Neandertalen arrasto genetikoak aurkitu dituzte afrikarretan

neandertalen-arrasto-genetikoak-aurkitu-dira-afrik
Arg. Matilda Luk, Princeton University Office of Communications

Orain arte kontrakoa uste bazen ere, afrikarrek ere badituzte neandertalen geneen arrastoak, nahiz eta neandertalak ez ziren inoiz lurralde afrikarrean bizi izan, Cell aldizkarian argitaratutako ikerketa berri baten arabera. Orain arteko estimazioek zioten Europa, Asia eta Amerikako egungo gizakiek neandertalean geneen % 2 dituztela, baina afrikarrek ez dutela haien inolako arrastorik. Princetongo Unibertsitateko ikertzaileek, ordea, metodo estatistiko berri bat erabilita argitu dute % 0,3ko arrasto neandertalak dituztela, eta, ondorioz, guztiok ditugula neandertalen geneak.

Zientzialariek uste dute hibridazio afrikar hori gutxienez duela 100.000 urte inguru gertatu zela, alegia, gure espeziea Europa eta Asiara zabaldu eta lurralde hura kolonizatu zuen irteera handiaren aurretik (Out of Africa). Nolabait, sapiensen joan-etorri txikien ondorio lirateke, sapiensak Afrikatik atera, neandertalekin hibridatu, eta bueltan etorri eta afrikarren artean neandertalen arrastoak zabaldu zituztenak. Beraz, neandertalen herentzia genetikoaren ikuspegiaz harago, gure espeziearen mugimenduen ikuspegia ere alda dezake ikerketa berriak. Azken urteotako ikerketen joerari jarraituz, giza migrazioen historia erabat adarkatua eta konplexua dela berresten du.

Ikerketaren egileek uste dute munduko beste populazioak ere metodo estatistiko berriaz berraztertu beharko liratekeela, hobeto zehazteko zenbatekoa den haien arrasto neandertala. Izan ere, beste metodoek ez bezala, IBDMix metodo berriak ez du erreferentziazko populazio bat behar emaitzak egiaztatzeko, eta hortaz, emaitzak ez dira erabilitako erreferentziaren araberakoak.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.