena, berdintasuna, partaidetza, komunikazio-zerbitzuak, kultura zientifikoaren zabalkundea eta STEAM-hezkuntzaren sustapena ditugu, gaur-gaurkoz, gure lan-ildoen artean, gizartea eraldatzea helburu. Ehun laguneko lantalde profesional gaitua, euskara ertz askotatik garatzeko lanean.

Euskararen biziberritzeak bezala, Elhuyarrek ere ez du bide erraza izan 50 urteotan, eta egunez egun borrokatu behar du esparru berrietara iristen jarraitzeko, baliabideak lortzeko, eta bere lana ikusgarri egiteko. Baina, era berean, Elhuyarren komunitatea osatzen dugun bazkide, harpidedun, bezero, babesle eta langile guztiak konbentzituta gaude ezinbesteko ekarpena egiten dugula. 50 urteotan Elhuyarren ondoan izan zaretenoi ere eskerrona baino ezin dizuegu eman urteurren honetan. Gure xedeari jarraikiz, euskaratik, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraikitzeko lanean jarraitu asmo dugu beste 50 urte aurrerago ere.

Eta, euskarak bezala, zientziak ere ezagutu ditu aurrerabide handiak 50 urteotan. Ale berezi honetan ere zientzia da ardatz nagusia, baina begiratua luzatu nahi izan dugu, 50 urte atzera bezala, 50 urte aurrerago ere, gure gizarteak dituen erronkentzat erantzun bila, denbora honetan guztian Elhuyarren egitekoa izan denari jarraikiz: galdera berriak egin, jakintza sustatu eta zabaldu. Ez dugu alferrik ezagutuz aldatzea lelotzat. Zorionak, Elhuyar! Eta zorionak, elhuyarkide guztiok!

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.