Nondik datorkigu elektrizitatea?

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Etengailuari eman, eta lanpara berdin-berdin pizten da Iruñean, Bilbon edo Baionan. Bonbilla goritzen duen elektroi-fluxuak, ordea, oso jatorri desberdina du hiru kasuetan. Iruñeko etengailuetara heltzen denak iturri berriztagarrietan du sorburua, nagusiki; Bilbokoetara joaten denak, berriz, erregai fosiletan, gasean; eta Baionarat arribatzen denak, azkenik, erreaktore nuklearretan. Hiru administrazio eta hiru eredu. Elektrizitatea sortzeko estrategia nagusien bilgunea da Euskal Herria.

Zuzenak izateko, gezurrezko irudia da hori, elektrizitatea ez delako bertan sortu eta kontsumitzen. Elektrizitate-sareek gainditu egiten dituzte administrazioen mugak, eta, beraz, ezin dugu zehatz-mehatz jakin non sortu den Iruñean, Bilbon edo Baionan kontsumitutako elektrizitatea. Hala ere, irudiak balio digu eskualde bakoitzaren sorkuntza-eredua ulertzeko.

Ereduen artetik, Nafarroakoa da eredugarrien jotzen den estrategia: gaur egun, Nafarroan kontsumitzen den elektrizitatearen % 40 aerosorgailuetatik dator, eta, horrenbestez, Europako Batasunak 2020rako jarritako helburuen gainetik dago dagoeneko. Alabaina, Nafarroak horrenbeste eoliko instalatu ahal izan badu sare zabalago bati lotuta dagoelako izan da, besteak beste. Izan ere, energia eolikoa eta fotovoltaikoa bultzatzea eta sareratzea ez da sorkuntzaren paradigma-aldaketa soila. Bi elektrizitate-iturri horiek ez dute sorkuntza-tasa konstantea, eta oso egonkorra behar duen sare batean txertatzeak mugak ditu: sareak egun duen egiturarekin, % 40an dago jarrita maximoa; hain zuzen ere, Nafarroak erdietsi duen horretan.

Edozein kasutan, benetako muga ez da teknikoa —sarea teknikoki egokitzeko bitartekoak badaude—. Politiko-ekonomikoa da; zer estrategia energetikoren alde egiten den. Eta, oraingoz, ez du ematen aldaketa handirik egongo denik euskaldunon etengailuetara iristen den elektroi-fluxuaren jatorrietan. Nafarroak % 50 handitu nahi du berriztagarrietan instalatutako potentzia; Euskal Autonomia Erkidegoan stand by daude zentral eolikoak instalatzeko proiektuak, eta Iparraldean Frantziaren energia nuklearraren mende segituko dute. Ezaugarri batean gara guztiok berdinak: kontsumoa gora doa toki guztietan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila