Adi! Argia joan da!

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Adi! Argia joan da!
2009/09/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Malagan gertatutako itzalaldi bat. Ikus daitekeen bezala, argazkiak jasotako eremuaren zati bat bakarrik gelditu zen argirik gabe. Banaketa-sarean ezbeharren bat gertatzearen ondorioak izaten dira.
Ray Tibbitts

Bat-batean iluntasuna nagusitu da etxean. "Hara! Argia joan da!" pentsatu, eta esku-argiaren edo kandelaren baten bila abiatzen gara, etxean non gabiltzan jakiteko, eta inon behaztoparik ez egiteko. Zain gelditu beste aukerarik ez dugu, argia itzuli artean.

Guk behingo gertaera gisa hartzen dugu. Elektrizitate-sarea kudeatzen dutenentzat, ordea, konpondu beharreko larrialdi bat da edozein itzalaldi, eta protokolo bati jarraitzen diote elektrizitate-hornikuntza lehenbailehen leheneratzeko.

Simulazioak egiten dituzte aldian-aldian, larritasun-egoera posibleetan erreakzio-denbora eta eraginkortasuna hobetzeko. Muturreko larrialdiak ere simulatzen dituzte, argi izateko zer eta nola egin, adibidez, estatu oso bat argirik gabe gelditzen bada. Muturreko egoera horretan, lehenengo lana da segurtasun-egoera berreskuratzea. Horretarako, Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluko arduradunei eman behar zaie lehenik gertatutakoaren berri, ahalik eta arrisku txikienarekin geldi dezaten zentral nuklearretako elektrizitate-sorkuntza.

Oso garrantzitsua da hornikuntza eteten denean elektrizitate-sorkuntza ere gelditzea: ez baldin badago elektrizitate hori kontsumituko duen ezer, elektrizitatea sortzen ari diren tresnak berotu egiten dira, eta berotzeak oso arazo larriak eragin ditzake instalazioetan, eta bereziki larriak zentral nuklearretan.

Segurtasuna bermatzeaz gainera, hornikuntza osoa berrezarri behar da. Lan hori pixkanaka egin behar izaten da, une bakoitzean berdinak izan daitezen sortzen ari den eta kontsumitzeko beharrezkoa den elektrizitate-kantitatea.

Oso modu koordinatuan eta sinkronizatuan egin beharreko lana da, desorekaren bat gertatzen bada beste elektrizitate-etenaldi batzuk gerta daitezke eta. Linea jakin bati konektatutako kontsumoa asko handituko balitz, linea hori neurriz gain kargatuko litzateke, eta jasan dezakeena baino korronte gehiago pasatuko litzateke. Gehiegizko korronte horrek transformagailuren bat, kableak edo sareko beste osagairen bat erre lezakeenez, babesak jartzen dira: korronte-maila jakin batetik gora, babesak aktibatu egiten dira eta elektrizitatea eten egiten da. Etxeko diferentzialen antzera.

Sorkuntza kontsumoa baino handiagoa balitz, berriz, arazoak sareko tentsioarekin egongo lirateke: tentsioak beti tarte jakin batzuetan egon behar duenez, neurriz gain igotzeak beste babes-sistema batzuk jarriko lituzke martxan, eta beste itzalaldi bat gertatuko litzateke.

Adarkatuta egotea, funtsezkoa

Simulazioak simulazio, errealitatean oso zaila da estatu mailako itzalaldiak gertatzea; bai, behintzat, Espainian eta Frantzian, elektrizitate-sarea oso-oso adarkatuta baitago bi herrialdeotan. Garraio-sarea dago bereziki adarkatuta, hau da, elektrizitate asko sortzen duten instalazioetatik elektrizitate hori kontsumituko den eremuetara garraiatzen duen sarea. Elektrizitatea sortzen duten instalazio asko daude, eta elkarri lotuta daude batzuetatik eta besteetatik ateratzen diren lineak. Hortaz, baten batek huts egiten badu, beste zentraletako sorkuntzarekin asetzen dute elektrizitate-beharra.

Badaude, dena den, gureak bezain adarkatuta ez dauden sareak, eta, hortaz, tarteka arazo larriak izaten dituzte. Adibidez, Italiak nahiko sare zaurgarria du, batetik, ez dagoelako oso adarkatuta, eta, bestetik, elektrizitate asko kanpotik ekartzen duelako; besteak beste, bi linea garrantzitsu jasotzen ditu Frantziatik eta Suitzatik.

Bada, 2003an, Italiaren zati handiena argirik gabe gelditu zen, Suitzan gertatutako ezbehar baten ondorioz. Suitzako lineak huts egin, eta ezer garraiatu ezinik gelditu zen. Egoera horretan, Frantziako lineatik pasatu behar izan zuten beharrezko elektrizitatea. Eta, jakina, linea hori korronte jakin bat pasatzeko diseinatuta dagoenez, gainkarga dela eta, hark ere huts egin zuen.

Banaketa-sarean, ohikoagoak

Garraio-sareko huts-egiteen eraginez nekez gerta daiteke gurean Italian gertatutakoa bezain itzalaldi handirik. Eskala txikiagoan, dena den, izaten ditugu noiz edo noiz. Banaketa-sarean gertatu ohi dira itzalaldi gehienak, alegia, azpiestazioetatik elektrizitatea kontsumitzaileengana eramaten duten lineetan. Linea horiek ez dira hain adarkatuak izaten, eta ezbeharren bat gertatzen bada, orduan bai, elektrizitatea ezin iritsi gelditzen da.

Batez ere ekaitzek eragiten dituzte gurean itzalaldiak, zuhaitzen bat linearen baten gainean erori delako, haizeak dorreren batean kalteak eragin dituelako edo lurrera bota duelako, tximistaren batek linearen batean jo duelako eta abar. Horrelakoetan, oso ohikoa izaten da auzune bat, herri bat edo herri-multzo bat argi gabe gelditzea. Milaka erabiltzaile izan ginen horrelako adibide baten lekuko urtarrilean, ziklogenesi lehergarria izan genuenean.

Ezbehar txiki horiek konpontzea eta elektrizitate-hornikuntza berrezartzea ez da oso lan zaila izaten, normalean sare horietan ez delako inolako sorkuntzarik egoten, eta, hortaz, ez delako aipatutako sinkronizazioa pixkanaka egin behar. Hori bai, gertatutako matxura konpondu arte, hainbat eta hainbat eskualdek argirik gabe moldatu behar dute.

Lakar Iraizoz, Oihane
3
256
2009
9
024
Energia; Elektronika; Teknologia
Artikulua
46

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.