Ilargiaren inguruan hauts-hodei iraunkor bat dagoela frogatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Ilargiaren inguruan hodei-geruza iraunkor bat dagoela frogatu dute Columbiako eta Ouluko (Finlandia) Unibertsitateetako astronomoek. Horixe izan da Lunar Atmosphere and Dust Environment Explorer misioaren (LADEE) ondorio nagusia, eta  Nature aldizkarian eman dituzte xehetasunak. Besteak beste, zehaztu dute hodeia hauts-partikulez osatuta dagoela eta asimetrikoa dela.
ilargiaren-inguruan-hauts-hodei-iraunkor-bat-dagoe
Ilargiaren atmosfera aztertzeko LADEE misioko ontziak egindako ibilbidea erakusten du irudiak. Arg. Daniel Morgan eta Jamey Szalay/NASA

LADEE misioa 2103ko irailean abiatu zuten, eta 184 egun iraun zuen. Denbora horretan, atmosferaren datuak jaso zituzten Ilargia orbitatzen zuen ontzi baten bidez, garaiera desberdinetan (azaletik 220-260 km-ra, eta 20-100 km-ra).

Horri esker, hauts-hodeiaren osaera, dentsitatea eta banaketa ikertzeaz gain, partikulen jatorria ere argitu dute. Astronomoen arabera, Ilargitik gertu abiadura handian igarotzen diren kometen ondorioz sortzen dira hodei horiek. Hain zuen, kometetatik askatutako partikulek Ilargiaren azala jotzean sortzen da hodeien hautsa. Horren erakusle da hodeiaren dentsitatea areagotu egiten dela meteoro-eurien sasoian, bereziki Geminidak egokitzen direnean.

Hori ikusita, astronomoek iragarri dute atmosferarik gabeko gorputz planetario guztiek izan ditzaketela antzeko hodeiak. Horrekin batera, ordea, baztertu egin dute orain Ilargian aztertu duten hodeiak zerikusirik duenik Apollo 15 eta 17 misioetako astronautek ikusitakoarekin.Nonbait, Ilargiaren hodeiertzean distira bat ikusi zutela adierazi zuten astronautek, baina haiek egindako deskribapena eta LADEE misioko datuetatik ondorioztatutakoa ez datoz bat. Horrenbestez, argitu gabe jarraitzen du Apollo misioetan ikusitako hodei distiratsuaren misterioak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila