Mila eta bat Sahara

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Irudi erromantikoa du Saharak. Munduko paisaiarik ederrena da batzuen ustez. Eta, ederra izateaz gain, munduko basamortu guztien eredu ere bada. Horregatik ez da harritzekoa basamortu hitza entzun orduko Saharako eremu lehorrak eta hareazko itsasoa etortzea gogora. Baina Sahara hareazko itsaso amaiezina baino gehiago da. Saharak mila eta bat aurpegi ditu.

Mila eta bat Sahara
2006/06/01 | Rementeria Argote, Nagore | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: G. Lasa)

Basamortu itzela da Sahara . Zentzu guztietan da itzela: munduko basamortu handiena da, beroena, lehorrena... Hor barneratzeko oso ausarta izan behar da. Onena karabanan joatea. Izan ere, egarriaren lurraldean barneratzeko, horrela esaten diete putzu eta oasietatik urrun dauden eremuei, hobe taldean.

Karabana izan da basamortuko garraio-modurik ohikoena eta seguruena. Auskalo zenbat esklabok, urrek eta luxuzko gaik zeharkatu duten Sahara karabanan. Merkataritzaren oinarria izan da beti. Eta merkataritza oso aspaldikoa da basamortuan.

Lehenengo karabana handiak VIII. mende aldera izan zirela uste dute historialariek. Baina ez dago garbi noiz zabaldu ziren merkataritza-bideak Saharan; izan ere, aztarnak oso urriak dira. Esate baterako, Saharaz hegoaldeko hirietan aurkitutako apaingarri batzuk Marokoko meategietako kobrez eginak daudela ikusi dute. Datazioaren arabera, apaingarri horiek K. a. 400. urtekoak dira. Eta garai hartako idatziak ere badira. Herodoto erromatarrak, esate baterako, basamortuan espedizio bat egin zuen berbereen laguntzarekin, eta, besteak beste, zenbait giza talderen arteko salerosketak deskribatu zituen.

Merkataritzarako tradizioa oso handia da Saharan eta inguru osoan. Diotenez, hamabi mila gameluko karabanak osatzera iristen omen ziren garai batean. Eta bide batez esan behar da gamelua bera ere merkataritzari esker iritsi zela Saharara. Izan ere, jatorriz ez da hangoa, Arabia aldetik ekarri zuten. K. a. VI. menderako Egipton sartua zuten, baina K. o. III. mendera arte ez zen zabaldu Sahara osora. Gamelu-karabana handi haiek aspaldiko kontuak dira, ordea. Merkataritzak gainbehera izan du, eta, gaur egun, karabanak txikiagoak eta urriagoak izaten dira. Eta, pixkanaka, gamelu-karabana kamioiak ordezkatu du zama handiak eramateko.

Harea eta galda bizia baino gehiago

Zibilizazio handiak izan dira Sahararen inguruan, gizon-emakumeak inguru latz horretara egokitu diren seinale.
A. Lasa

Garraiobidea dena dela, basamortuko nomadek komertziorako zein leku batetik bestera joateko erabiltzen dituzten bideak azken milaka urteetan erabili izan dituzten berberak dira. Trafiko handieneko bideei basamortuko autobide esaten diete. Bide horiek basamortua alderik alde zeharkatzen dute, oasi edo putzu batetik bestera doaz. Leku horietan, merkatariak, bidaiariak edo nomadak aukera du ura eta atsedena hartzeko.

Oasia atsedenleku eta bidea hareazkoa. Karabana imajinatzean burura etortzen den paisaia hareaz estalitako lurralde amaigabe bat da. Baina errealitatean paisaia aberatsagoa da. Oso egitura geomorfologiko desberdinak daude Saharan: mendi-lerroak (Atlas, Tibesti eta Ahaggar, esaterako), ibai-arro lehorrak, sakonera txikiko lakuak, reg lautada harritsuak, erg hareazko dunak, hammada goi-lautadak... Izan ere, erg, reg eta hammada bezalako izenek Saharan dute izana.

Basamortuko egitura ezagunenak dira erg eta reg deiturikoak. Haizearen eta uraren eraginez sortzen dira, eta hammada delakoetan dute jatorria, erosioak biluztutako mendate inguruko harrizko goi-lautadetan, alegia. Euri-jasa denean (basamortuan ohikoak izaten dira), ura lautadan zabaltzen da zirrikituetatik bidea eginez. Uholdeak harriak eta lohia eramaten ditu beherago dauden lurraldeetara; eta horrela sortzen da reg-a, harriz jositako eremu ia laua.

Reg-a higatu ahala, haizearen eraginez gehien bat, harea askatzen da. Harea hori erraz garraiatzen du haizeak, eta sakonune itxietan metatzen da. Milaka urtetako jardueraren ondorioz, harea metatzen joan da eta hareazko dunen eremu zabalak sortu dira, erg-ak, hain zuzen ere. Saharako erg handiena Libiako basamortua da --duna baten tontorrera igota, badirudi hareazko itsaso horrek ez duela amairik--.

Normalean, basamortuan ez dago urte osoan ur-emaria duen ibairik, baina, ibai-arroak inguru heze samarrak dira.
A. Lasa

Kontrasteen lurraldea

Bada, Libiako basamortua omen da munduko lekurik beroena. Inoizko tenperaturarik altuena Libiako erg-ean neurtu da, Azizija-n, hain zuzen: 58 ºC itzaletan. Oro har, eguneko batez besteko tenperatura 30 ºC-tik gorakoa da Saharan. Gauean, ordea, asko jaisten da tenperatura, neguan batez ere. Eguzkia ezkutatu orduko lurra beroa galtzen hasten da, eta, bero horri eusteko hodeirik ez dagoenez zeruan, zero azpiko tenperaturak ere izaten dira. Ez da txantxetakoa gorabehera termiko hori. Hogeita hamazortzi graduko gorabehera neurtu izan da ordu gutxitan (-0,5 ºC gauean eta 37,5 ºC egunez).

Dena dela, klima ez da homogeneoa Sahara basamortu osoan, eta bi eremu klimatiko bereizi ohi dira. Hala, hegoaldean klima tropikal lehorra dela esaten da eta iparraldean subtropikal lehorra. Bereizketa hori batez ere tenperaturari eta euriteei begiratuta egina dago. Iparraldea oso lehorra da. Hegoaldean, ordea, euria sarriago egiten du: Sahel deitzen dioten lurraldea basamortuaren eta sabanaren arteko trantsizio-eremua da.

Gameluak Egipton sartu zituzten lehenengo, eta, gero, Sahara osora zabaldu ziren.
MEC

Sabanan ez bezala, Saharan ez dago euri-sasoi garbirik; eta, oro har, euri gutxi egiten du. Kokagunea eta orografia dela eta, euri-hodei gutxi iristen da. Afrika hegoaldetik, kontinentearteko konbergentzia delakoaren eraginez, Sahararen hegoaldera zertxobait iristen da. Iparraldeko Saharak eragozpen handiagoa du: Atlas mendiek hesi-lana egiten dute ozeanotik datozen hodeientzat. Horrela, basamortuaren erdialdera hodeiak iristea oso zaila da. Horregatik, lurralderik lehorrena da. Urteak igaro daitezke euri-tantarik bota gabe, eta urteko batezbestekoa 0 eta 25 mm artean dago.

Euri gutxi egin arren, basamortuaren ia hondo guztian ura dagoela uste da. Ur hori gune jakin batzuetan azalera iristen da eta ur horri esker daude oasiak, adibidez. Dena dela, Sahararen erdialdean ugariak dira batere urik gabeko lurralde zabalak; eremu horiei tanezfouft deitzen diete, egarriaren lurraldeak dira.

Sabana oparotik eremu elkorrera

Lurralde lehorra da Sahara, zalantzarik gabe. Baina ez da beti horrela izan. Klima horrek bost mila urte baino ez ditu. Azkeneko izotz-aroan, esate baterako, Sahararen zati handi bat sabana aberatsa zen, gaur egun hammada-k direnak gehienbat. Aberastasun horren testigantza utzi zuten garai hartako giza taldeek. Krokodiloen, jirafa-multzo handien bobidoen eta ibaietan eta sabanan bizi ohi diren beste hainbat animaliaren irudiak daude Aljeriako Tassili n'Ajjer-eko petroglifoetan.

Oasiak itzala, jana eta ura ditu; paradisua da basamortu elkorrean.
A. Lasa

Historiaurreko gizon-emakume haiek irudikatutako oparotasunetik urrun dago gaur egungo Sahara. Lurra elkorra da, oso materia organiko gutxi du eta euri-eskasia dago. Hori dela eta, jende gutxi bizi da. Niloren arroa alde batera utzita, kilometro karratuko 0,4 lagun bizi da, gutxi gorabehera. Jendea ez da bizi basamortu osoan sakabanatua, noski. Ura dagoen tokietan pilatzen da: ibaien inguruan eta oasietan, batez ere.

Diotenez, gizakiak zeresana izan du ur-eskasian eta lurra emankorra ez izatea , ez da klimaren gorabeheragatik soilik gertatu. Akuiferoak larregi ustiatu ditu, mendeetako ureztapenak gazitu egin ditu lurrak, eta ganaduak landareak jan ditu. Horrek basamortua hedatzea ekarri du. Hainbatek uste du Espainia hegoaldera iritsia dela Sahara. Euskal Herrira iritsiko ote da?

Sahararen mugak
Hedaduraz, Afrika iparraldearen bederatzi milioi kilometro karratu hartzen ditu gutxi gorabehera, eta urtero-urtero hazten ari da. Hori dela eta, ez da erraza datu zehatza jakitea. Gainera, neurketa egiteko erabiltzen den parametroaren araberakoa da neurri handi batean. Dena dela, muga geografikoetan guztiak daude ados, gainetik bada ere. Iparraldean Atlas mendikatea eta, batez ere, Mediterraneo itsasoa du muga nagusi, ekialdean ozeano Atlantikoa, hegoaldean Niger ibaiaren bailara eta Sudan, eta Itsaso Gorria ekialdean.
Bere baitan dira neurri batean edo bestean Maroko, Algeria, Tunisia, Egipto, Mauritania, Niger, Mendebaldeko Sahara, Txad eta Libia. Eta baita bi ibai handi ere: Niger eta Nilo, bailara aberatsen iturri.
Abentura ez baizik iraun beharra
Tuareg herriaren ikuspegi erromantiko bat bada, alde batera utzita, basamortuan alde batera eta bestera ibiltzea abentura itzela da. Baina errealitatea da herri horrentzat alde batera eta bestera ibiltzea ohitura eta, batez ere, beharra dela. Izan ere, merkataritzatik bizi dira batez ere: batean erosi eta bestean saltzetik. Mendeetan bizi izan dira horrela, eta, horri esker, basamortua beste inork baino hobeto ezagutzen dute.
(Argazkia: P. Sereno)
Lekua ezagutzeak, ordea, ez du arriskua uxatzen. Basamortuan erreferentzia gutxi dago orientatzeko, eta, oro har, izarrei jarraika egiten dute bidea. Baina erreferentzia hori gabe geratzen dira euri- edo harea-ekaitzak harrapatzen dituenean. Halakoetan, metro gutxitara dagoena ere ez da ikusten. Basamortuan galtzea arrisku larria da, ur-kantitatea ondo neurtuta eramaten dutelako. Oro har, putzu edo oasi batetik besterako biderako behar duten ura baino ez dute eramaten.
Tuaregak ikasiak dira basamortuan bizitzen. Orientatzeko sena ere ez dute makala. Baina ez bat eta ez bi, hamaika tuareg hil da basamortuan galduta.
Sahel, basamortu hezea
Sahararen inguruan Sahel esaten dioten lurraldea dago. Berez, basamortuaren inguru guztia hartzen du, baina, batez ere, Sahararen hegoaldera dagoen lurraldea adierazteko erabiltzen da.
Sahelen 150-500 milimetro euri botatzen du eurite-sasoian (udan), basamortu gordinean baino puska bat gehiago. Hala ere, basamortutzeko arrisku bizian dago. Klimaren eraginez da hori, alde batera bederen; izan ere, basamortuaren eta eremu tropikalen arteko trantsizio-lurraldea da. Eta azken urteetan izandako lehorteek basamortuaren alde jarri dute balantza. Hala ere, diotenez, gizakiak zeresan handia du arrisku horretan.
Sendagileak agronomoak baino lehenago iritsi zirela Sahelera esaten da. Txertoen eraginez, biztanleria asko hazi zen. Baina jende hark elikatu beharra zeukan, eta lur gehiago landu zituzten, ganadu gehiago hazi, putzuak zulatu, zuhaitzak moztu... Hitz bitan: gehiegizko ustiapena.
Hain da larria egoera ezen UNESCOk behatoki berezi bat osatu baitu: Sahara-Sahel behatokia. Jakintza-alor askotako jendearen lana batzen duen elkartze-gune bat da. Sahara basamortuaren baitan eta hegoalderago dauden herrialdeek indarrak batuta lan egitea du helburu, baliabide naturalak era jasangarrian kudeatzeko, besteak beste.
Rementeria Argote, Nagore
3
221
2006
6
041
Ingurumena; Geologia; Hidrologia; Ekologia; Geografia; Klimatologia; Giza zientziak
Dosierra
30

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group