Euskal gramatika burmuinean

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

EHUko Psikolinguistika Laborategian euskara-gaztelania elebitasuna ikertzen dihardute, hizkuntzaren eta burmuinaren arteko harremana aztertuz. Izan ere, giza burmuina bereziki antolatuta dago gu hizkuntzaren jabe egin gaitezen. Gainera, elebitasunaren inguruko ikerketetan haiekin elkarlanean dihardute Kataluniako eta Kanarietako hainbat ikertzailek. Testuinguru horretan, hizkuntza bateko hitz-ordena, egitura gramatikalak (kasua, komunztadura...) eta abar burmuinean nola egituratzen diren aztertzen dute.
Euskal gramatika burmuinean
2006/06/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Helduetan hizkuntza --kasu honetan, euskara-- nola prozesatzen den aztertzen dute EHUko ikertzaileek. Euskaraz hainbat hitz-hurrenkera erabil daitezke. Hizkuntzalari gehienek defendatzen dute euskararen oinarrizko hitz-ordena SOV (subjektua, objektua eta aditza) dela. Adibidez, emakumeak gizona ikusi du . Beste hitz-hurrenkerak ( gizona emakumeak ikusi du , OSV hurrenkera, adibidez) oinarrizko SOV horretatik eratortzen dira. Eratorritako egitura horiek oinarrizkoak baino konplexutasun sintaktiko handiagoa dute, eta burmuinari prozesatze-lan handiagoa eragiten diote.

Hitzen ordena

(Argazkia: A. Agirre)
Euskararen oinarrizko hitz-ordena zein den egiaztatzeko, bi motatako esperimentuak egin dituzte. Batetik, erreakzio-denborak neurtu dituzte; hau da, euskaldunok SOV eta OSV motako perpausak irakurtzeko zenbat denbora behar dugun neurtu dute. Irakurketa-denborek erakusten dute SOV motakoen kasuan denbora gutxiago behar dugula OSV motakoen kasuan baino. Beraz, euskararen oinarrizko hitz-hurrenkera duten SOV perpausak errazagoak egiten zaizkigu prozesatzeko OSV perpaus eratorriak baino.

Bestetik, bigarren esperimentu-motan elektroentzefalogramak egin dizkiete zenbait euskalduni. Hainbat elektrodo dituen txanoa ezarri diete buruan, eta horrek burmuineko aktibitatea neurtzen du. Estimulu bat eman eta berehala (100 milisegundora) burmuinean zer eragiketa gertatu diren adierazten du. Beraz, elektrodo-txanoa jarri eta SOV nahiz OSV egiturako perpausak irakurri behar izan dituzte hainbat euskaldunek pantaila baten aurrean. Hala, garunak bataren zein bestearen aurrean nola jokatzen duen aztertu dute. Ezberdin jokatzen duela ikusi dute. Euskararen kasuan, OSV egituran objektua lekuz aldatuta egoteak eragiten duen konplexutasun sintaktikoaren zantzu elektrofisiologikoak atzeman dituzte.

Ikerketa honek egun hizkuntzalaritzaren esparruan dauden hipotesi nagusiak are gehiago indartzen ditu. Izan ere, ikerketaren argitan, SOV egitura da lan gutxiena eginda euskal gramatikak berez sortzen duen hurrenkera.

Euskaldunok SOV nahiz OSV izan daitezkeen kate anbiguoak nola prozesatzen ditugun ere aztertu dute -- emakumeak gizonak ikusi ditu, adibidez--. Burmuinak aldizka ikusten ditu bi egitura horiek, ezin ditu biak aldi berean prozesatu. Hurrenkera anbiguoen aurrean, euskaldunok SOV aukeratzen dugu, eta beste faktore batzuek behartzen bagaituzte bakarrik aukeratzen dugu OSV adiera; esaterako, munduaren ezagutzak behartzen gaitu ardiak otsoak jan ditu hurrenkera batean OSV aukeratzera, SOV hurrenkera aukeratu beharrean. Ondorioz, EHUko ikertzaile-taldearen emaitzen arabera, euskal gramatikak badu oinarrizko hitz-ordena bat, eta gainerakoak haren inguruan egindako areagoko eragiketa sintaktikoak koak haren inguruan egindako areagoko eragiketa sintaktikoak dira.

Perpaus okerrak

Jaiotzetiko euskaldun helduek eta 3 urterekin euskara ikasi dutenek ezberdin prozesatzen dute subjektuaren urraketa.
EHU
Hitz-hurrenkera aztertzeaz gain, jaiotzetiko euskaldunen eta 3-4 urtetik aurrera euskara ikasi duten euskaldunen hizkuntza-ezagutza burmuinean antolatzeko modua berdina edo ezberdina den ikertu dute. Perpaus okerrak edo gramatika-akatsak erabili dituzte horretarako lanabes gisa.

Esaldi zuzenaren eta okerraren prozesamendua alderatuz gero, akatsa dagoen puntuan emaitza ezberdinak esperoko genituzke. Ikerketan, esaldiaren egitura, aditz-komunztadura, kasua (ergatiboa) eta semantika urratzen dituzten perpausak erabili dituzte. Perpaus okerrak eta zuzenak alderatu dituzte jaiotzetiko hiztunetan eta jaiotzetikoak ez direnetan. Burmuinak ez du berdin jokatzen euskara-gaztelania elebidunen bi kasu horietan. Dena den, burmuina aztertu gabe, gaur egun ez dago bi talde horiek bereizterik.

Hori guztia helduekin egin dute Psikolinguistika Laborategian. Baina normalean esaten da hizkuntzaren jabekuntzak baduela aro bat, haurtzaroa. Haurrak dira hizkuntzak errazen ikasten dituztenak. Horren harira, etorkizunean haur txikiekin lan horretan hastea da EHUko ikertzaile-taldearen asmoa.

Proiektuaren laburpena
Hizkuntzak elebidunen burmuinean nola antolatzen diren jakiteko bidean abiatu dira lan honetan. Euskararen jaiotzetiko ezagutza garunean nola antolatzen den aztertu dute, eta ezagutza hori euskara bigarren hizkuntza denean berdin edo ezberdin antolatzen ote den ikertu dute. Proiektu honek, bere osotasunean, Kataluniako UB eta Kanarietako ULL unibertsitateetako ikertzaile-talde bana biltzen ditu, eta gaztelania-katalan elebidunak ikertzea ere barne hartzen du.
Zuzendaria
Itziar Laka.
Lantaldea
X. Artiagoitia, A. Eguzkitza (zena), A. Elordieta, K. Erdozia, M. Etxebarria, M. Ezeizabarrena, B. Fernandez, S. Gomez eta A. Zawiszewski.
Saila
Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak.
Fakultatea
Filologia Fakultatea.
Finantziazioa
EUROCORES eta Zientzia eta Teknologia Ministerioa.
Lantaldearen web gunea
http://www.ehu.es/HEB
Ezkerretik eta goitik hasita, Beatriz Fernandez, Adam Zawiszewski, Itziar Laka, Arantzazu Elordieta, Mari Jose Ezeizabarrena eta Kepa Erdozia.
(Argazkia: EHU)
Kortabitarte Egiguren, Irati
2
221
2006
6
046
Unibertsitateak; Biologia; Giza zientziak
Jakintza hedatuz
54
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila