Dilema nuklearra

Altonaga, Kepa

EHUko biologia irakaslea

Orain dela hilabete zentral nuklear bat bisitatzeko abagadunea eduki nuen zenbait ikaslerekin batera. Han ikusi eta entzundakoak, aldez aurretik irakurritako beste hainbat datu kezkagarriren gomuta biziagotu zidan eta bai ondoko gogoeta iradoki ere.

Gaur egun petrolio-gertutasuna handia bada ere, arinki ari gara hurbiltzen baliagai berriztezin hau merke eta ugari izan deneko aroaren bukaerara. Hala ere, ezin dugu ahaztu petrolioa industria petrokimikorako ezinbesteko lehengaia dela eta baita izango dela ere; beraz, neurri bereziak hartu beharko dira gradualki hil-ala-biziko baliagai hau kontserbatzeko. Bestalde, eta berotegi-efektua dela eta, murriztu egin beharko da petrolioaren erabilera erregai nagusi gisa.

Arazo energetikoak badauka munta handiko beste alde bat. Nekazaritzaren ekoizpena kultibaturiko lurren azalerarekin batera handituz joan da 1950. urterarte. Geroztik, ongarri kimikoak izan dira ekoizpen-emendioaren arrazoi nagusia (1950-86 tartean biztanleko eta urteko ongarri-kontsumoa 5etik 26 kilora joan da planeta-mailan). Alabaina, tona bat petrolio behar da ongarri nitrogenatuen tona bakoitzeko; halaber, petrolioa premiazkoa da herbizida eta pestiziden produkzioan.

Hortaz, petrolioa fotosintesi bidez zereal bihurtzean oinarritu da munduko janari produkzioaren emendioa. Nolanahi ere, etorkizun hurbileko petrolioaren eskasiak, edota prezio handiak eta planetaren beroketa-arriskuagatik ezarritako errestrikzioek, nekazal ekoizpenaren jaitsiera halabehartuko dute justu populazioaren handiak janari gehien eskatuko duen une berean (Nazio Batuen Erakundearen proiekzioen arabera 8.500 milioi lagun biziko dira 2025ean).

Beraz, hemendik gutxira egoera kritikoan aurkituko gara ziurrenik, planetaren beroketa arriskuak erregai fosilen erabilera drastikoki murriztera derrigortuko gaituenean. Energi iturri bigunetara jo liteke (eguzkitikora, eolikora, mareenera, termikora), baina, oraingo garapen-erritmoekin ezin izango dituzte erregai fosilak ordeztu: iturri horietako energiak munduko premien % 8-10 baino ez da hornituko mende honen amaieran.

Urteak dira kezkatuta gaudela zentral nuklearren proliferazioaz, dituzten begi-bistako arriskuez eta beraien hondakinez, baina, konturatzen hasiak gara gizartearentzat lanjerosoagoa suerta daitekeela petrolioa eta ikatza erabiltzea. Krisi ekologikozko egoeran, CO2aren emisioen murrizketa drastikoaren premia larrian eta energia garbien gertutasun guztiz urriarekin, beharbada onuragarri litzateke opzio nuklearra irekita mantentzea, irtenbide partzial modura baldin bada ere. Berez, ezinezkoa litzateke CO2aren murrizketaren ondorioei aurre egiteko nahikoa zentral eraikitzea.

Planeta berotzearen inpaktua estatu pobreetan izango da bereziki larria; garapenak energia baitu beharrezko, nekazaritza, industria eta etxeko beharrizanetarako. Datorkigun eszenario beldurgarria Txinak ilustratzen du ondoen: estaturik populatuenaren ahalegin industrializatzailea ikatzaren gainean oinarrituko da; erreserba handiak baitauzka. Horrela izanik, CO2aren maila ikaragarriro emendatuko da, munduko industria berori jaisten saiatzen ari delarik. Txinako, edo beste herrietako, garapena geldiaraztea, zer esanik ez, moralki injustua da, politikoki akabosea eta praktikan ezinezkoa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila