Longitude, Dava Sobel

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Longitude, Dava Sobel
2009/10/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: -)

Zeruari begiratze hutsarekin, nabigatzaileek jakin dezakete non dauden iparra eta hegoa, eta non ekialdea eta mendebaldea. Are gehiago, zeruari tresna sinple baten laguntzaz begiratuta, nabigatzaileek jakin dezakete oso iparraldera edo hegoaldera dauden, latitudea alegia. Baina ezinezkoa da gauza bera egitea ekialdearekin eta mendebaldearekin; zeruak ez du ematen informaziorik posizio baten longitudeari antzemateko.

Eta beste metodorik ez da izan duela gutxi arte. Nabigazioak indar handia hartu zuen Amerikaren kolonizazioa hasi zenetik, XV. eta XVI. mendeetatik aurrera batez ere. Agintariek diru eta baliabide asko jarri zuten longitudea zehazteko metodo bat bilatzeko, eta sari oparoak eskaini zituzten lorpen zientifiko hori saritzeko. Askoren ustez, zientziaren erronkarik handiena izan zen hirurehun urtez.

Soluzioa XVIII. mendean etorri zen. Longitudea kalkula zitekeen, zeruari begiratu beharrean, itsasontzian bi erloju eramanda: bata itsasontziaren posizioaren ordua ematen duena eta bestea longitude ezagun bateko ordua ematen duena.

Metodoa ezagutzeaz gain, itsasontzian ondo funtzionatzeko moduko erlojuak egitearen erronka gainditu behar izan zuten. Dava Sobel idazle estatubatuarraren liburu honek John Harrisonen historia kontatzen du, munduari longitudea neurtzeko aukera eman zion erlojugilearena, hain zuzen ere.

Dava Sobelen libururik ezaguna da Longitude . Arazoaren jatorri historikoa azaltzen du, soluzioa bilatzeko egin ziren ahaleginak, proposatutako soluzio harrigarriak eta, azkenik, Harrisonen erlojuen historia bera.

Gakoa zen sakelako erloju zehatz bat egitea, ez sakelan sartzen zelako, baizik eta pendulurik erabiltzen ez zuelako. Izan ere, itsasoak eragindako kulunkengatik, penduluak ez du maiztasun erregularrik eramaten, eta ez du balio segundoak zehazteko.

Guztira, bost erloju egin zituen Harrisonek (denak daude Londresen, Greenwicheko Behatokian). Lan horrengatik, ehun mila libera esterlinako saria jaso zuen; hala ere, Sobelek kontatzen du zenbat kostatu zitzaien saria emateko erabakia hartzea.

Nabigazioari buruzko istorio bat da, eta, aldi berean, erlojugintzari buruzkoa; azken finean, erronka zientifiko handi baten historia da, xehetasun guztiekin eta oso modu erakargarrian kontatuta.

Egilea, Dava Sobel, zientzia-kazetaria izan da urte askoan New York Times egunkarian, eta zientzia-aldizkari askotarako artikuluak idatzi ditu.

Bi liburu
Longitude
Dava Sobel
Clays Ltd.
177x110 mm
ISBN: 1-85702-571-7
Longitud
Dava Sobel
Editorial Debate
219x154 mm
ISBN: 84-8306-145-7
Roa Zubia, Guillermo
2
257
2009
10
026
Bibliografia; Teknologia; Astronomia
Liburutegia
60
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila