Gazteentzako narrazio zientifikoak

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

gazteentzako-narrazio-zientifikoak

Fikziozko liburuen bitartez dibulga daiteke zientzia, baina ez zientzia-fikzioaren bitartez bakarrik, baita bestelako narrazioen bitartez ere. Helburu horrekin argitaratzen ari da Elhuyar Fundazioaren argitalpen-zerbitzua ZzL bilduma. Gazteentzako narrazioak dira, 10-16 urte bitartekoentzat, eta zientzia dibulgatzeko helburua dutenak.

Dagoeneko hiru liburu argitaratu dira ZzL bilduman. Lehenengo alea Michael Reisman idazlearen Simon Bloom, grabitatearen zaindaria da. Abentura-liburu bat da. Ume batek fisikako liburu bat aurkitu du, fisikaren sekretuak gordetzen dituen liburu bat, eta, liburu horri esker, gai da fisikaren legeak manipulatzeko. Hegan egin dezake, gauzen marruskadura alda dezake eta abar. Ahalmen hori izanda, eta Owen eta Alysha adiskideen laguntzaz, abenturaz abentura doa gorputzean formula zientifikoak tatuatuta dauzkan emakume baten kontra.

Bigarren liburua Fred Andrews idazlearen Platonen urmaela da, gazteentzako detektibe-istorio bat. Gaia izeneko mundu batean gertatzen da. Hiru protagonistak, Watson, Crick eta Rosa, mundu horretan daude, eta etxerako bidea bilatu behar dute. Norbaitek Lurraren eta Gaiaren arteko atea zabaltzen duen giltza lapurtu du, eta protagonistek zazpi egun dituzte giltza aurkitzeko. Giltza nork lapurtu duen argitzeko, irakurleak bost esperimentu sinple egin beharko ditu.

Hirugarren liburua ez da itzulpen bat, Aitzol Lasa matematikariak idatzitako testua baizik: Hodeietan . "Liburuaren izenburuak hitz-joko handia du bere barruan" dio Lasak. "Pertsonaia nagusia Hodei da. Liburua dibulgazio-lan bat da, eleberri bihurtua, atmosferari eta hodeiei buruzkoa. Eta hodeietan egotea da despistatua izatea edo gai jakin baten inguruan oso iaioa ez izatea. Eta Hodeik badu hori guztia".

Liburuak CAF-Elhuyar saria eskuratu zuen 2010eko ekitaldian gazteentzako narrazioen atalean, eta aurten argitaratu da. Bi pertsonaia nagusiak letratako mutil bat eta zientziatako neska bat dira, Hodei eta Estibalitz. Eta konbinazio horrekin, beste bi protagonistekin batera, atmosferaren kontuekin eta bizikleten agerpenarekin kontakizun dinamikoa osatu du Lasak Hodeietan liburuan.

Simon Bloom, grabitatearen zaindaria
Michael Reisman
Elhuyar Edizioak 2010
200 x 150 mm
ISBN: 978-84-92457-13-7
Jatorrizko izenburua: Simon Bloom, the Gravity Keeper
Platonen urmaela
Fred Andrews
Elhuyar Edizioak 2011
200 x 150 mm
ISBN: 978-84-92457-65-6
Jatorrizko izenburua: Plato's Pond
Hodeietan
Aitzol Lasa
Elhuyar Edizioak 2012
200 x 150 mm
ISBN: 978-84-92457-21-2

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.