Zaharrak berri

Arbelaitz Ubegun, Estibaliz

Biologian lizentziatua

Ingurura begiratuta edonon aurki ditzakegu zuhaitz zaharrak, eta, hori dela eta, ikusgaitz bihurtu dira, arrunt, gureak ez diren beste begi batzuek ikusi dituzten arte. Duela 5 urte iritsi zen lehenengoz Helen Read Euskal Herrira, Europan zehar egiten ari zen bidaiaren baitan. Bidaia hartan, Ingalaterran hainbeste eztabaida sortzen dituzten zuhaitz zaharrak bilatzen zituen, garai batean moarratu zirenak bereziki. Helen Readek Natura 2000 Sarean dagoen Burnham Beeches-en egiten du lan, eta Ancient Tree Forum zuhaitz zaharren kudeaketaren inguruan sortutako foroaren partaide da. Talde horrek herritarrak zein zuhaitz zaharrekin lanean diharduten profesionalak biltzen ditu, eta bizidun haiek duten garrantzia azaltzea du helburu.

Zaharrak berri
2006/04/01 | Arbelaitz Ubegun, Estibaliz | Biologian lizentziatua

(Argazkia: E. Arbelaitz)
Bizitzaren azken etapan dagoen zuhaitza da zuhaitz zaharra; hildako egurra du adaburuan, eta pixkanaka usteltzen doan enbor lodia, zulo ugarikoa; enborraren barrutik doazen ur-bideek kanpoko azala ustelarazten dute eta hura galtzen doa pixkanaka. Enbor-barrua ustelduta izaten dute sarritan edo zulo handi bat besterik ez da geratzen. Onddoen gorputz fruktiferoak ageri dira, eta landare epifito ugari, bai enborrean, bai adarretan, eta, oro har, elkarrekiko menpekotasuna duten bizidun ugari aurki daitezke.

Ezaugarri horiek dituzten zuhaitzak badaude Euskal Herrian, nahiz eta urte askokoak ez izan, eta horietako asko eta asko moarratu egin ziren garai batean: zuhaitz moarrak edo motzak deitzen zaie. Zuhaitz-mota horiek gure basoen historiaren ondorio dira.

Zuhaitzak, historiaren aztarna

Ernioko bi zuhaitz zahar. Eskuinekoan onddoak eta liken epifitoak ikusten dira enborrean.
E. Arbelaitz

Erdi Arora arte basogintzak ez zuen halako garrantzirik izan Euskal Herrian, baina, XIII. mendetik aurrera, egur-eskaria areagotzen hasi zen, batez ere eraikuntzan, burdingintzan eta untzigintzan erabiltzeko. Denboran zehar eta batez ere burdingintzak eta untzigintzak hartu zuten garrantziagatik, basoak gogor ustiatzen hasi ziren. Zuhaitzak lur-mugatik mozten zituzten, eta, urte batzuetan berriro ere kimu berriak sortzen zirenez, erabiltzeko moduko egurra lortzen zuten: txaradiak zeritzen.

Kudeaketa-modu hark arazo nagusi bat zuen: kimu berriak ez jateko inguruan itxiturak egiten ziren, eta horrek liskar ugari sortu zituen egurra ustiatu eta abeltzaintza bultzatu nahi zutenen artean. Ondorioz, zuhaitzak kudeatzeko modu berria sortu zen: zuhaitz moarrak edo motzak. 2-3 m-ko altueran mozten ziren, eta, kimu berriak altuera horretatik gora garatzen zirenez, abeltzainek animaliak mendian utz zitzaketen eta, aldi berean, egurra ustiatu zezaketen. Modu hartan jarduera askori konponbidea ematen zitzaienez, zuhaitzak kudeatzeko era hura herri askotara hedatu zen. Hori dela eta, zuhaitz motz edo moarratuek osaturiko baso ugari ikus ditzakegu gure mendietan egun.

Zergatik dira garrantzitsuak?

Antzinako irudi eta eraikinak babesten diren bezala, zergatik ez dira babestu behar antzinakoak diren zuhaitz hauek ere? Historiaren aztarnak dira eta jadanik galtzear dagoen bizimodu baten azken hondarrak. Behe-bailaretan zeuden zuhaitzak untzigintzarako erabiltzen ziren, eta urrun geratzen zirenak egur-ikatza sortzeko: gure mendi garaietan aurki ditzakegun zuhaitz motzen sortzaileak ikazkinak izan ziren, beraz. Basoz baso zuhaitzak moarratzen zituzten txondorra egiteko beharrezkoa zen egurra lortzeko, eta mendian egunak eta egunak igarotzen zituzten txondor hura zaintzen. Egun, jarduera hura gabe, zuhaitz-mota hauek galtzeko arriskuan daude, bai zaharrak galtzen ari direlako, eta bai berririk sortzen ez delako. Baina bizimodu haren azken aztarnak izateaz gain, balio ekologiko handiko guneak ere badira zuhaitzok.

Lur-mugatik moztu ondoren sortutako adar berriak
txaradiak, Epping Forest, Ingalaterra
(Argazkia: E. Arbelaitz)
Zuhaitz zaharrak, enbor lodiaz gain, zuhaitz gazteetan oso kasu gutxitan ikusten diren ezaugarriak ere baditu: hildako egurra adaburuan, ur-bideak enborrean... eta, oro har, usteltze-prozesu hori da zuhaitz zaharra hain baliabide aberatsa bihurtzen duena; biodibertsitate handiko habitata bilakatzen da.

Usteltze-prozesua onddoek hasten dute eta zenbait ornogabek ere laguntzen dute. Hala, kate luze baten hasiera bihurtzen da. Prozesu horretan zehar mikrohabitat ugari sortzen dira, non bizidun espezialista ugari bizi baitiren: onddoak, ornogabeak eta, haiekin lotuta, hegaztiak... Sortzen diren zuloak animaliek erabiltzen dituzte negua edo uda igarotzeko (muxarrek esaterako) eta baita ehizatzeko ere (armiarmek adibidez). Horrelako kateen oinarriak dira zuhaitz zaharrak, eta, zuhaitza habitata izanik, hura babestuta harekin erlazionatutako flora eta fauna babesten dira. Suedian, esaterako, 3 ha-ko eremu bat babestuta, Zerrenda Gorriko 400 espezie babesten dituzte.

Bestalde, hildako egurra usteldu eta materia organiko bihurtuz, zuhaitzak bere burua 'birziklatzen' du, eta, sortzen den materia berriro ere zuhaitzera itzultzeko, enborraren goialdetik behera sustraiak garatzen ditu.

2-3 m-ko altueran moztutako zuhaitza
zuhaitz moarratua edo motza, Oiartzun, Gipuzkoa
(Argazkia: E. Arbelaitz)

Nola kudeatu zuhaitz hauek?

Zuhaitz hauek kudeatzeko garaian beha daitezkeen arazo nagusiak dira oso adaburu altua eta handia dutela, eta zenbait kasutan, zuhaitz gazteen lehia eta lurzoruaren trinkotzea. Aspaldi moarratu gabekoek adar handiak garatzen dituzte, eta, ondorioz, oreka galtzen dute. Hori dela eta, haizete batek edo euri-jasa handi batek zuhaitzak lurrera bota ditzake edo adarrak hautsi ditzake. Arazo horri aurre egiteko modu bakarra zuhaitza berriro ere moarratzen hastea da: helburua da grabitate-zentroa behera ekartzea, eta, horretarako, gutxika-gutxika adaburua goitik behera murriztu behar da, berriro ere enborraren inguruan adaburua bildu eta oreka lortu arte. Mozketa horiek zuhaitzaren egoeraren araberakoak dira, eta oreka lortutakoan ere beharrezkoa da moarratzearekin jarraitzea.

Adaburuaren murrizketarekin hasi aurretik, landu behar den zuhaitzaren inguruan zer dagoen behatu behar da. Gure mendietan, sarritan, zuhaitz moarratu ugari egoten dira bata bestearen ondoan, eta adaburuaren murrizketa taldeka egitea komeni da, moarratu dena argirik gabe gera baitaiteke.

Zuhaitz zaharra habitat bat da, eta bizidun arraro ugariren bizileku eta sostengu bilakatzen da; 1. Onddoa ( Ganoderma pfeiferi ); 2. Likena ( Lobaria pulmonaria ); 3. Arrabioa ( Salamandra salamandra ); 4. Intsektua ( Rosalia alpina ).
(Argazkia: 1-2-3-5. E. Arbelaitz; 4. A. Casís)
Moarratzearekin, zuhaitza orekatzeaz gain, hura indartzea ere lortzen da (sagarrondoak kimatzean gertatzen den bezala) eta moarratu gabeko zuhaitzak baino urte gehiago irautea lor daiteke. Burnham Beechesen, esaterako, tantai luzeko pagoak 250 urte arte bizi dira gehienez, eta moarratzen diren pago batzuek, berriz, 450 urte inguru dituzte. Moarratzearen ondorioz, adar gehiago garatzen dira enborraren goialdean eta horrek aukera ematen du izerdiaren fluxurako bide gehiago egoteko. Izerdi-garraioa bide askotatik gertatzen denean, zailagoa da onddoek eragiten duten usteltzea enbor guztira hedatzea, enbor independente gisa joka baitezake izerdi-bide bakoitzak.

Zenbait kasutan, berriz, arazoa inguruan dauden landare gazteak dira. Zuhaitz zaharrak izaki, oso sentikorrak dira ingurukoek egin dezaketen lehiarekiko, eta argitasun faltak erraz hil ditzake. Horrelako kasuetan, zuhaitz zaharraren inguruko landare gazte guztiak kentzen dira eraztun moduko bat eginez. Hala ere, pixkanaka egin beharreko lana da, eguzki-izpiek zuhaitzaren azala erre baitezakete. Hori saihesteko, ingurua pixkanaka garbitu behar da (zuhaitzaren inguruan eraztun moduko batzuk eginez), kanpotik hasi eta zuhaitzeraino iritsi arte.

Zuhaitz horien sustrai-sistema ere oso sentikorra da, eta lurraren gehiegizko zanpaketak zuhaitza hil dezake. Hori dela eta, sustrai-sistema babestu egin behar da, itxituak jarriz edota zuhaitzaren inguruan oztopoak ipiniz.

Enborraren konpartimentalizazioa. Enborraren goialdean adar ugari izanez gero, usteltzerik pairatu ez duen zati bakoitzak modu independentean joka dezake.
E. Arbelaitz

Zuhaitz zaharren belaunaldi berriak

Esan bezala, zuhaitz zaharrak kultura baten ondare eta espezie mehatxatu ugariren habitata dira, eta, azken horien populazioak mantendu ahal izateko, zuhaitz zaharren ezaugarriak dituzten beste zuhaitz batzuk behar dituzte inguruan. Horrez gain, espezie horietako asko ez dira gai bide luzeak egiteko, eta, beraz, populazioak iraun dezan, gertu behar dituzte eurentzako habitat aproposak. Ikusi da hori lortzeko biderik azkarrena zuhaitz-landare gazteak moarratzea dela, eta, horretarako, ikazkinek egiten zuten moduan, hainbat pauso eman behar dira: lehenengo lepatu egin behar da zuhaitz gaztea eta, ondoren, moarratze-ziklo batean sartu behar da.

Hala ere, zuhaitz moarratu gazteak espezie horientzat egoki izatera iritsi arte, urte asko igaroko dira, eta, belaunaldien arteko salto hori gainditzeko, orain dauden zuhaitz zaharrak bizirik mantentzen saiatu beharko litzateke.

Zuhaitz zaharren banaketa Europan eta Euskal Herrian

Garai batean zuhaitz bakarra izan zen, baina egun bi zuhaitzek bezala jokatzen dute.
E. Arbelaitz
Europa guztira hedatu da zuhaitz zaharrak kontserbatu behar direlako ideia, baina ezin da esan zuhaitz mota horien banaketa zabala denik. Hainbat herritan topa ditzakegu, dentsitate oso desberdinetan: Norvegia, Suedia, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia... Hainbat arrazoirengatik landu ziren zuhaitz haiek: egurretarako, hostoak animalien bazka gisa erabiltzeko, fruituak lortzeko etab. Zuhaitz haiek agertzen diren eremu gehienak Natura 2000 Sarean barneraturik daude herrialde gehienetan, eta, aldiz, Euskal Herrira iritsi berria da ideia hori. Azken datuen arabera, haritz moarratu gehienak Ingalaterran daude, baina pago moarratu dentsitate handiena Euskal Herrian dago. Gure lurraldean oso banaketa zabala dute zuhaitz horiek, eta, gutxi edo asko, edonon aurki ditzakegu.

Hala ere, zuhaitz zaharren dentsitate handiko guneak garrantzitsuagoak dira zuhaitz isolatuak baino, betiere arriskuan dauden animalia zein landareen ikuspuntutik. Izan ere, zuhaitz ugari egoteak txoko ugari izatea bermatzen du, mikrohabitat zehatzak behar dituzten mikroorganismoek populazio iraunkorragoak garatzeko aukera gehiago dituzte, aldaketen aurrean zuhaitz- multzo batek babes handiagoa ematen du isolatu batek baino eta zuhaitz-talde batek iraganaren inguruko informazio gehiago ematen du zuhaitz bakar batek baino.

Hori guztia dela eta, Euskal Herrian ditugun zuhaitz zaharren multzo hauei beste begi batzuekin begiratzeko aukera dugu. Hain dentsitate handia edukitzeak aukera garrantzitsua ematen digu Europako beste herrialde askoren aurrean, probak eginez ikasteko aukera.

Lehenengo bietan pago gaztea lepatzen (Miel Barriola, Leitza). Besteetan pagoa moarratzen (Patxi Astibia, Leitza).
(Argazkia: E. Arbelaitz)

Eskerrik asko, Iñaki eta Arturo, mundu honetan sartzeko aukera emateagatik.

Bibliografia
Aseginolaza, Carlos.
Oiartzungo natura.
Mugarri. Oiartzungo Udala. 2000.
----
Aragón, Alvaro.
El bosque guipuzcoano en la Edad Moderna: aprovechamiento, ordenamiento legal y conflictividad.
Aranzadi Zientzi Elkartea. Donostia. 2001.
----
Read, Helen.
Veteran trees. A guide to good management.
English Nature. London. 2000.
----
Read, H., Forfang, A.S., Marciau, R., Paltto, H., Andersson L. Tardy, B.
Tools for preserving woodland biodiversity. Textbook 2.
Naconex (Nature Conservation Experience Exchange). (ed.) 2001.
----
www.ancient-trees.org.uk
Arbelaitz Ubegun, Estibaliz
3
219
2006
4
035
CAF-Elhuyar sariak; Botanika; Ekologia; Historia
Dosierra
15

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.