Labar-artea duten kobazuloak aurkitzeko sistema bat garatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

labar-artea-duten-kobazuloak-aurkitzeko-sistema-ba
Eredua aplikatuta San Pedro kobazuloan aurkitutako margoak. Arg. Diego Garate Maidagan

Labar-artedun kobazuloak identifikatzeko eredu bat diseinatu dute Kantabriako eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek, espeleologoen laguntzarekin, eta informazio geografikoen sistemen bidez.

Diego Garate Maidaganek zuzendu du ikerketa, eta Journal of Anthropological Archaeology aldizkarian argitaratu dute. Zehaztu dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu dute, baina sistema erabilgarria da munduko beste edozein lekutan ere.

Hain justu, artikuluan gogora ekarri dute kantauriar isurialdea aberatsa dela Paleolitoko margoak dituzten kobazuloetan, baina, 2001era arte, EAEn apaindutako sei kobazulo baino ez zirela ezagutzen: Venta Laperra, Arenaza, Santimamiñe, Goikolau, Ekain eta Altxerri. Gehiago egon behar zutela sinetsita, Garate eta bere kideek bilaketa-kanpaina trinkoak egin dituzte azken urteotan. Emaitza: sei beharrean, orain 28 dira ezagutzen diren kobazulo apainduak EAEn.

Hasteko, Paleolitoko aztarnategiak bazituzten kobazuloak berriro aztertu zituzten, baina, gero, bilaketa ahalik eta arrakastatsuena izan zedin, eredua garatu zuten, informazio kartografikoa oinarri hartuta, hautaketarako irizpideak zehaztuta, eta analisi estatistikoa eginda. Ikertzaileen arabera, hamalau aldagai dira esanguratsuenak, hala nola hauek: garaiera itsas mailatik (denak 460 m-tik behera daudela ikusi dute); hurbileneko ibaira dagoen distantzia; Goi Paleolitoko aztarnak izatea (28tik 22k bazituzten); itsasora gaur egun dagoen distantzia; sarreraren malda…

Eredua baliagarria dela frogatu dute; adibidez, horri esker aurkitu dute Paleolitoko labar-artearen multzo bat San Pedro koban (Busturia).

Bestalde, ikusi dute labar-artea izateko probabilitate handiak zituzten zenbait leku (0,75 baino handiagoak ziren probabilitateak) erabiliak izaten ari direla duela zenbait urtetatik, meatzaritzarako eta harrobien ustiaketarako. Beste muga batzuk ere aipatu dituzte ikertzaileek, kontserbazio-arazoak eta lehentasun kulturalak. Baina, horiek alde batera utzita, ikerketaren emaitzek erakutsi eredua egokia dela baita ondare arkeologikoarentzat babes neurri egokiak hartzeko ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila