Yentl sindromea ez da egiazko sindrome bat, bai fenomeno larria, ordea. Bernadine Healy medikuak, The Yentl Syndrome izenburupean, salatu zuen gaixotasun kardiobaskularren bat zuten emakumeek, sarritan, diagnosi eta tratamendu desegokiak jasotzen zituztela. Film bateko protagonistaren omenez jarri zion delako sindromeari Yentl izena. Filmean, Yentlek Talmud ikasketak egin nahi zituen, juduen arau eta ohituren ikasketak, alegia. Baina, emakumea izaki, galarazia zuen eskola hori, eta mozorrotu, eta gizonezko-plantak eginez soilik lortu zuen gizonezkoen aukera bera edukitzea.
Zer zerikusi du film horrek gaixotasun kardiobaskularrekin? Bada, Healyk honako lotura hau egin zuen: bihotzeko infartua izan zuten emakumeak aldez aurretik ondoeza sentituta ospitalera joaten zirenean, osasun-profesionalek ez zuten antzematen bihotzeko arazoa zenik, ez infartua gertatu arte behintzat. Izan ere, kardiologiako eskuliburuetan bihotzeko anginaren sintoma tipiko gisara sailkatutakoak gizonekin soilik egindako ikerketetatik eratorriak ziren. Baina bihotz-zainen anatomia desberdina da gizon-emakumeetan, eta baita sintomak ere. Hortaz, emakumeen ohiko sintomek ez zuten beti irizpide kliniko tipikoekin bat egiten, eta diagnosia nahasi egiten zuen horrek. Emakumeren batek gizonezkoen angina-min bertsua adierazten bazuen, aldiz, erraz diagnostikatzen zioten bihotzeko angina. Horrela konparatzen ditu, beraz, Healyk filma eta ospitaleetako egoera. Haren esanetan, gizon-itxura hartzean bakarrik lortzen zuten emakumeek, bi kasuetan, behar bezalako tratua —batean, gizon-arropak jantziz, eta, bestean, gizon-sintomak aurkeztuz—.
Editorial horren eskutik, bihotzeko anginaren sexu-ezberdintasunak argituz joan dira. Angina-mina bihotzeko gutxiegitasun koronarioa dagoenean izaten da, eta, gizonetan, besoetara zabal daitekeen bularreko min edota presioaren sentipen modura deskribatu ohi da. Emakumeek ez dute beti angina-mina izaten bihotzeko infartu baten aurretik, eta, pairatzen dutenetan, minaren ezaugarriak ezberdinak izan daitezke: bularreko eztenkadak eta lepora, matrailezurrera, eztarrira, toraxera edo bizkarraldera hedatzen den mina. Arnasestua ere ohikoa da bi sexuetan.
Hala ere, Yentl sindromeak bizirik dirau, eta bada sasoi betean dagoela esaten duenik ere. Bihotzekoen intzidentzia gizonetan handiagoa denez, gaixotasun maskulinotzat hartzen da oraindik, ahaztu egiten baita bi sexuetako heriotza-kausa nagusia dela. Fenomeno eta hutsune horiek medio, bihotzeko gutxiegitasuna duten emakumeen pronostikoa makurragoa da gaurko egunez. Izan ere, proba diagnostiko eta tratamenduak emakumeentzat ez dira gizonentzat bezain zehatzak, aurretiko esperimentuak, oro har, sexu arrarekin egin baitira. Zergatik arrekin soilik, baina?
Duela urte gutxi batzuk, uste zen ugalketa-sistemako zelulak soilik ezberdintzen zirela sexuaren arabera, gainerako zelula eta sistema biologikoak berdin-berdinak zirela emakume nahiz gizon izan. Gauzak horrela, esperimentuak arrekin egiteak nahikoa zirudien, ziurtzat hartzen baitzen emeetan ere emaitza berberak izango zirela. Orain, badakigu zelula orok duela bere jabearen sexua, eta ugalketa-sistemaz gaindiko ezberdintasun ugari dagoela. Adibidez, emeen immunitate-zelulek indartsuago erantzungo dute bakterio baten aurrean, eta errazago ezabatuko dute. Bestalde, berezko immunitate-erreakzio handi horrek badu bere alde txarra ere. Artritisaren eta esklerosi anizkoitzaren moduko gaitz autoimmune gehiago dute emakumeek; gaixotasun horietan, defentsek norberaren gorputzari erasotzen diote. Emakumeek depresio-intzidentzia handiagoa izateak ere badu loturarik immunitate handi horrekin, defentsen etengabeko aktibitateak garuneko gune emozionalak kaltetu ditzakeela uste baita. Minbiziaz hiltzeko arriskua, aldiz, 1,6 bider handiagoa da gizonezkoetan. Azken horren zergatia ez badakigu ere, mekanismo antioxidatzaile ezberdinak eta immunitate-sisteman eta hormonetan dauden sexu-ezberdintasunak iradoki dituzte ikertzaileek.
In vitro ikerketetan ere, hau da, animaliarik erabili gabe zelula hutsekin egindako ikerketetan, aurkitu dira sexu-ezberdintasunak. Neurona emeek, esaterako, arrek baino bi bider azkarrago asimilatzen dute dopamina, mina eta plazera erregulatzen dituen mezularia. Gainera, neurona ar eta emeek ezberdin jokatzen dute apoptosi-garaian, hots, zelulen hiltze-prozesuan. Muskuluetatik eratorritako zelula amei dagokienez, zelula ama emeak iraunkorragoak dira, eta gaitasun handiagoa dute muskulu eskeletikoa birsortzeko. Bestalde, emeen gibeleko zelulek CYP3A gene gehiago dute. Azken ezberdintasun hori berebizikoa da, gaur egun merkatuan dagoen farmako askoren metabolizazioan parte hartzen baitu gene horrek. Ildo horretatik, emakumeek farmakoen ondorio kaltegarriak jasateko % 50-75 arrisku handiagoa dute. Aurreko datuak ikusita, zaila da ulertzea zergatik ez diren egiten esperimentuak emeekin ere. Baina, jarraian ikusiko dugun moduan, bada zientzia-komunitatean sakon errotutako ideia bat emeak esperimentuetatik baztertzea ekartzen duena, eta hilerokoarekin du zerikusia.
Zenbait ikertzaileren esanetan, ikerketetan emeak gehitzeak esperimentuen metodologia korapilatu eta emaitza sendoak lortzea eragotziko luke, sagu emeak aldakorragoak baitira. Aldakortasun hori ziklo estralak —gizakion hilerokoaren baliokidea— berezko dituen gorabehera hormonalei egotzi zaie. Ikerketen konplexutasuna areagotzeaz gain, emeen erabilerak esperimentuak garestituko lituzkeela ere iradoki da, lanordu gehiago beharko liratekeelako une oro ziklo estraleko zein fasetan dauden zehazteko, eta sagu eme asko erosi beharko liratekeelako zikloaren arabera taldekatu ahal izateko.
Aitzitik, 2014an AEBn arraza ezberdinetako saguak kontuan hartuz egindako analisi erraldoi batek erakutsi zuenez, emeak ez dira arrak baino aldakorragoak; ez neurketa biologikoetan, ez eta jokabideari dagokionez ere. Bestela esanda, emeek hormonen gorabehera eta guzti izan dezaketen aldakortasuna ez da arren artean dagoena baino handiagoa. Azken ikerketa horrek ezbaian jarri du lehen funtsezkotzat jotzen zen ziklo estrala kontrolatzeko behar hori.
Kontuak kontu, argi dago bi sexuak hartu behar direla kontuan ikerketak zehatzak eta ustiagarriak izan daitezen, baina praktika erreala islatzen duten datuak ez dira oso pozgarriak. Gaitz kardiobaskularrak ikertzeko saiakuntza klinikoen % 31k bakarrik hartzen ditu barnean emakumeak, eta emeekin egindako depresio-ikerlanak ez dira % 45era iristen. Gainera, biomedikuntzako Medline datu-basean egindako lan baten arabera, 2010 eta 2011n publikaturiko 443 artikuluetatik % 28k soilik erabili zituen sagu emeak, eta 2015ean minari buruzko Pain aldizkarian publikatutako 71 artikuluetatik 56k ez zuten emerik erabili.
Joera orokorra aurkakoa bada ere, badira emakumeetan intzidentzia handiagoa dutelako sexu arrean gutxi ikertutako zenbait gaitz; osteoporosia, esaterako. Pertsona batek osteoporosia duela esaten da haren hezurren trinkotasuna gutxitu, eta hezurra hausteko arriskua handitu denean. Asko ikertu da emakumeen osteoporosiari buruz, menopausia ostean kasu ugari antzematen baita, baina gizonei ere eragiten die. Europan, osteoporosiarekin erlazionatutako aldaka-hausturen herena gizonezkoetan gertatzen da, baina aukera gutxi dituzte prebentzioa eta tratamendua jasotzeko, emakumeen gaixotasun postmenopausikotzat hartzen baita. Osteoporosi primarioa, ezagunena, adinarekin batera agertzen da, eta, menopausiarekin, larriagotu egiten da, ordura arte emakumearen hezurrak babestu dituzten estrogenoek behera egiten baitute. Gizonetan, androgenoak dira funtzio babeslea dutenak, eta haiek oso pixkanaka gutxitzen direnez, gizonei ez zaie bat-batean agertzen osteoporosia. Osteoporosi sekundarioa, aldiz, ohikoagoa da gizonetan emakumeetan baino, eta hezur-masaren galera eragin dezaketen egoera kliniko eta tratamenduekin du zerikusia. Informazio gutxi dugu, ordea, gizonezkoen osteoporosiaren inguruan.
Beste horrenbeste gertatzen da bularreko minbiziarekin ere. Oso intzidentzia txikia du gizonezkoetan, eta gaiaren inguruko ia ikerketa guztiak emakumeekin eta animalia emeekin gauzatu dira. Ezaguera eskasa denez, diagnostikoa berantiarra izan ohi da, eta tratamendua emakumeetan oinarritutakoa, nahiz eta gizonetan tumore-mota ezberdina izan daitekeela iradoki den.
Paradoxa badirudi ere, zenbait erakundek argi du, berdintasuna helburu, ikerketetan ar eta emeak bereizi beharra dagoela. Elikagai eta Sendagaien Elkarteak (FDA) eta Estatu Batuetako Osasun Institutuak (NIH) ikerlanetan bi sexuak aintzat har daitezen arautu dute. Gainera, ekimen horrekin bat egin dute Nature eta Journal of Neuroscience Research aldizkariek ere, besteak beste.
Egileak Eusko Jaurlaritzaren doktoretza-aurreko laguntza eskertu nahi du.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak
Elhuyarrek garatutako teknologia