Frogatu dute artobeltza egokia dela garia ordezteko lehorte-egoeretan

frogatu-dute-artobeltza-egokia-dela-garia-ordezkat
Artobeltzaren landarea. Arg. Wikimedia/CC3.0

Zientzialariek aurreikusi dute, etorkizunean, laboreek lehorte-garai luzeagoak eta gogorragoak jasan beharko dituztela, eta karbono dioxidoaren maila eta tenperaturak ere altuagoak izango direla, orain baino. Hori kontuan hartuta, Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileek artobeltzaren eta gariaren hazkuntzak alderatu dituzte kondizio horietan, eta egiaztatu dute artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten duela muturreko kondizio horietan.

Horretarako, hazkuntza-ganbera batean hazi dituzte bi espezie horien landareak, tenperaturaren, karbono dioxidoaren eta lehortearen baldintzak kontrolatuz. Landareen hainbat parametro fisiologiko aztertuz ikusi dute artobeltzak baduela potentziala gariaren ordezko laborea izateko. Karbono dioxidoaren maila eta tenperatura altuetan, lehorterik egon ez arren, jada hautematen da gariaren zenbait parametrok okerrera egiten dutela. Bestalde, artobeltzaren fotosintesi-maila handitu egiten da, eta gariarena, txikitu. Horrenbestez, agerian geratu da lehorte-egoeretan artobeltzak hobeto erantzuten duela gariak baino. Environmental and Experimental Botany aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila