Solasaldiak Richard Feynmanekin

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

solasaldiak-richard-feynmanekin

Leonard Mlodinow fisikaria Caltech institutura joan zen ikerketa egitera. Han, bulego bat esleitu zioten Fisika Teorikoa sailean. Eta ezusteko handia hartu zuen inguruko bulegoetakoak zein ziren konturatutakoan: alde batean, Richard Feynman zegoen, eta, bestean, berriz, Murray Gell-Mann. Ordurako, biak ziren Nobel sariak, ospetsuak eta nortasun handikoak. Feynmanek ekarpen handiak egin zituen elektrodinamika kuantikoan, eta Gell-Mannek quarken sailkapenen eredua proposatu zuen. Gainera, biek elkarrekin egin zituzten aurrerapen handiak interakzio ahularen esparruan. Mlodinow ikaratuta zegoen.

Liburu autobiografiko honetan, garai hura kontatzen du Mlodinowek. Batez ere, Feynmanekin izan zuen harreman berezia deskribatzen du. Feynmanen azken urteak ziren; minbizia diagnostikatua zuen, eta heriotzarako prestatzen ari zen. Baina horrek ez du esan nahi Feynman goibel zegoenik. Alderantziz. Ospetsua zen haren indarra eta bizitasuna, eta azken urte horietan ere berdin jarraitu zuen. Eta, agian horregatik, egileak harekin izan zituen topaketek interes bizia izan zuten. Oso ondo deskribatzen ditu Mlodinowek liburu honetan. Liburu osoa dago ondo idatzita.

Gell-Mannekin ere izan zuen harremana egileak. Eta harreman hark nola eboluzionatu zuen ikusten da kapituluak aurrera egin ahala; hasieran, Mlodinowek ez zuen gustuko Gell-Mann, baina gerora estimatzen hasten da, neurri batean Feynmani esker. Bi jenio haien arteko harremana ezaguna zen Caltech-en. Etengabe zirikatzen zioten elkarri, eta eztabaida sutsuak izaten zituzten, eta, aldi berean, elkar miresten zuten.

Kontakizunaren garaian, Mlodinow gai bat bilatzen ari zen ikertzen hasteko, eta aholku bila ibili zen. Feynmanekin solasaldi asko izan zituen (Helen saileko idazkariak uzten zionean, idazkari horrek asko babesten baitzuen Feynman programatu gabeko bisitetatik). Eta solasaldi haietan, filosofatu ere egin zuten, fisikari buruz, edertasunari buruz, eta, beste gai askoen artean, ikertu nahi izatearen arrazoiei buruz.

Mlodinowek, gainera, oso modu erakargarrian kontatzen du bere istorioa. Une batean, adibidez, medikuak koskor batzuk aurkitzen dizkio barrabiletan, eta minbiziaren mehatxua azaltzen zaio. Eta horrek aldatzen dio Feynmanekin duen harremana, edo hala sentitzen du egileak.

Azken batean, liburua ez da fisikari buruzkoa, fisikariei buruzkoa baizik. Batez ere, Richard Feynmani egiten dion omenaldia da, eta horregatik du liburuak Feynman's Rainbow izenburua.

Feynman's Rainbow: A Search for Beauty in Physics and in Life
Leonard Mlodinow
Warner Books
217 x 146 mm
ISBN: 978-0446530453

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.