Mikrogarro robotiko bigunak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

mikrogarro-robotiko-bigunak
Mikrogarro robotikoa gai da inurri bat hartzeko, minik egin gabe. Arg. Jaeyoun Kim / Iowa State University

Irudiko mikrogarro robotikoa gai da oso objektu hauskorrak jasotzeko, haiei inolako kalterik eragin gabe. Milimetro erdia baino gutxiago da alderik alde inurriaren gerria, eta beste hainbeste beheko irudian ageri den arrain-arrautza. Objektuari eusteko, bere baitan kiribiltzen da garroa. Iowako Unibertsitatean garatu dute, eta Scientific Reports aldizkarian aurkeztu. Ikertzaileen esanean, garroa oso erabilgarria izan daiteke aplikazio biomedikoetarako, besteak beste, mikrokirurgietarako.

Paneka atlantikoaren arrautza. Haren inguruan bildu eta kalterik egin gabe eusten dio mikrogarroak. Arg. Jaeyoun Kim / Iowa State University

185 mikrometroko diametrora arte txikitu daiteke garroak egiten duen azken espiralak. Hain zuzen ere, robotika biguna (sistema biologikoak oinarri hartzen dituena) hain neurri txikira arrakastaz ekartzea izan da ikerketaren ekarpen nagusia. Orain arte, zentrimetroaren eskalan bakarrik lortu zen sistemak kiribil bat baino gehiago osatzea.

Estatu Batuetako ikertzaileek fabrikazio-sistema berri bat asmatu dute mikrogarroak sortzeko. Litografia bigunaren teknikan oinarritzen da; hau da, lehenengo, fase likidoan dagoen PDMSelastomeroarekin bustitzen dute txantiloi zilindriko bat, eta, ondoren, berotuta, polimeroa solidotu egiten da haren inguruan. PDMSzko mikrohodia —garroak zuzenean ateratzen dute azkenean zilindrotik. Metodologia horri esker, gai izan dira oso neurri txikiko hodia sortzeko: 100-125 mikrometroko barne diametroa du, eta 8-32 mikrometroko lodiera, paretak. Hedatuta dagoenean, mikrohodia ez da erabat laua: konkor bat du, eta horrek ematen dio espiralean kiribiltzeko gaitasuna. Garroari eragiteko, berriz, xiringa arrunt bat erabiltzen dute.  

Ikertzaileen arabera, eragingailu pneumatikoa (aire konprimitu bidezkoa) hautagai ona da eskala mikroskopikoko robot bigunetan aplikatzeko, soila eta eraginkorra delako, eta horregatik aukeratu dute. Alabaina, erronka handia zen praktikara eramatea. Orain, garatu dute bide bat, erabili ahal izateko.

Mikrogarroa mugimenduan: hortzetako hari-zati bat da heltzen ari den objektua.

Mikrogarroa mugimenduan: hortzetako hari-zati bat da heltzen ari den objektua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.