Hizkuntza indigenak desagertzeak sendabelarren gaineko ezagutza gehiena galtzea eragingo du

hizkuntza-indigenak-desagertzeak-sendabelarren-gai
Zientzialarien ustez, eskola indigenak dira giltzarri ez dadin galdu potentzial farmakologiko handia duen ezagutza hori guztia. Arg. Goresam

Sendabelarren gaineko ezagutza galbidean dagoela jakinarazi dute Zuricheko Unibertsitateko ikertzaileek. Egindako ikerketaren arabera, Amazonia, Ginea Berria eta Ipar Amerikako sendabelarren propietate eta erabilerak hizkuntza indigenetan baino ez dira transmititzen. Hain zuzen, sendabelarren % 75 hizkuntza indigena bakar batean transmititzen dira, eta ahozko komunikazioan soilik. Hizkuntza indigenak desagertzeak, beraz, ez du eragingo altxor kultural ordezkaezin bat bakarrik galtzea, baizik eta sendabelarren ezagutza tradizionala bera ere.

Sendabelarren ezagutza tradizionaletik atera dira egungo botika asko. Azido azetilsalizilikoaren osagai aktiboa, esaterako, zume zuritik erauzten da (Salix alba)  eta morfinarena, mitxoletetatik (Papaver somniferum). Beraz, hizkuntza indigenak galtzeak kolokan jar dezake etorkizunean botika berriak sortzeko gaitasuna.

Amazonian, egoera beste inon baino larriagoa dela azpimarratu dute, sendabelarren % 91 transmititu baita hizkuntza bakarrean. Eta ikerketak argi utzi du ezagutza berezi horiek dituzten hizkuntzak direla, hain zuzen, desagertzeko arrisku handiena dutenak.

Ikertzaileen ustez, eskola indigenak dira giltzarri, ez dadin galdu, bat-batean, hainbeste urtez sendabelarren gainean lortu den ezagutza guztia. Izan ere, kolonizazio europarraren aurretik Brasilen bizirik zeuden 1.000 hizkuntza indigenetatik 160k bakarrik diraute. Eta kalkulatu dute egun munduan bizirauten duten 7.400 hizkuntzen % 30 baino gehiago desagertu egingo direla, mende honetan bertan. Ikerketa egiteko 3.597 landare-espezie eta 236 hizkuntza indigena aztertu dituzte, eta PNAS aldizkari zientifikoan argitaratu dituzte emaitzak.

Sendabelar gehienen propietateak hizkuntza bakarrean transmititzen dira belaunaldiz belaunaldi. Arg. PNASetik moldatua

Gero eta gehiago dira hizkuntza gutxituek naturaren ezagutza eta planetaren garapen jasangarria bermatzen duten eginkizuna nabarmentzen duten ikerketa zientifikoak. Hemen Unai Pascual García de Aziluri egindako elkarrizketa, zuzenean euskararekin egin den ikerketaz: “Hizkuntza gutxituen defentsa instrumentu ahaltsua da planetaren jasangarritasuna lortzeko”.

 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.