Ekaitz erraldoi bati jarraituz, Saturnoko jet korronte handiaren ezaugarriak aztertu dituzte EHUko Zientzia Planetarioen taldeko ikertzaileek. Esaterako, neurtu dute ekuatorean ekialdetik mendebalderantz doazen haizeek 1.650 km/h-ko abiadura hartzen dutela; Lurreko urakan suntsitzaileenek izaten dutena baino hiru aldiz handiagoa. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute lana.
Abiadura handiko haize-korronte ia horizontalak dira jet korronteak. Saturnoko ekuatorekoak 70.000 km inguru hartzen ditu iparraldetik hegoaldera, gure planetaren tamainrena halako bost. Eguzki Sistemako jet korronterik zabalena eta bortitzena da. Ez dago teoriarik korronte horren izaera azaltzeko, ez eta zein indarrek elikatzen duten azaltzeko ere. 2003. urtean Zientzia Planetarioen taldeak ohartarazi zuen haizeak asko ahuldu zirela, Voyager zundek planeta bisitatu zutenean behatutakoarekin alderatuta.
“Iazko ekainean, Aula EspaZio Gelako [Bilboko Ingeniaritza Eskolan] 28 cm-ko teleskopio xume batekin ikusi genuen orban distiratsu bat zegoela Saturnoren ekuatorean, 1.600 km/h abiaduran mugitzen ari zena --dio Agustin Sánchez Lavegak, lanaren lehen sinatzaile eta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak.-- ; halako abiadurarik ez da ikusi Saturnon 1980tik”. Gero, taldeak berak garatutako eta Almeriako Calar Altoko behatokiko teleskopio batean instalatutako PlanetCam kamera erabiliz, ikusitakoa baieztatu ahal izan zuten. Horrez gain, beste herrialde batzuetako behatzaileek teleskopio txikiak erabiliz lortutako irudiak ere erabili zituzten.
Azkenik, ikertzaileek xehetasun gehiagoz aztertu ahal izan dute fenomenoa; izan ere, Hubble Espazio Teleskopioa erabiltzeko baimena lortu baitzuten. “Hubblen behatzeko denbora lortzea oso zaila da, oso lehiakorra baita, baina haren bidez lortutako irudiak oso kalitate onekoak dira, eta erabakigarriak izan dira ikerketan”, azaldu du Sánchez Lavegak.
Orban distiratsua 7.000 km inguruko ekaitz erraldoi bat zen; eta hango hodeien eta ingurukoen mugimendua aztertuta, informazio berria lortu dute ikertzaileek jet korronte handiaren egiturari buruz. Ikusi dute atmosferan zenbat eta sakonago, orduan eta indartsuagoak direla haizeak. Goi atmosferan 1.100 km/h abiadurak neurtu dituzte, eta 150 km inguruko sakoneran 1.650 km/h-koak. Gainera, haize sakona egonkorra da, baina goi atmosferan oso aldakorrak dira korronte ekuatorialaren abiadura eta zabalera, intsolazio-zikloaren eraginez. Saturnoren eraztunen itzalpean indartu egiten dira haizeak.
Eta, horrez gain, beste hainbat fenomeno meteorologikok ere haizean eragiten dutela ikusi dute. “Fenomeno horiek guztiak gure planetan ere gertatzen dira, beste eskala batean. Hala, beste mundu batzuetan baldintza oso desberdinetan ikertzeak balio du fenomeno horiek hobeto ulertzeko eta ereduak egiteko”, dio Sánchez Lavegak.
Elhuyarrek garatutako teknologia