Sirtuina proteinak bizialdia luzatzen duela frogatu dute

Sirtuinak sagu arren bizialdia luzatu du, ez emeena

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

sirtuina-proteinak-bizialdia-luzatzen-duela-frogat
Sirtuina batek sagu arren bizialdia luzatzen duela frogatu dute. Arg. Raman

Sirtuina batek sagu arren bizialdia % 15 inguru luzatzen duela frogatu dute Bar-Ilan Unibertsitateko ikertzaileek (Israel). Zientzialariek urteak daramatzate sirtuina proteina-familia ikertzen, batez ere ikusi zutenetik SIRT1 genearen gainespresioak bizialdia luzatzea zekarrela nematodoetan eta fruta-eulietan.

Hala, ikerketa asko egin dira SIRT1 geneari buruz, baita ugaztunetan ere, baina ez dute jaso espero zuten emaitzarik. Oraingoan, ordea, familia bereko SIRT6 genea ikertu dute, eta emaitza interesgarriak lortu dituzte.

Hain zuzen ere, 2006an beste ikertzaile batzuek frogatu zuten SIRT6 genea ez zuten saguak ohi baino lehenago zahartzen zirela. Bar-Ilan Unibertsitateko ikertzaileek hari horri heldu zioten, eta SIRT 6 proteina gehiegi ekoiztean zer gertatzen zen ikertzea erabaki zuten. Ikerketaren arabera, sagu emeen bizi-luzera ez da aldatzen, baina arrena luzatu egiten da; zehazki, sagu arruntak baino % 10-15 luzeago bizi dira, sagu transgeniko lerroaren arabera.

Horrez gain, frogatu dute SIRT6 geneak eragina duela bizi-luzerarekin lotutako hazkuntza-faktore baten bidezidorrean (IGF-1), baina, aitortu dutenez, oraindik galdera asko dituzte erantzuteko. Besteak beste, SIRT6 genearen gainespresioak bizialdiaren luzeran nola eragiten duen jakin nahi dute, eta beste sirtuinen funtzioak ere aztertu nahi dituzte.

Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila