Jose Luis Rubio: "Ingurune mediterraneoa oso aberatsa da, baina baita ikaragarri kaltebera ere"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Espainiako Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiak (CSIC) Valentzian duen basamortutzeari buruzko ikerketa-zentroko (CIDE) kide da Jose Luis Rubio ikertzailea. Hainbatetan, Espainiako ordezkaria izan da gaiari buruzko nazioarteko biltzarretan, eta, hain zuzen, Namibian egindako biltzar batetik etorri berritan elkarrizketatu dugu. Aipatu beharra dago lurzorua kontserbatzeko Europako erakundeko lehendakaria dela, besteak beste, eta sari ugari jaso dituela bere lanagatik.
Basamortutzeari buruzko CSICeko ikertzailea
Jose Luis Rubio: "Ingurune mediterraneoa oso aberatsa da, baina baita ikaragarri kaltebera ere"
2006/06/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Jose Luis Rubio, Namibiako biltzarrean.
J.L. Rubio
Zer ikerketa egiten dituzue CIDEn, basamortutzeari buruzko ikerketa-zentroan?

Hasteko, esan nahi nuke zentroa 1996an jaio zela, CSICen ekimenez. Orain Valentziako Unibertsitateak eta Valentziako Generalitateak ere parte hartzen dute, eta basamortutzeaz berariaz arduratzen den zentro bakarra da Europa osoan.

Ni lurzoruen degradazioaren eta kontserbazioaren saileko buru naiz, eta gure zentroan basamortutzea borrokatzeko ezinbestean ezagutu behar diren alderdiak ikertzen saiatzen gara.

Hala, lurzorua aztertzen dugu, noski, lurzoruaren eta uraren arteko erlazioa, eta baita lurzoruaren eta landarediarenaren artekoa ere. Poluzioa, gazitzea, higadura, suteak, lehorteak eta lurrari eragiten dioten bestelako prozesuak ere ikertzen ditugu. Bestetik, hazien bankua dugu, eta Mediterraneoko espezieen fenologia egiten dugu; hau da, aldizkako gertakizun biotikoak (loratzea, hostoak zabaltzea...) klimarekin erlazionatuta aztertzen ditugu.

Horretaz gain, lurzoru degradatuak leheneratzen ere egiten dugu lan, eta aholkua ematen dugu hemen inguruan, Espainia barruan, zein nazioartean. Lurzoruaren erabilera aldatzeak alderdi sozio-ekonomikotik zer eragin duen aztertzen dugu, eta, gainera, dibulgazioan ere aritzen gara.

Ez zaizue lanik falta, beraz. Are gehiago basamortutzea arazo gero eta larriagoa den garai hauetan...

Hala da, bai. Lehenik eta behin, komeni da garbi uztea basamortutzea zer den. 1998an, Basamortutzea eta lurraren degradazioa borrokatzeko hitzarmenean (UNCCD), Nazio Batuek definizio bat adostu zuten. Horren arabera, eremu arido, erdiarido eta subheze lehorretako lurzoruaren degradazioa da basamortutzea.

Definizioa bateratzea eta zehaztea mesedegarria izan da zertaz ari garen jakiteko, indarrak biltzeko eta aurrera egiteko. Izan ere, ordura arte, kontzeptu asko nahasten ziren, eta beste edozein lekutako lurzoruaren degradazioari ere basamortutze deitzen zioten batzuek. Ordutik, ordea, garbi dago basamortutzea zer den.

Ingurune mediterraneoak sekulako biotopo-aberastasuna du.
MEC

Hala, definizioa aintzat hartuta, ez da zuzena esatea Europako erdialdea basamortutzen ari denik, nahiz eta arazo handiak dituzten euri azidoa eta poluzioa direla eta. Gauza bera gertatzen da Euskal Herrian; degradazio-fenomenoak gertatzen badira ere, ez dago basamortutzeko arriskurik, klima ez baita lehorra.

Eta Iberiar penintsulan, badago basamortutze-arriskurik?

Tamalez, bai. Espainia Europako herrialde aridoena da, eta eremu mediterraneoak du arrisku handiena. Eremu hori, alde batetik, benetan aberatsa da, biodibertsitate handikoa. Baina, bestetik, kaltebera da oso; lurzoruak beste leku batzuetan baino askoz denbora gehiago behar du leheneratzeko, euri-faltagatik, batez ere.

Kontuan izan behar da Espainia lehorteen eta uholdeen herrialde bat dela. Muturreko egoerak dira, eta, hain justu, horretara egokitu beharrak sortu du halako biodibertsitatea.

Alabaina, aberastasun hori mehatxupean dago, eta kaltetzeko arriskua areagotu egin da klima-aldaketaren ondorioz. Eredu klimatikoen arabera, eremu mediterraneoan tenperaturak igotzen ari dira, gero eta euri gutxiago egiten du, eta muturreko fenomenoak areagotzen ari dira: haizealdi gogorrak, euri-jasak, bero-boladak... Eta etorkizunean joera hori indartu egingo dela aurreikusten dute ereduek.

Klimaren bilakaera ikusita, beraz, ez da harritzekoa kezkatuta egotea. Orain arte, ordea, behin-behineko neurriak bakarrik hartu izan dira, adibidez, lehorte gogorrei aurre egiteko eta horrelakoetarako. Baina horrek ez du ezer konpontzen, etenik gabeko lana egin behar da. Eta hori baino lehen, informazioa bildu behar da, oraindik ez baitakigu ondo nolakoa den ekosistema mediterraneoa.

Gainera, azkenaldian gizakiak gero eta presio handiagoa eragiten du ingurunean. Turismoak, suteek, uraren erabilera ez-jasangarriak, hirigintzak, klima-aldaketak ikaragarrizko eragina dute lurzoruan, eta orain hasi gara ikusten horren ondorioak. Baina ez da azterketa jarraiturik egin.

Hutsune hori bete eta aurrerantzean zer egin ikertzen ari zarete, hortaz.
Eskuinean Jose Luis Rubio, Europaren iparraldeko lurzoruaren arazoei buruzko Tartungo biltzarrean
2005, Estonia
(Argazkia: J.L. Rubio)

Hori da. Basamortutze-prozesuak konplexuak dira, askotan fenomenoak gainjarri egiten dira eta elkarrekin erlazionatuta daude. Nolanahi ere, ezinbestekoa da prozesuak zientifikoki aztertzea, degradatutako lurzoruak leheneratzeko argibideak eman ahal izateko eta gobernuei aholkua emateko. Hori da gure lana.

Dena den, nire ustez behar-beharrezkoa da gizarteak jarrera aldatzea, ez baita behar adina arduratzen ingurumenaz. Jendea ez da konturatzen zenbateko balioa duen lurzoruak. Ez da jabetzen lurzorutik ateratzen dugula janarien % 90, uraren zikloa betetzeko ezinbestekoa dela...

Esate baterako, suteak udako protagonistak bihurtzen dira komunikabideetan, baina inor gutxi ohartzen da sute batean ehunka urtetan metatutako energia galtzen dela minutu batzuetan, eta are gutxiago lurzoruak biziari eusteko gaitasuna galtzen duela. Sutearen eta higaduraren eraginez lurzorua desagertzen bada, ez dago atzerabueltarik. Hori arazo benetan larria da penintsulan, baina jendea udan bakarrik gogoratzen da suteekin.

Eta, suteez gain, higadura, gazitzea eta bestelako fenomenoak daude. Premiazkoa da jendea arazo horietaz ohartaraztea, zer arrisku dagoen jabetu dadin, eta jarrera aktiboa har dezan. Ezinbestekoa da basamortutzeari aurre egiteko.

Edonola ere, pixkanaka ari gara pausoak ematen. Adibidez, Europako Batasuna lurzoruari buruzko arteztaraua prestatzen ari da. Lehen atmosferaz eta uraz arduratu da, eta orain lurzoruari iritsi zaio txanda. Seguru asko 2007an aterako da, eta oso baliagarria izango da basamortutzearen aurkako neurri eraginkorrak hartzeko.

Basamortutzearen aurkako neurriei dagokienez, oso interesgarria iruditu zait UNESCOk tradiziozko teknikak aintzat hartzea.

Alde horretatik, Espainiak sekulako altxorra dauka. Ez dut esango iraganeko guztia ona denik, inola ere ez. Baina harrigarria da zenbat modu asmatu diren erortzen den ur-tanta bakoitza aprobetxatzeko, hala nola uharretako ura erabiltzeko, teilatura eroritako ura biltzeko...

Terrazak edo mendi-magaletan egindako baratze-mailak adibide egokia dira. Nekazariek antzinatik erabili dute teknika hori nekez landu daitezkeen maldetan landatzeko, eta gaur egun, terraza asko utzita badaude ere, egiturazko funtzioa dute. Askotan, landaretza basatiak hartu ditu, eta maldari eusten laguntzen dute. Baina jaramonik egiten ez bazaie, arriskua dago tanta hotzek eragindako uharrek dena behera botatzeko, domino-efektuaren bidez.

Nekazariek antzinatik egin dituzte terrazak mendi-magaletan landatu ahal izateko.
N. Souto

Hain justu, Valentziako zonalde bateko terrazei buruzko tesi bat zuzentzen ari naiz orain. Noiz, nola, nork, zergatik eta zertarako egin zituzten ikertzen ari dira, eta, nire ustez, horrelako lanak oso garrantzitsuak dira. Ingurumen- eta kultura-ondare hori aztertu beharko litzateke; izan ere, teknika horietako batzuk bat datoz inguruarekin, ez dute input artifizialen beharrik, eta eskulana inguruko jendeak egiten du.

Bukatzeko, zein dira zuen laneko zailtasun handienak?

Gaur egun garai batean baino baliabide gehiago baditugu ere, eragozpen handiena jendearen jarraipen-falta da. Beka-sistemak ez du inolako erraztasunik ematen lan batean hasi den pertsonak lan horretan jarraitzeko, eta hori eragozpen handia da guretzat.

Bestetik, kanpoan lana egitea laborategian aritzea baino zailagoa da. Hala eta guztiz ere, metodologian bidea egiten ari gara.

Amaitzeko, Espainian dagoen zientzia-tradizio eskasa eta jendeak ingurumen-gaiekiko duen axolagabekeria aipatuko nituzke. Hor lan handia dago egiteko oraindik.

Galarraga Aiestaran, Ana
3
221
2006
6
044
Elkarrizketak; Ingurumena; Geologia; Ekologia; Nekazaritza
Dosierra
47
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila