Sare sozialetan preso

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Azken bizpahiru urteotan webean zerbaitek arrakasta izan badu, sare sozialek izan dute. Facebook, Twitter, LinkedIn, Tuenti eta antzekoak haziz joan dira etengabe, eta ehunka milioi internauta gaude gaur egun haietan. Alabaina, zerbitzu hauek webean oinarritzen badira ere, ez dituzte webaren sorrerako oinarrizko printzipioak betetzen (irekitasuna, deszentralizazioa...), webaren sortzaile Tim Berners-Leek berriki ohartarazi duenez. Zorionez, ari dira sortzen printzipio horiei jarraitzen zaizkien sare sozialen eredu berriak, StatusNet eta Diaspora, kasu.
Sare sozialetan preso
2011/02/01 | Leturia Azkarate, Igor | Informatikaria eta ikertzailea
(Argazkia: © iStockphoto.com/Andrew Johnson)

Duela bospasei urte, Web 2.0-ren etorrerarekin, Interneten kontsumitzaile huts izatetik sortzaile ere izatera pasatu ginen hainbat lagun, blog, wiki eta horrelakoetan. Baina duela bizpahiru urte, beste iraultza bat gertatu da: sare sozialena; Facebook, Twitter, Tuenti eta halakoak. Hauetan ere ez gara jasotzaile pasibo; geuk ere sortzen dugu eta elkarri eragiten diogu, baina modu informalagoan eta zirkulu itxiagoan, aisia dugularik helburu. Horregatik, normala da askoz jende gehiago sartu izana hauetan. Facebooken, esaterako, 500 milioi erabiltzailetik gora ari dira argazkiak, jarduerak eta sarean aurkitutakoak lagunekin banatzen.

Hala ere, sare sozialek, Facebookek batez ere, arrakasta adina kritika izan dute sorreratik. Kritika nagusia da benetako pribatutasuna bermatzen ote duten hor jartzen den edukiari dagokionez (areago, Facebooken erabiltze-baldintzetan badira klausula polemikoak, igotzen den edukiaren jabetza enpresaren eskuetara pasatzen dela diotenak). Beste kritika bat da sare sozialetan ematen den denbora dela-eta, gero eta jende eta eduki mamitsu gutxiago dagoela blogetan eta horrelakoetan.

Egungo sare sozialak, itxiak eta zentralizatuak

Arazo horiez gain, beste batzuez --ziurrenik okerragoak-- ohartarazi du Sir Tim Berners-Lee webaren asmatzaileak, Scientific American aldizkarian idatzitako artikulu batean. Bertan, webaren sorrerako printzipioak oroitarazten ditu (unibertsaltasuna, deszentralizazioa, estandar irekiak, sarearen neutraltasuna...) eta azkenaldian alderdi horietan egin dugun atzerakada nabarmentzen du. Gainera, egungo sare sozialek webaren oinarrizko printzipioei egiten dieten kalteaz ere ohartarazten du. Zehazki, etorkizuneko balizko web batean aktibitate gehiena sare sozial bakarrean izango balitz, unibertsaltasuna eta deszentralizazioaren printzipioak ez liratekeela beteko dio.

Unibertsalak barik, sareak erabat itxiak dira: sare horretan dauden lagunekin elkarreragina izan dezakezu; beste sareetan daudenekin ez, ordea. Horrela, jendeak lagun gehien dituen sarean ematen du izena, eta azkenean mundu guztia sare gutxi batzuetan kontzentratzen da, eta dena erabat zentralizatuta gelditzen da. Gainera, enpresa baten edo batzuen monopolioa edo oligopolioa gertatzen da horrela, eta kaltea baino ez dakar horrek.

Itxitasunaren aurkako arrazoiak ez dira etiko edo filosofikoak soilik; praktikoak ere badira. Gaur egun sarritan gertatzen da elkarrizketen banaketa, adibidez. Oso ohikoa da blog, aldizkari edo dena delako batean artikulu bat agertzea, eta aukera ematea bertan erantzunak uzteko eta elkarrizketa sortzeko; baina gero jendeak artikulu hori bere sare sozialeko lagunekin partekatzen du, Facebooken, Twitteren edo beste batean, eta han ere uzten ditu erantzunak jendeak. Azkenean, jende pila baten ekarpenekin asko aberastu litekeen elkarrizketa zenbait tokitan sakabanatuta gelditzen da.

Horrez gain, sare sozial batean sortuz goazen eduki guztia (komentarioak, argazkiak, estekak...) bertan preso gelditzen da. Edukia han daukate, eta ez dugu aukerarik une batean dena formatu estandar batera esportatu eta beste sare batera eramateko. Horrelako zerbait onartuko al genioke posta elektronikoko zerbitzuaren hornitzaile bati, edo blogak ostatatzeko zerbitzu bati?

Sare sozialen eredu berria

Sare sozial ireki eta deszentralizatuak izateko, estandar bat beharko litzateke, lagunak, iruzkinak, argazkiak eta abar partekatu ahal izateko. Gero edozeinek garatu dezake estandar horri jarraitzen zaion software bat bere sare sozialaren zerbitzaria sortzeko, eta software libre bidezkoak ere sortuko lirateke, ziurrenik. Orduan, edozeinek instala dezake software hori bere zerbitzarian, eta software hori erabiltzen duten zerbitzu-hornitzaileak agertuko dira. Eta guk, gure zerbitzaria erabiliz edo hornitzaile bat erabiliz, beste edozeinetan dauden lagunekin gauzak partekatu ahal izango genituzke. Horixe da posta elektronikoak egiten duena eta Google Wave-k proposatzen zuena. Ez luke zentzurik posta elektroniko bidez gure hornitzaile bera dutenekin soilik komunikatu ahal izatea (Gmailekoak beraien artean, Euskaltelekoak Euskatelekoekin soilik...). Zergatik onartzen da, orduan, sare sozialetan?

Zorionez, hasi dira horrelako ekimenak ernatzen. Twitteren, antzeko zerbitzu bat emateko StatusNet software librea dago 2008tik, edozeinek instalatu dezakeena. Identi.ca zerbitzu-hornitzaileak erabiltzen du software hori, eta OStatus standar irekia erabiltzen du zerbitzari ezberdinen artean egoera partekatzeko. Eta 2010ean Diaspora software librea sortu zen, Facebooken antzeko zerbitzu bat emateko; software hori ere edozeinek instala dezake. Proiektuaren sortzaileek zerbitzu-hornitzaile gisa eskaintzen dute, eta, haren bidez, zerbitzari ezberdinek informazioa trukatzen dute. Beraz, StatusNet-ek eta Diaspora-k, biek ala biek eredu ireki eta deszentralizatuan funtzionatzen dute. Gainera, partekatzen diren argazkiak eta bestelakoak gure zerbitzarian gordetzen dira, eta jabegoak gurea izaten jarraitzen du. Bestalde, protokolo ireki horiek erabiliz elkarrizketen dispertsioa ekidin daiteke, denek erabiltzen badute.

Ikusi behar sare sozial berri hauek jendea erakartzeko gai diren, eta etorkizunean horrelako sareak nagusitzen diren. Horretarako oztopo handia da jende gehiena sare itxietan egotea. Izan ere, logikoena da jendeak lagun gehien dituen sare sozialetan izena ematea (Facebook, Twitter...); ez, ordea, oso jende gutxi dagoen berri hauetan sartzea... Horrelako oztoporik ez legoke sare sozial nagusiek Diasporaren eta SatusNet-en estandar irekiak inplementatuko balituzte eta batzuen nahiz besteen erabiltzaileak elkarrekin komunikatu ahal izango balira. Baina ez dute hori egingo noski. Nahiago dute eredu itxia, nagusitasuna mantentzeko...

Beraz, alternatibak badaude, eta gure esku dago etorkizuneko sare sozialen panorama irekiagoa, deszentralizatua eta ez-monopolizatua izatea. Ikusi behar helburu hori lortzen dugun ala gure urrezko kaiola ederretan bizitzen jarraitzea aukeratzen dugun.

Leturia Azkarate, Igor
2
272
2011
2
020
Internet; Softwarea
Mundu digitala
24
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila