Goi Paleolitoko labar-artearen adibide ugari eta hedatuenetako bat eskuen margoak dira. Eskua labarrean jarri, eta, margoa haren ingurua putz eginda, eskuaren itxura uzten zuten kobazuloetako hormetan. Urteetan, esanahi sakratua eman izan zaie, eta egileei rol berezia esleitu izan zaie. Orain, ordea, Kantabriako Unibertsitateko arkeologoek frogatu dute eskuen margoketa ekintza kolektibo bat zela, zeinetan haurrek ere parte hartzen baitzuten.
Journal of Archaeological Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta Verónica Fernández Navarro da lehen egilea. Azaldu duenez, Diego Garate Maidaganek zuzentzen duen proiektuaren barruan (Before Art) egin dute lan hori: “Goi Paleolitoko adierazpen esanguratsuenetako bat labar-artea da. Gure helburua adierazpen horien testuingurua ezagutzea da: nor ziren egileak, nola antolatzen ziren, nola sartzen ziren kobazuloetara, zer horma aukeratzen zituzten, zer teknologia eta material erabiltzen zituzten… Hau da, nolako gizarteak ziren eta zer garrantzia zuen haientzat adierazpen-mota horrek”.
Ildo horretatik, orain argitaratu duten ikerketan, Kantabriako Castillo, Garma,eta Fuente del Salín kobazuloetako eskuen margoak aztertu dituzte, baita Maltraviesokoak (Cáceres) eta Fuente del Truchokoak (Huesca). Izan ere, kobazulo horiek irudi ugari dituzte, aztertzeko leku aproposean eta ondo kontserbatuta daude. Egileen adina kalkulatzeko, berriz, 3D-ko eredu fotogrametrikoak erabili dituzte, eta emaitzak gaur egungo egindako adibideekin alderatu dituzte. Adin guztietako pertsonek parte hartu zuten esperimentuan, eta, hala, ondorioztatu dute margoen laurdena, gutxi gorabehera, haurrek egindakoak direla, neskek zein mutilek.
“Emaitzak dezente harritu gaitu”, aitortu du Fernándezek. “Frantzian, adibidez, badago bakarren bat oso txikia, Maltravieson ere bai… Baina kontuan izan behar da margo horiek eskuaren inguruan putz eginda sortzen zituztela, eta, beraz, eskua bera baino dezente handiagoak dira. Hortaz, ez da hain erraza pentsatzea neska-mutilek egindakoak direla”.
Hala ere, esperimentuan kontuan izan zituzten. Hain zuzen, azken urteotan beste zenbait ikerketatan ere aztertu dute haurren rola, adibide, harrizko tresnen ekoizpenean, eta zenbait objektu jostailuak izan zitezkeela ere iradoki dute. Bestalde, hezurrak helduenak baino errazago desegiten badira ere, hilobietan ere aurkitu izan dituzte haurren aztarnak. Horrenbestez, haurrak komunitatearen zati garrantzitsua zirela ondoriozta daiteke. Edonola ere, artikuluan ohartarazi dute haurren eta helduen arteko bereizketa ez dela zurruna: alderdi biologikoak ez ezik, soziologikoak eta kulturalak ere eragiten dute sailkapen horretan.
“Argi dago, hori bai, talde osoak parte hartzen zuela eskuen margoketan. Hortaz, badirudi elementu bateratzaile bat izan zitekeela; taldea sendotzeko jarduera bat”, nabarmendu du Fernándezek. Bestetik, sortu duten metodologiaren balioa azpimarratu du: “Kontuan izan behar da halako margoak kontinente guztietan daudela eta milaka urtez egin izan direla. Orain, ikerketa honi esker, metodologia bat dugu hobeto ezagutzeko haien egileak”.
Elhuyarrek garatutako teknologia