Europan eta Asian bizi izandako lehen sapiensen analisi genetiko berri batzuek zehaztu dutenez, neandertalak eta sapiensak duela 50.500 urte inguru hibridatu ziren, eta hibridazio-aldi horrek 7.000 urte inguru iraun zuen, neandertalak desagertzen hasi ziren arte. Science eta Nature aldizkariek aldi berean argitaratu dituzte analisi horiei buruzko artikuluak. Hain zuzen ere, bietan aritu dira lanean Antropologia Ebolutiboko Max Planck Institutuko ikertzaileak, nazioarteko beste hainbat ikertzailerekin batera, eta emaitzak eta ondorioak osagarriak dira.
Neandertalak eta sapiensak duela 500.000 urte inguru bereizi ziren. Ondoren, 300.000 urtez, neandertalak Eurasian bizi izan ziren. Eta, duela 40.000-60.000 urteen artean, sapiensek Afrika utzi eta Europan hedatu ziren. Hedatzean, neandertalekin topo egin zuten, eta bi giza taldeak elkarren artean hibridatu ziren. Hori guztia jakina bazen ere, zientzialariek ez zekiten ondo zein izan zen hibridazioen dinamika eta zer bilakaera izan duen neandertalengandik jasotako herentzia genetikoak. Hori azaldu dute orain argitaratu diren bi artikuluek.
Nature aldizkariko artikuluan, adibidez, duela 42.000-49.000 urte Ranis-en (Alemania) eta Zlatý kůň-en (Txekian) bizi izan ziren zazpi banakoren genomak analizatu dituzte, eta ikusi dute Afrikatik duela 50.000 urte ateratako talde batekin estu lotuta zeudela, eta, Afrikatik kanpoko sapiens guztiek bezala, bazutela neandertalekin izandako hibridazio batek utzitako arrastoa. Hibridazio hori duela 45.000-49.000 urte izan zela ere zehaztu dute; orain arte uste izan dutena baino askoz ere beranduago, hain zuzen.
Science-n argitaratutako ikerketan, berriz, gaur egungo genomak ere aztertu dituzte, Eurasian aurkitutako 59 sapiens zaharren hezurretatik erauzitakoez gain (duela 2.000 eta 45.000 urte bitartekoak). Horrela ikusi dute duela 50.500 urteko hibridazio-aldi hark gene ugari utzi zituela eurasiarren genometan: egungo genomen % 1-2 inguru. Eta ondorio argi bat ere atera dute: Afrikatik Eurasiarako sapiensen lehen migrazioa duela 43.500 urte baino lehenago izan zen.
Gainera, azpimarratu dute datu genetikoak bat datozela aztarna arkeologikoek iradokitzen dutenarekin. Izan ere, ebidentzia arkeologikoek ere agerian uzten dute 6.000-7.000 urtez sapiensak eta neandertalak elkarrekin bizi izan zirela Eurasian. Horrez gain, gene-fluxuaren iraupenak laguntzen du azaltzen, adibidez, zergatik ekialdeko asiarrek % 20 gene neandertal gehiago dituzten, europarrek eta mendebaldeko asiarrek baino.
Sapiensen genoman neandertalen herentzia denboran zehar nola aldatu den ere aztertu dute ikertzaileek. Azaldu dutenez, genoman badaude eremu batzuk neandertalen generik gabe; basamortuak deitzen zaie. Bi giza taldeen hibridaziotik denbora gutxira sortu ziren basamortu horiek. Hortik ondorioztatu dute, seguru asko, zati haietan zeuden neandertal-geneak hilgarriak zirela sapiensentzat.
Neandertaletatik jasotako gene gehienak immunitatearekin, larruazalaren pigmentazioarekin eta metabolismoarekin lotuta daude, aurretik egin izan diren beste ikerketa batzuetan ikusi izan denez. Horren adibidetzat jarri dute COVID-19tik babesten duen aldaera genetiko bat.
Halaber, gogora ekarri dute ekialdeko asiarrek, neandertalen arrasto handiagoa izateaz gain, denisovarrena ere badutela. Arrasto horiek denboran zehar nola aldatu diren aztertzea baliagarria da giza taldeen arteko hibridazioak eta migrazio-dinamikak ulertzeko.
Elhuyarrek garatutako teknologia