June Almeida. Mikroskopioaren mugak hedatzen

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

june-almeida-mikroskopioaren-mugak-hedatzen
Arg. Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND

Esperantza handirik ez zuen Tyrrellek. Bazekien ia ezinezkoa zela, baina bazekien, baita ere, inork lortzekotan, Almeidak lortuko zuela. Eta bai lortu ere. Irudiak zoragarriak ziren. Lehenengoz ikusi ahal izan zituzten birus haiek. Aurkikuntzari buruz hitz egiteko elkartu zirenean, jarri zieten izena: koronabirus.

Hogeita hamasei urte lehenago, 1930ean, jaio zen June Dalziel Hart, Glasgowen (Eskozia). Ikasle aparta izan arren, gurasoek ez zuten unibertsitate-ikasketak ordaintzeko dirurik, eta 16 urterekin lanean hasi beste aukerarik ez zuen izan. Laborategi-teknikari gisa hasi zen Glasgow Royal Infirmary ospitalean. Histopatologian aritu zen, alegia, gaixoen ehun-laginak mikroskopioz aztertzen. Gero, Londresera joan zen, St. Bartholomew’s ospitalera, eta lan berarekin jarraitu zuen. Izugarri gustatzen zitzaion mikroskopioan lan egitea.

1954ean Enrique Almeida artista venezuelarrarekin ezkondu zen, eta June Almeida izango zen handik aurrera, baita dibortziatu ondoren ere. Urte hartan bertan Kanadara joan ziren, eta han ere aurkitu zuen modua mikroskopiotik begira jarraitzeko. Izan ere, Ontarioko Minbiziaren Institutu berrian mikroskopio elektronikoko teknikari baten bila zebiltzan. Hantxe aritu zen hamar urtez.

Kanadan aukera izan zuen, formakuntza akademikorik izan ez arren, ikertzaile gisa garatzeko. Eta garbi utzi zuen, gainera, ikertzaile aparta zela. Erakutsi zuen tindaketa negatiboaren teknika oso baliagarria izan zitekeela hainbat lagin biologiko aztertzeko. Elektroientzat opakua den substantzia batekin tindatzen da lagina (Almeidak azido fosfowolframikoa erabiltzen zuen), eta, horri esker, askoz argiago ikusten dira, adibidez, neuronak eta birusak.

Eta teknika horri beste bat gehitu zion Almeidak, 1940ko hamarkadan sortua bazen ere, Almeidak teknika findu arte garatu ez zena: antigorputzak erabiltzea birusak elkartzeko eta, hala, mikroskopioz errazago ikusteko. 1963an argitaratu zuen lan batean erakutsi zuen bi teknikak batera erabiltzea oso baliagarria zela birusak detektatzeko eta haien egitura ikusteko.

1964an, Tony Waterson mikrobiologoak, Almeidaren lana puntakoa zela jabetuta, eskaintza egin zion bere ikerketa-taldean sartzeko, Londresko St. Thomas’s ospital entzutetsuan (egun, King’s College). Hala bueltatu zen Londresera. B hepatitisaren birusarekin eta hotzeriaren birusarekin hasi zen lanean. Eta antigorputzen teknika fintzen jarraitu zuen. Ontarion eta St. Thomas’s-en egindako lanarekin, doktoretza ere lortu zuen Almeidak.

1966an David Tyrrell medikuarekin elkarlanean hasi ziren Waterson eta Almeida. Hotzeriaren Unitateko zuzendaria zen Tyrrell (Common Cold Unit, Erresuma Batuko Medikuntza Ikerkuntzako Kontseiluaren unitate bat). Hotzeria ikertzeko, hamabost egunean behin, 30 boluntario hartzen zituzten. Boluntarioak erakartzeko, oporraldi desberdin bat pasatzeko aukera gisa iragartzen zuten egunkari eta aldizkarietan, eta diru apur bat ere eskaintzen zitzaien. Hotzeria eragin zezaketela uste zuten birusekin infektatzen zituzten, eta isolatutako talde txikitan egon behar zuten, 10 egunez, Salisburyko hegoaldean.

Arg. Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND

Tyrrellen taldea birus haiek laborategian hazteko ahaleginetan ari zen, zelula-kultiboetan; horrela, boluntarioak erabili beharra saihestu nahi zuten. Eta birus gehienekin emaitza onak ari ziren lortzen, baina bazen bat, B814 izena jarri ziotena, inola ere zeluletan erreplikatzea lortzen ez zutena. Egin zituzten probengatik argi zuten birus bat zela, eta boluntarioak infektatzean hotzeriaren sintomak eragiten zituen. Birus hura nolabait detektatzea lortu behar zuten.

Tyrrellek entzuna zuen mikroskopio elektronikoaren irismena muga berrietara hedatzen ari zela Almeida. Eta, erronka mahai gainean jarri zionean, Almeidak esan zion baietz, berak lortuko zuela birus hura aurkitzea.

Tyrrell ezkor zegoen, hala ere. Bazekien, hala zioten aditu guztiek, birusa purifikatu eta kontzentratu gabe ia ezinezkoa zela mikroskopioz ikustea. Baina saiatzeagatik ez zuten ezer galduko. Zenbait lagin bidali zizkioten Almeidari: B814arena, eta ongi ezagutzen zituzten beste bi: gripearena eta herpesarena.

“Gure itxaropen guztiak gainditu zituen. Birus ezagunak identifikatu zituen, eta bere irudiek zoragarri erakusten zuten haien egitura —idatziko zuen Tyrrellek Cold Wars liburuan—; baina, are garrantzitsuago, B814 lagineko birusak ere ikusi zituen”.

Almeida berehala konturatu zen birus haiek lehenago ikusiak zituen beste batzuen antza handia zutela: oiloen bronkitisa eta saguen hepatitisa eragiten zituzten birusena. Haiei buruzko artikulua ez zioten onartu, gripearen birusaren irudi txar batzuk baino ez zirela argudiatuta. Baina, orain, Almeidak oso argi zuen beste birus-mota bat zirela orduko haiek eta oraingo hau.

Watersonen bulegoan elkartu ziren Almeida, Waterson eta Tyrrell, Almeidak lortutako emaitzak aztertzeko. “Seguru geunden birus-mota berri bat zela”, idatziko zuen Tyrrellek. “Itxurari erreparatu genion, eta konturatu ginen birusek halo moduko bat zutela inguruan. Latinezko hiztegian kontsulta eginda corona agertu zen. Horrela jaio zen coronavirus hitza”.

Errubeolaren birusaren lehen irudiak ere lortu zituen Almeidak. Eta haren aurkikuntza garrantzitsuenetako bat B hepatitisaren birusak bi osagai dituela aurkitzea izan zen. 1985ean zientzia utzi bazuen ere, beste zeregin batzuetan aritzeko, “ezin izan zuen mikroskopia elektronikoa inoiz utzi”, idatziko zuen alabak. Eta, 1980ko hamarkadaren bukaeran, St. Thomasera bueltatu zen, aholkulari gisa. Haren laguntza ordainezinarekin lortu zituzten hiesaren birusaren, GIBaren, lehen irudiak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila