Neandertalengandik jasotako geneen eta osasunaren arteko harremana aztertu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Jakina da gaur egungo eurasiarrok neandertalengandik heredatutako geneak ditugula gure DNAn; zehazki, genomaren % 1,5-4 da jatorriz neandertalena. Orain, herentzia genetiko horrek europarron osasunean duen eragina aztertu dute, eta ondorioztatu dute erlazioa dutela zenbait gaixotasun neurologiko, psikiatriko, immunologiko, dermatologiko eta zirkulatorioekin.

neandertalengandik-jasotako-geneen-eta-osasunaren-
Arg. Michael Smeltzer/Vanderbilt University

Vanderbilt Unibertsitateko John Caprak zuzendu du ikerketa. Bertan, jatorri europarreko 28.000 pertsonaren osasun-datuak neandertalengandik jasotako gene-taldeekin (haplotipoak) alderatu dituzte, eta emaitzak Science aldizkarian argitaratu dituzte.

Ikertzaileek azaldu dutenez, lehenik neandertal jatorriko 135.000 aldaera genetiko edo SNP identifikatu dituzte. Gero, SNP horiek osasunean nola eragin dezaketen bilatu dute, eta horrela ikusi dute 12 gaitz edo asaldurarekin korrelazio estua dutela, tartean, depresioarekin, miokardio-infartuarekin eta zirkulazio-arazoekin.

Aurkitu dituzten erlazioetako batzuk lehendik zeuden hipotesiak baieztatu dituzte. Esate baterako, susmoa zuten neandertalen geneek keratinozitoei eragiten dietela. Hain zuzen, zelula horiek larruazala babesten dute ingurumeneko erasoetatik, adibidez, erradiazio ultramoretik eta patogenoetatik. Oraingo analisiak frogatu du neandertalen DNA-aldaerek areagotu egiten dutela eguzkiak eragindako larruazaleko gaitz bat izatea, keratosia, keratinozito akastunak sortzen baitira.

Beste erlazio batzuk ezezagunak ziren, hala nola, neandertalen DNA-aldaera baten eta nikotinarekiko adikzioaren arteko lotura. Depresioarekin lotutako aldaerak ere aurkitu dituzte, batzuk onuragarriak, eta besteak kaltegarriak.

Capraren arabera, litekeena da, hasiera batean, neandertalengandik jasotako herentzia genetikoa onuragarria izatea Afrikatik atera eta Europara hedatu ziren lehen populazioentzat, baina gaur egun, dugun bizimoduarekin eta gure ingurunean, kaltegarriak bilakatu dira. Horren adibide da odola koagulatzea errazten duen neandertal-aldaera. Zauriak azkar ixteko onuragarria izango zen, baina, gaur egun, kaltegarria da, bihotzekoak eta enboliak izateko arriskua areagotzen duelako.

Entzun Capraren azalpenak bideo honetan: Are humans connected to Neanderthals?

Erantzunak

1

Elhuyar aldizkaria 2016/02/19

Koldo Garcia Etxebarria genetikariak albistean aipatzen den artikulu zientifikoa irakurri du, zorrotz, eta bere blogean argitaratu du egin duen analisia: Neandertalak gure genoman (eta gu berean).

Eskerrik asko, Koldo, zure ekarpena partekatzeko aukera emateagatik.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group