Dimentsioen jokoa ez da modernoa. Gizakiak aspalditik izan du dimentsioen kontuaren kezka. XIX. mendean, adibidez, Edwin Abbott Abbott idazleak eleberri zoragarri bat idatzi zuen kezka horretatik abiatuta: " Flatland: A Romance of Many Dimensions".
Matematikaren dibulgazioan, liburu klasiko ospetsua da. Dimentsio askoren problemari interpretazio bat emateko bidea aurkeztu zigun. Hiru dimentsioko mundu batean bizi gara, eta onar dezakegu laugarren dimentsioa denbora dela. Baina nolakoa litzateke bosgarren dimentsio bat lukeen mundu bat? Abbottek ezin zion erantzun galdera horri, baina kontrakoa egin zezakeen. Bi dimentsioko mundu bat deskribatu zuen, Flatland , eta aztertu zuen mundu hartako biztanleek hirugarren dimentsioa nola ikusten duten.
Bi dimentsioko munduko biztanle asko poligonoak dira; zenbat eta alde gehiagoko poligonoak izan, orduan eta gorago daude eskala sozialean. Protagonista lauki xume bat besterik ez da. Eta emakumeak dimentsio bakarreko pertsonaiak dira, garrantzirik gabekoak. Liburuak ederki islatzen du gizarte viktoriarra.
Halako batean, Flatland eko biztanleei hirugarren dimentsiotik bisita bat datorkie. Ez dituzte ulertzen goia eta behea kontzeptuak, guk geuk laugarren dimentsio espazial bat ulertzen ez dugun bezalaxe. Hor dago koska, hain zuzen.
Bi dimentsioaren azterketa ez da soilik matematikakoa. Fisikan eta kimikan askotan azaltzen da, eta, azken bolada honetan, garrantzi handia hartu du materialen zientzietan grafenoari esker.
Horixe deskribatzen du Mikhail I. Katsnelson dibulgatzaile errusiarrak Graphene: Carbon in Two Dimensions liburuan. Grafenoa ezagutzen den material finena da, karbono-atomoen geruza bat da, hexagonotan antolatuta eta atomo bakarreko lodierakoa. Material erreala denez, benetan hiru dimentsiokoa da, baina, hain fina izanda, bi dimentsioko material baten propietate fisikoak eta kimikoak ditu.
Liburuaren egilea, Katsnelson, fisikaria da, eta grafenoa ikertzen ari da. Liburu honen bitartez, material harrigarri horren aurkezpen bat egiten du. Grafenoarena eta haren potentzialtasunarena.