Apolloko ordenagailuak ehuntzen

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

apolloko-ordenagailuak-ehuntzen
Arg. Manu Ortega

Bata bestearen ondoan eserita, lerro bat bestearen atzean, ehunka emakume jo eta su ari ziren lanean Massachusettsko fabrika hartan, 1960ko hamarkadaren erdialdean. Batzuk erlojugintzatik zetozen, eta ehungintzatik gehienak. Raytheon enpresak kontratatu zituen; enpresa haren elektronika-saileko langileak ziren orain. Baina hobekien egiten zekitena egiten jarraitzen zuten: ehuntzen. Kotoizko, zetazko edo nylonezko harien ordez, kobrezko hariak zerabiltzaten orain eskuetan, trebezia handiz, alde batera eta bestera; lehenengo pertsonak Ilargira iristea posible egingo zuten ordenagailuen memoriak ehuntzen ari ziren.

Ordenagailu haiek izan ziren Apollo programaren arrakastaren gako garrantzitsuenetako bat. Ilargiratzeko misioetako operazioak hain ziren konplexuak, ezen tripulazioaren esku uztea ezinezkoa baitzen. Horregatik, eta errusiarrek komunikazioak blokeatu zitzaketen beldurragatik, NASAk hasieratik argi izan zuen espazio-ontziei ordenagailuak jartzea zela misio haiek aurrera eramateko modu bakarra. Ordenagailu haiek gidatuko zituzten misioak.

Hain zuzen ere, Apollo programan sinatu zen lehenengo kontratua ordenagailuak eraikitzekoa izan zen. Massachusettsko Teknologia Institutuarekin (MIT) sinatu zuen NASAk kontratu hura.

MITeko ingeniarientzat ez zen nolanahiko erronka. Garai hartan, ordenagailuek gela osoak okupatzen zituzten, energia mordo bat kontsumitzen zuten, eta etengabeko konponketak behar izaten zituzten. Halako bat espazio-ontzi batean sartzea pentsaezina zen.

Ilargira iritsi nahi bazuten, askoz ere ordenagailu arinagoa eta txikiagoa egin beharko zuten, eta bonbilla arrunt batek baino gutxiago kontsumitu beharko zuen. Gainera, egin beharreko kalkulu guztiak egiteko bezain ahaltsua ere izan beharko zuen. Baina ez hori bakarrik, ordenagailu haiek espazioko bidaia baten muturreko egoeratara egokituak egon behar zuten: bibrazio bortitzak, tenperatura-aldaketa handiak... Eta, batez ere, ezingo zuten inola ere huts egin. Astronauten bizia ezin zitekeen galdu hardwarearen edo softwarearen hutsegite batengatik.

Hala ere, MITeko ingeniariek bete zuten erronka, eta diseinatu zuten Apollo pogramarako ordenagailua. Fede osoa zuten ordenagailu haietan. "Gure ikuspuntutik, ordenagailuak astronauten beharrik gabe gida zezakeen misioa", gogoratuko zuen gerora ordenagailu haien diseinuan lan egin zuen Eldon Hall ingeniariak. Baina beste askok ez zuten sinesten funtzionatuko zuenik. "Arazorik handiena jendea konbentzitzea izan zen, ordenagailuak fidagarriak izan zitezkeela", zioen Hallek. "Ordenagailua diseinatzea baino zailagoa izan zen hori".

160 kilobyteko memoria izango zuen ordenagailu bakoitzak, eta 61x32x17 cm-ko tamaina. Misio bakoitzean bi eramango ziren, zerbitzu-moduluak bat izango zuen, eta ilargi-moduluak, bestea.

Tamainaren eta kontsumoaren arazoa konpontzen asko lagundu zuen garai hartako punta-puntako teknologia batek: zirkuitu integratuak (gaur egun, txip izenez askoz ere ezagunagoak). 4.000 inguru erabiliko ziren ordenagailu bakoitzeko. Zirkuitu integratuak erabiltzea erabaki ausarta zen; urte pare bat baino ez zen teknologia hura sortu zela, eta artean ez zekiten oso ongi zenbaterainoko fidagarritasuna zuten. "Izugarri ausarta izan zen erabaki hura, baina, seguruenik, ezinbestekoa misioak arrakasta izateko" aitortuko zuen Hallek.

Hala ere, ordenagailu guztia ez zen zirkuitu integratuekin egin. Ordenagailuaren memoria ahalik eta sendoena eta seguruena izan zedin, "harizko memoria" (rope memory) erabiliko zuten, hau da, eraztun magnetiko txiki-txikietan ehundutako kobrezko hariz egindako memoria. Misioak gidatuko zituen software guztia kobrezko hari haiekin idatziko zen, kode bitarrean: haria eraztun magnetikoaren erditik pasatzean, 0 bat lortzen zen, eta eraztunaren kanpoaldetik pasatzean, 1.

Raytheon enpresari eman zitzaion ordenagailuak ekoizteko lana, eta, enpresa zegoen Massachusettsko eskualdean ehungintzaren industria oso hedatua zegoenez, ehuleak kontratatu zituen batez ere, ordenagailuen memoriak ehuntzeko. Lan eskerga zen. 800 bat langilerekin hasi zen, eta urtebeteren buruan 2.000 langile izatera pasatu zen, lanak garaiz bukatu ahal izateko.

NASAk oso ongi zekien inoizko abentura espazialik handienaren arrakasta Raytheongo emakume haien esku zegoela, neurri handi batean. Kontrola eta presioa izugarria zen. Garbitasuna zorroztasun handiz zaindu behar zen, eta osagai bakoitza hiru edo lau pertsonak errepasatu behar zuten. Gainera, "inspektore-talde bat etortzen zitzaigun gobernu federaletik gure lana etengabe gainbegiratzera", kontatuko zion Mary Lou Rogers langileak BBCri.

Bestalde, askotan NASAko goi-karguak eta astronautak bidaltzen zituzten fabrika bisitatzera. Langileak motibatzeko, eta programaren parte senti zitezen antolatzen ziren bisita haiek, eta baita haien esku benetako pertsonen biziak zeudela ikus zezaten ere. "Kafetegira joaten ginen, eta han azaltzen ziren astronautak", kontatzen zuen Rogersek. "Ilargirako misioa nolakoa izango zen kontatzen ziguten, eta egiten ari ginen lan bikaina eskertzen ziguten".

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila