H5N1 birusak hainbat mutazio behar ditu gizakietan pandemia bat sortzeko

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

h5n1-birusak-hainbat-mutazio-behar-ditu-gizakietan
H5N1 birusaren partikula bat, mikroskopio elektronikoz Arg. NIAID/CC BY 2.0

Zenbait komunikabideren izenburuek kontrakoa adierazi badute ere, H5N1 birusak mutazio bat baino gehiago beharko luke, gizakietan pandemia bat eragiteko gai izateko. Horixe argitu dute Ignacio López-Goñi mikrobiologiako katedradunak eta Elisa Pérez Ramírez birologoak The Conversation agerkarian. Biek sinatutako artikuluan, azalpen xeheak eman dituzte egoeraz, birusak dituen ezaugarriez, eta nola aldatu beharko litzatekeen, gizakiak infektatzeko, haien zeluletan barneratzeko eta erreplikatzeko gai izateko. Garbi utzi dute, horretarako guztirako, mutazio bakar bat ez dela nahikoa. 

Azaldu dutenez, gaizki-ulertua Science aldizkarian 2024ko abenduan argitaratutako beste artikulu batetik dator. Haren arabera, laborategian in vitro egindako ikerketa batean, ikertzaileek frogatu zuten H5N1 birusaren proteina baten, hemaglutininaren, mutazio jakin batek erraztasuna ematen diola birusari giza errezeptoreetara lotzeko. 

Horrek, nolabait, iradokitzen zuen, birusak laborategian bezala mutatuko balu, gizakiak infektatzeko erraztasun handiagoa izango zukeela. Oraingoz, ordea, birusak ez du erraztasun handirik gizakien errezeptoreetara lotzeko. Berez, hegaztiak dira orain gehien hedatu den H5N1 aldaeraren lehen hartzaileak. Hegaztien errezeptoreetara erraz lotzeaz gain, haien zeluletan barneratu eta erreplikatzen da, eta patologia larriak eragiten dizkie. Hala, mundu osoan, milioika hegazti hil dira birusaren eraginez. Baina, hegaztiak ez ezik, ugaztunak ere infektatu ditu. López-Goñik eta Pérezek zehazten dutenez, 350 hegazti-espezie eta 50 ugaztun-espezie baino gehiagotan detektatu da; alegia, panzootia bat eragin du.

Gizakietan

Ugaztunen artean, ardura berezia eragiten dute behi-haztegiek, AEBko haztegietan asko hedatu baita birusa, eta herrialde hartako pertsonetan diagnostikatu diren infekzio gehienak behien bitartez izan dira. Artikuluan, guztira 64 kasu izan direla aipatu dute egileek, eta behien bidez izan ez direnak, jatorria identifikatzerik izan ez duten kasu batean izan ezik, etxeko hegaztien bidez izan dira. Hain zuzen, munduko beste lekuetan izan diren kasu gehienak halaxe izan dira, etxeko hegaztien bidez. 

AEBn infektatutako pertsonetan, sintoma ohikoena konjuntibitisa izan da. Sukarra ere izan dute ia erdiek, eta herenak baino gehixeagok, arnas aparatuko sintomak. Berriki jakinarazi dute AEBn izandako lehen heriotza, Lousianan, eta Kanadan ere oso larri egon da beste paziente bat. Inongo kasutan ez da frogatu pertsonatik pertsonara kutsatu denik birusa.

Hori guztia kontuan hartuta, egileek uste dute, gizakietan zabaltzekotan, birusak denbora gehiago beharko duela, mutazioen arteko konbinazio egokia aurkitzeko. Ez da nahikoa giza zeluletara ondo lotzea; haietan barneratu eta ugaltzeko gai ere izan behar du, eta immunitate-sistema gainditu behar du. Aurreratu dutenez, oso litekeena da populazioaren zati batek nolabaiteko immunitatea izatea 1 motako neuranimidasarekiko, H1N1 gripea kontaktua izaten duelako, adibidez, edo sasoiko txertoek ere agian babesen bat eman dezakete. 

Nolanahi ere, hasieran aipatutako izenburua (mutazio bakar bat nahikoa da hegazti-gripeak pandemia bat eragiteko gizakietan) ukatu dute. Baina ez dute ezkutatu kezka, bereziki, espezie kaltebera bat (txerria, behia, bisoia) aldi berean giza gripearekin eta hegaztienarenarekin kutsatuz gero: egoera horrek erraztu egingo luke birusen genomak berrantolatzea eta gizakiak kutsatzeko gai den hibrido bat sortzea. Hori saihesteko, eta prebentzio-neurri eraginkorrak ezartzeko, Osasun Bakarra estrategiaren alde egin dute López-Goñik eta Pérezek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila