Kaloria-murrizketa: gutxiago jan, gehiago bizitzeko?

Mª Puy Portillo Baquedano

Unibertsitateko katedraduna

Farmazia Fakultatea

Leixuri Aguirre López

Nutrizioa eta Obesitatea ikertaldea

Farmazia Fakultatea (EHU)

Iñaki Milton Laskibar

IMDEA Fundazioa eta CIBERobn Carlos III Osasun Institutua

Janariz inguraturik eta bizimodu gero eta sedentarioagoarekin bizi garen garai hauetan, ikusten ari gara gure bizi-itxaropena etengabe luzatzen ari dela, eta, aldi berean, zahartzearekin erlazionatutako gaixotasunen intzidentzia handitzen dela. Gehiago bizi eta goserik ez pasatzea; hori lortzeko borrokatu dira gizakiak, belaunaldietan zehar. Baina zer gertatzen da hori ez bada gehiago eta hobeto bizitzeko modurik egokiena?

Zahartzea prozesu fisiologiko bat da, urteak pasatu ahala zelula eta ehunetan gertatzen diren aldaketa negatiboen pilaketa gisa defini daitekeena. Medikuntzaren esparruan egindako aurrerapenek ahalbidetzen dute gure bizi-itxaropena gero eta gehiago luzatzea. Hala ere,  bizi-itxaropenean luzatzen diren urte horiek, maiz, maila fisiko zein psikologikoa endekatuta ditugula bizi ditugu. Historian zehar, hainbat teoria proposatu dira zahartze-prozesua azaltzeko helburuarekin, eta, bide batez, baita prozesu horri nolabait buelta emateko helburuarekin ere. Hori dela eta, gizakia orokorrean eta komunitate zientifikoa bereziki, aspalditik dabil betiko gaztetasunaren formula aurkitzeko irrikaz.

Eta esango baligute formula hori geure muturraren aurrean daukagula, eta ezer berririk egin edo asmatu beharrik ez dagoela? Bada, formula hori egon badago, eta kaloria-murrizketa esaten zaio, edo beste hitz batzuekin esanda: gutxiago jatea, okerrago jan gabe. McCay eta Crowell-ek erakutsi zutenetik arratoi batzuei jatekoa erdira murriztuta (malnutriziorik gabe) haien bizi-itxaropena ia bikoiztu egiten zela [1], asko izan dira gai horri buruz egin diren ikerketak. Hala, ondorengo urte eta hamarkadetan hainbat bizidunekin (zizareetatik hasi eta tximinoetara) egindako lanetan antzeko emaitzak lortu zirela ikusita, iradoki zen elkarren artean oso ezberdinak ziren espezieetan efektu bat errepikatzen zela [2].

Kaloria-murrizketa gertatzean, SIRT1ak zenbait ehun eta organotan eragiten dituen efektuak

Baina nola liteke kaloria-murrizketak gehiago eta hobeto bizitzen laguntzea? Ez ote litzateke alderantzizkoa gertatu behar? Nutrienteen eskuragarritasuna murriztuta egotea osasunerako onuragarria nola izan daiteken azaltzen duten mekanismoak identifikatzera bideratu dira gai horri buruz egindako ikerketak. Legamia, zizare, euli eta karraskariekin laborategian egindako lanetan, sirtuina izeneko proteina batzuk identifikatu zituzten, kaloria-murrizketak sortutako efektu onuragarrien erantzule gisa [3]. Proteina-familia hori funtzio biologiko ezberdin eta garrantzitsuez arduratzen da. Horien artean azpimarratzekoa da nutrienteen eskuragarritasuna murritza den egoeratan “energia-sentsore” gisa jokatzen duela, eta gorputza egoera horretara moldatzen dela. Ugaztunen kasuan, 1 sirtuina (SIRT1) da metabolikoki garrantzitsuak diren ehun eta organoetan energia-homeostasiarekin erlazionatutako funtzioak betetzen dituena [4]. Horretarako, zenbait aldaketa bideratzen ditu ehun eta organoetan, baliabideen erabilpena optimizatzeko. Aldaketa horien artean, zelula mailan, azpimarratzekoak dira mitokondrio berriak sortzea (non zelulek energiaren gehiengoa ekoizten duten ATP gisa), estres metabolikoarekiko erresistentzia handitzea, eta gantzak mugiaraztea, erregai gisa erabiltzeko (glukosaren eskuragarritasuna murriztua dagoelako).

Zelula mailan gertatzen diren aldaketa horiek zenbait ehun eta organotan islatzen dira, besteak beste, hauetan: hipotalamoa zahartzaroak eragindako endekapenetik babesten da; gantz-ehunari dagokionez, gantzak odolera bideratzen dira, gibel eta giharretan “erre” daitezen; gibelaren funtzionamendu egokia bermatzen da, eta gehiegizko gantz-pilaketa eragozten; bihotza estres oxidatibotik babesten da; muskulu eskeletikoak estresarekiko duen tolerantzia handitzen da; giltzurrunen funtzionamendua babesten da; endotelioa eta muskulu leuna arteriosklerositik eta gaixotasun kardiobaskularretatik babesten dira [5].

Beraz, badakigu kaloria-murrizketa erreminta eraginkorra dela zahartzeak eragiten dituen efektu txarrei aurre egiteko, eta, gainera, badakigu hori nola gertatzen den. Baina zenbatekoa da kaloria-murrizketa egokia? Nahikoa al da normalean jaten dudanaren erdia jatea? Puntu honetan, komeni da murrizketa dietetikoaren kontzeptua argitzea; izan ere, kaloria-murrizketaren antzekoa da, baina ez berdina. Kaloria-murrizketa, izenak dioen bezala, jaten den kaloria-kantitatearen murrizketan oinarrituko da, eta dieta orekatu bateko makronutriente-banaketa (karbohidratoak, proteinak eta gantzak) mantenduko da. Normalean, egunean jaten diren kalorien % 20-40 murriztuz egiten dira kaloria-murrizketak. Horren ondorioz, pisua galtzea eta zahartzeak eragindako gaixotasunetatik babestea lortzen da  (diabetesa eta gaixotasun kardiobaskularrak, esaterako). Murrizketa dietetikoen kasuan, berriz, bi motatako dietak aurkitu ditzakegu: aldizkako barauetan oinarritzen diren dietak (zeinak, normalean, eguneko % 30eko kaloria-murrizketa bat eragiten duten) edota nutriente jakin baten murrizketan oinarritzen direnak (kasu horietan, makronutriente jakin bat murrizten da, jaten den kaloria-kantitatea murriztu gabe) [2]. Badago murrizketa dietetikoen inguruan egindako zenbait lan aipagarri, baina gizakietan lortu diren emaitzak ez dira kaloria-murrizketaren kasuan lortutakoak bezain argiak [5].

Kaloria-murrizketak osasunean eragiten dituen efektuak.

Esan liteke, orduan, osasun-egoeran efektu onuragarriak izan ditzakeen erreminta terapeutiko eraginkorra dela kaloria-murrizketa, betiere desnutriziorik ez dagoen bitartean (jatean eskuratutako energiari dagokionez eta mikro eta makronutrienteei dagokienez). Hala ere, oraindik guztiz argi ez dagoena zera da: ea gizakietan guztiz aplikagarria ote den esperimentazio-eredu ezberdinetan eraginkorra dela erakutsi duen tratamendu hori. Izan ere, gerta liteke animalietan deskribatu diren efektuak gizakietan ez gertatzea, edota hainbat arrazoirengatik (sozialak, medikoak, ekonomikoak…) gizakiek tratamendu horri ez jarraitzea.

Literaturari begiratu bat egiten badiogu, kaloria-murrizketak gizakietan funtzionatzen duela eta, izatez, bizi-itxaropena luzatzen laguntzen duela erakusten duen adibide bat topatuko dugu. Adibide hori Japoniako Okinawa hiriko biztanleen kasua da. Hirurogei eta hirurogeita hamargarren hamarkadetan hiri hartako biztanleek jaten zuten kaloria-kantitateari buruzko ikerketek erakutsi zuten batez beste % 20ko kaloria-murrizketa bat egiten zutela (adin eta sexu bereko Japoniako beste toki batzuetako pertsonekin alderatuta). Okinawan zegoen bizi-itxaropen luzeagoa eta zahartzearekin erlazionatutako gaixotasunen intzidentzia baxuagoa azalduko lituzke kaloria-murrizketa horrek [6].

Hala, ikusi da obesoak ez diren pertsona osasuntsu batzuek urtebetez kaloria-murrizketa bat egiten badute lagungarri zaiela gorputzeko pisua eta gantz-edukia murrizteko. Gainera, pisu- eta gantz-galera hori konparagarria da kaloria-murrizketak eragiten duen energia-defizita berdintzen duen jarduera fisikoak eragindakoarekin [7]. Hala ere, bai azpiegitura-arazoengatik bai muga etikoengatik, oso zaila da kaloria-murrizketak gizakien bizi-itxaropenean zer eragin duen  aztertzea. Hori dela eta, gai horren inguruan denbora-tarte jakinetan egiten diren lanetan, bizitza-luzerarekin erlazionatuta dauden biomarkagailuak ikertzen dira [8].

Aipatutako adibide horiek kontuan hartuz, badirudi, orduan, kaloria-murrizketaren arazo nagusia izango litzatekeela pertsonek murrizketarik ez egitea. Izan ere, gaur egun, non-nahi ditugun jakiak lortzeko arazorik ez dugunez (betiere gure aukeren barruan), nork utzi nahi dio jateari? Hori dela eta, azken bi hamarkadetan, “kaloria-murrizketaren imitatzaile” deitzen diren molekula-konposatuak aurkitzea grial moduko bat izan da, komunitate zientifikoarentzat. Teoria sinplea da: baldin eta kaloria-murrizketak eragiten dituen efektuak pilula bat hartuz lor baditzaket, nahi dudana jaten eta esfortzurik gabe, zertarako “sufritu”? Hasiera batean arazo guztien konponbidea izango litzateke, baina gai horrek beste artikulu bat (gutxienez) idazteko adina emango luke, eta ondorioz ez dugu ukituko.

Beraz, ondorio gisa esan daiteke dietako kaloria-kantitatea murrizteak ez gaituela hilezkor egingo, ezta betirako gazte mantenduko ere. Hala ere, McCayk lehenengo aurkikuntzak egin zituenetik gai honi buruz lortu den jakintzak iradokitzen du jaten dugun kaloria-kantitatea murrizteak lagundu gaitzakeela zahartzearekin zuzenean erlazionatuta dauden gaixotasunetatik babesten. Beraz, esan daiteke kaloria-murrizketarena dela modurik errazena betirako gaztetasunaren formula asmatzen den egunera osasuntsu iritsi ahal izateko.

 

Bibliografia

1. McCay, C.M.; Crowell, M.F.; Maynard, L.A. The effect of retarded growth upon the length of life span and upon the ultimate body size. 1935. Nutrition 1989, 5, 155-171; discussion 172.

2. Lee, C.; Longo, V. Dietary restriction with and without caloric restriction for healthy aging. F1000Res 2016, 5.

3. Guarente, L. Calorie restriction and sirtuins revisited. Genes & development 2013, 27, 2072-2085.

4. Cantó, C.; Auwerx, J. Caloric restriction, sirt1 and longevity. Trends Endocrinol Metab 2009, 20, 325-331.

5. Mirzaei, H.; Suarez, J.A.; Longo, V.D. Protein and amino acid restriction, aging and disease: From yeast to humans. Trends Endocrinol Metab 2014, 25, 558-566.

6. Willcox, B.J.; Willcox, D.C.; Todoriki, H.; Fujiyoshi, A.; Yano, K.; He, Q.; Curb, J.D.; Suzuki, M. Caloric restriction, the traditional okinawan diet, and healthy aging: The diet of the world's longest-lived people and its potential impact on morbidity and life span. Ann N Y Acad Sci 2007, 1114, 434-455.

7. Racette, S.B.; Weiss, E.P.; Villareal, D.T.; Arif, H.; Steger-May, K.; Schechtman, K.B.; Fontana, L.; Klein, S.; Holloszy, J.O.; Group, W.U.S.o.M.C. One year of caloric restriction in humans: Feasibility and effects on body composition and abdominal adipose tissue. J Gerontol A Biol Sci Med Sci 2006, 61, 943-950.

8. Trepanowski, J.F.; Canale, R.E.; Marshall, K.E.; Kabir, M.M.; Bloomer, R.J. Impact of caloric and dietary restriction regimens on markers of health and longevity in humans and animals: A summary of available findings. Nutr J 2011, 10, 107.

 

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila