Nazio Batuen arabera, basamortutzea arazo benetan larria bihurtu da mundu osoan. Antartikan izan ezik, kontinente guztietan ari dira gertatzen basamortutze-prozesuak. Klima hezea den lekuetan ere, lurra emankortasuna galtzen ari da. Eta, gehienetan, giza jardueraren ondorioz ari da gertatzen galera hori.
Orain dela gutxi arte, eremu lehorretan bakarrik zirudien kezkagarria lurra agortzeak. Leku horietan lurra bereziki kaltebera da; erraz galtzen da, eta zaila da leheneratzea. Gainera, ur-eskasiarekin lotuta egoten da, eta horri guztiari populazioaren hazkundea gehitzen bazaio, emaitza pobrezia da.
Horretaz jabetuta, basamortutzeari aurre hartzeko hainbat egitasmo jarri dituzte martxan nazioarteko erakundeek zein tokian tokikoek. Batik bat lurra erabiltzeko modua aldatzean oinarritzen dira, horrexek eragin baitu toki askotan lurra galtzea edota antzutzea, era desegokian erabiltzeak edo neurriz kanpo ustiatzeak, alegia.
Esaterako, basoak suteen bidez soiltzeak, leku berean komeni den baino ganadu gehiago edukitzeak, baratze ureztatuak horretarako aproposak ez diren tokietan jartzeak... horiek denek lurra antzutzea eragin dute eremu zabaletan. Adibide esanguratsuenak Afrikan, Asiako zenbait alderditan eta Australian daude.
Orain, lurra beste era batera landuta eta erabilita, kalte horiek konpontzea espero dute, edo, behintzat, ez zabaltzea arazoa lurra oraindik emankorra den lekuetara. Horretarako, ezinbestekoa da lurra eta ura bateratuta kudeatzea, baliabide ez-berriztagarriak direla kontuan hartuta.
Nazio Batuek neurri horien garrantzia nabarmendu zuten iaz kaleratu zuten Ekosistemak eta giza ongizatea lanaren barruan, basamortutzeari buruzko atalean. Horrekin batera, aipatu zuten basamortutzea gelditzeko benetan baliagarria dela lurraren estalki berdeari, hau da, landaretzari, eustea.
Gainera, azaldu zuten nekazaritza eta abeltzaintza bateratzea eta elkarrekin aurrera eramatea lurrarentzat mesedegarria dela eremu subheze lehorretan eta erdiaridoetan. Hain zuzen, abereen gorotzek lurra ongarritzen dute, eta, bestetik, lurrari mesede egiten dio ohiko laboreak abereentzako bazkarekin txandakatzeak.
Horretaz guztiaz gain, eman zituzten bestelako irtenbideak ere. Irabaziak ematen dituzten eta, aldi berean, lurra hainbeste agortzen ez duten beste ekoizpen batzuk martxan jartzea gomendatu zuten.
Adibidez, leku lehorretan egonagatik, zenbait ekoizle txikik irabaziak lortu dituzte turismoarekin, negutegiko nekazaritzarekin edota arrain-haztegiekin --uraren lurruntzea eragozteko plastikoz estalita--. Izan ere, beraien mesederako erabili dituzte lekuko kondizioak, hala nola beroa, intsolazio-orduak, konpetentziarik eza...
Noski, lur lehorretatik kanpo edota hirietan bizitzeko aukera emateak ere laguntzen du basamortutzea prebenitzen, eta Nazio Batuek behin baino gehiagotan ohartarazi dute txostenean merkeagoa eta errazagoa dela prebenitzea basamortutzen hasia dagoen lurra leheneratzea baino.
Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, UNESCOk, egitasmo interesgarri bat du basamortutzea borrokatzeko. Hau da: herri-jakiturian oinarrituta, basamortutzeari aurre egiteko estrategiak garatzea.
Hala, basamortutzea eta lurraren degradazioa borrokatzeko Nazio Batuen hitzarmenean (UNCCD, 1998), tradiziozko 78 teknika biltzen dira. Horietako batzuk uraren erabilerarekin daude lotuta, beste batzuk lurraren emankortasuna areagotzearekin, edo landaretza gordetzearekin, basogintzarekin, haizearen edo uraren higaduraren aurkako borrokarekin... Azkenik, gizartearen antolamenduarekin eta arkitekturarekin eta energiarekin erlazionatuta daude beste hainbat.
Teknika horiek sekulako garrantzia eta balioa dutela aitortzen du UNESCOk. Haren ustez, sarritan, gaur egungo teknologiek era bereizian eta espezializatuan egiten dute lan, eta emaitzak berehalakoak izatea espero du. Kanpoko baliabideak erabiltzen dituzte, eta garestiak dira; gainera, lekuko jendea kanpoko hornitzaileen mende jartzen dute.
Aldiz, herri-jakituriari esker, leku kalteberak mendetan ustiatu dira agortu gabe. Herri-jakituriak teknika tradizionalak erabiltzen ditu, baina teknika horiek ez dira metodo edo prozedura soilak, balio etikoak eta estetikoak dituzte. Horren adibide dira Afrikako herri askoren ura biltzeko sistemak: egitura teknikoak izateaz gain, ederrak ere badira.
Arteak, naturak, teknikak eta pertsonek bat egiten duten adibide gehiago badaude; kasurako, Saharako emakumeen ile-orrazkeran ikus daitezke ura banatzeko sistemak sortzen dituen irudiak.
Alderdi espirituala edo sakratua ere aintzat hartzekoa da; esate baterako, Afrikako zenbait basok hango biztanleentzat sakratuak direlako iraun dute. Antzeko zerbait esan daiteke Euskal Herriko zenbait mendi-tontorrez: kasu batzuetan, oraindik antenarik edo bestelako instalaziorik ez badute, jende askok horren aurka egin duelako da, leku sakratutzat baititu nolabait.
Horrenbestez, teknika tradizionalak biltzeko eta aztertzeko ahalegina egiten ari da UNESCO, hortik ikasteko eta etorkizunean jakituria hori basamortutzearen aurkako borrokan erabiltzeko.
Dena dela, tradiziozko teknikei egiten zaizkien kritikak ere aztertu ditu UNESCOk. Batetik, oso lokalak eta mugatuak izatea egozten zaie. Eta, berez, hala dira, tradiziozko teknika bakoitzak egoera zehatz bati ematen baitio irtenbidea. Horrek ez du esan nahi, ordea, ezin direnik beste inon erabili; egongo dira antzeko egoera duten tokiak, eta agian han baliagarriak izango dira beste leku bateko teknikak.
Beste batzuen arabera, gaur egungo teknologien aldean, tradiziozkoak ez dira ez lehiakorrak ez hain eraginkorrak. Baina askotan frogatu izan da erabiltzen den lekurako irtenbide egokiena ohituraz erabili izan den huraxe dela.
Adibidez, Marokoko Ziz eskualdean, ar-Rachidiya urtegia egin zuten arte, hango biztanleek nekazaritza nomada egiten zuten, ur-eskasia gainditzeko. Baina urtegiak nahiko ur izatea bermatzen zienez, bizimodu hura alboratu eta hiri bat egin zuten. Orain, zailtasun handiak dituzte hiritarren egarria asetzeko, eta are handiagoak nekazaritzan aritzeko. Antzekoa gertatu da Aljerko Béchar eskualdean. Han ere, urtegia egin zutenez geroztik, nekazaritza-lurrak basamortu bihurtu dira.
Beste kritika batzuk ere egiten dizkiete tradiziozko teknikei, hala nola Hego-hemisferioan bakarrik erabiltzen direla, eta teknologiaren aurka daudelako eusten dietela betiko ohiturei. Aitzitik, UNESCOk garbi du ez bata ez bestea ez direla egiak.
Nolanahi ere, basamortutzearen aurka Nazio Batuek bultzatzen dituzten egitasmoak teknologia berrienak ezagutzen dituzten teknikariek diseinatu dituzten arren, sarritan tradiziozko tekniketan oinarritu dira. Hurbileko adibide bat? Laidako dunak leheneratzeko egin dituzten lanean artean, hareari eusten dioten espezieak landatu dituzte, dunak egonkortzeko. Hareazko basamortuetan egiten duten bezalaxe, hain zuzen.