Gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezan

CAF-Elhuyar saria 2022 (Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua)

Esnaola Illarreta, Amaiur

Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saila, Zientzia eta Teknologia Fakultatea (EHU)

gaueko-bake-frenetikoan-dantzan-segi-dezan
Pirinioetako muturluzea edo ur-satorra (Galemys pyrenaicus) Elaman. Arg. Amaiur Esnaola Illarreta

Basoko erreka ezkutuetan, eguzkia sartutakoan, ikusmena itzali eta gainontzeko zentzumenak jartzen dira dantzan. Iluntasunak eskaintzen dion babesa baliatuz frenetikoki esnatzen da gauero muturluzea, Beethovenen sinfoniarik bizienaren erritmoan taupadaka. Gordeleku gisa erabiltzen dituen ibaiertzeko arrakaletatik irten, ur hotzetan sartu, eta errekan gora eta behera bazka zein ugalkide bila ematen ditu gauak, harik eta egunsentiarekin batera bere babesleku ilunean gotortzen den arte.

Ezkutuko bizimodu frenetikoa

Pirinioetako muturluzea edo ur-satorra (Galemys pyrenaicus; 1. irudia) mendiko erreka hotzetako korronteetara ezin hobeto moldatutako igerilari iaioa da. Bizimodu frenetikoa du, uretara sartze hutsarekin beroa galtzen hasten delako, eta gorputz-tenperatura mantentzeko ezinbestekoa duelako etengabe bazkatzea. Egunero bere pisua halako bi edo hiru jan behar du energia-eskariari erantzun ahal izateko, baina hori lan nekeza da urpean bizi diren zomorro txikiez soilik bazkatzen den intsektujale honentzako.

Muturluzea antzinako glaziazioei aurre egin eta izotzaldietan bizitzeko moldatutako leinu baten azken ordezkaria izan daiteke, Iberiar Penintsularen iparraldean eta Pirinioetan endemikoa dena. Azken hamarkadetan bere banaketa-eremua % 50 baino gehiago murriztu dela estimatu dute azken ikerketek, eta galzorian dago beraz. Beherakada honen atzean dauden arrazoiak ez daude argi, baina gauza ziurra da giza jarduera dela horren eragile nagusia.

2. Irudia. Ikerketa eremua: a) Elama erreka (Urumearen arroa), eta b1) Leitzaran erreka (Oriaren arroa). b2) Leitzaran errekako ur-desbiderapen kanal bat, urez beteta. Arg. Amaiur Esnaola Illarreta

Tesia hasitakoan ezezagunak zitzaizkigun muturluzearen ekologiaren inguruko zenbait alderdi. Izan ere, espeziearen izaera gautar eta iheskorrak zaildu egiten du bere biologiaren azterketa: ia ezinezkoa da berau naturan behatzea. Ur-satorra ikusi eta jarraitzeko ezintasunak, gainera, kontserbatzeko neurriak diseinatzea zailtzen du. Ezagumendu-gabezia horri aurre egin eta kontserbaziorako funtsezkoak diren gaien inguruan ezagumendua lortzea izan da, beraz, nire ikerketaren helburu nagusia. Horretarako, bi erreka desberdinetan egin genuen lan (2. irudia): bata kontserbazio-egoera bikainean dago (Elama, Urumean), eta bestea, berriz, jarduera hidroelektrikorako ur-erauzketa sistemen eraginpean (Leitzaran, Orian).

Nola “ikusi” ilunpetan?

Tesia hasi nuenean, ez genekien muturluzeak nola erabiltzen zuen bere bizi-eremua. Ordura arteko ikerketek ingurumeneko faktoreek muturluzearen banaketan duten eragina aztertu zuten, baina ez zuten bere bizi-eremuen baitan egiten duen bazka-habitaten hautespena zehazten. Espeziea kontserbatzeko, ordea, ezinbestekoa da hobesten duen habitata zein den jakitea, eta horretarako diseinatu genuen, hain zuzen ere, nire tesiaren lehenengo atala: ekologia espazialaren ikerketa.

3. Irudia. Muturluzearen harrapaketak eta irrati-telemetria bidezko jarraipena. a) muturluzeak harrapatzeko erabilitako tranpa bat, eta b) irrati-igorgailu bat muturluze baten bizkar-aldean itsatsita. Arg. Amaiur Esnaola Illarreta

Denera 15 eta 16 muturluze harrapatu eta jarraitu genituen Elaman eta Leitzaranen, hurrenez hurren, iluntasunean “ikustea” ahalbidetzen ziguten irrati-telemetriako tresnen bidez (3. irudia). Gaueko jarduera-puntuak hiru habitatetako bati esleitu genizkion: ur-lasterrei, ur bareei edo putzuei. Erabat irregularrak ziren ugaztun txiki honen gordelekutik kanpoko mugimenduak, espontaneoak zinez. Bere bizimodua ehunka metroko ibaialdean egiten bazuen ere, metro gutxiko gune zehatzetan ematen zuen denborarik gehien. Gune batetik bestera mugitzeko azkar egiten zuen igeri, korrontearen alde zein kontra. Arin egin zitzakeen ehunka metro, babeslekutik gustuko ur-laster batera, eta behin iritsitakoan, orduak pasa zitzakeen bertan, erreka-hondoko harri-tarteak frenetikoki miatuz. “Puntu bero” horietako egonaldi luze horiek ur-lasterretan izaten ziren gehienetan.

Muturluzearen habitat-hautespena neurtzeko, habitat-erabilera eskuragarritasunarekin konparatu genuen erreka bakoitzean. Hala, muturluzeak ur bare eta putzuen aldean ur-lasterrak hobesten dituela ikusi genuen. Emaitzen arabera, hautespen hori sendoagoa zen ur-erauzketen eraginpean dagoen Leitzaran errekan, eta bertan gutxien hobetsitako habitatak oraindik ere okerragoak izan zitezkeela iradokitzen zuen horrek.

Irrati-telemetriak, ordea, ez zuen argitu muturluzearen habitat-hautespena ur-lasterretako bazka-eskuragarritasunarengatik edo bestelako arrazoiren batengatik gertatzen zen. Horri erantzuna bilatzeko, ezinbestekoa izan zen nire tesiaren bigarren atala diseinatzea: aldibereko ekologia trofikoaren azterketa.

Jatetxearen hautua: giroa ala menua?

Arestian aipatu bezala, ia ezinezkoa da muturluzea naturan ehizan behatzea, eta horregatik, haren bazka-zaletasuna zehazteko ezinbestekoa da gorotzak bildu eta harrapakinen hondarrak aztertzea. Errekan haien gorotzak topatzea, ordea, ez da lan erraza, leku ezkutuetan egiten baitituzte euren egikariak. Laginketa-egun batean, ordea, kasualitatez, muturluzeari kaka-leku artifizialetan (4. irudia) kaka egitea asko gustatzen zaiola konturatu ginen. Hala, kaka-lekuetan bildutako gorotzak aztertuz, ordura arte lortu gabeko bereizmen taxonomiko fineko dieta-azterketa egin ahal izan genuen.

4. Irudia. Muturluzearen dietaren azterketa: a) gorotzak biltzeko diseinatutako kaka-leku artifiziala, eta b) gorotzak. Arg. Amaiur Esnaola Illarreta

Harrapakinak (ornogabe urtarrak) gorotzen bidez identifikatzeko, DNA metabarcoding teknika molekularra erabili genuen. Teknika molekularrak, hain zuzen ere, tresna baliotsuak dira galzorian dauden edo iheskorrak diren espezieen dietak aztertzeko. Teknika berritzaile horiek, ordea, kasu bakoitzerako metodologia desberdin bat prestatzea eskatzen dute. Hortaz, ezer baino lehen, proba pilotu bat egin genuen harrapakinen zein harrapariaren beraren DNAren PCR bidezko anplifikazioa fintzeko.

Bazka-hautespena aztertzeko oinarriak ezarrita, kontsumitutako harrapakinak identifikatu eta dieta deskribatzeko, 94 gorotzen DNA aztertu genuen erreka bakoitzean. Bazka-eskuragarritasuna deskribatzeko, aldiz, 10 lagin bildu genituen erreka bakoitzeko habitat-mota bakoitzean (ur-laster, ur bare eta putzuetan), Surber motako sarea erabiliz (5. irudia, a). Bildutako zomorroak laborategian identifikatu genituen (5. irudia, b eta c).

5. Irudia. Bazka-eskuragarritasunaren karakterizazioa: a) ornogabeak lagintzeko erabilitako Surber sarea, b) laborategiko laginen tratamendua eta c) muturluzearen bazka diren ornogabeen —zomorroen— identifikazioa. Arg. Amaiur Esnaola Illarreta
6. Irudia. Muturluzearen bazka-hautespena: positiboki (berdez) eta negatiboki (gorriz) hautatutako ornogabe familiak. Arg. Amaiur Esnaola Illarreta

Bazka-eskuragarritasuna eta dieta ezberdinak ziren erreka batetik bestera. Muturluzearen bazka-hautespena ere (dieta versus eskuragarritasuna) aldatu egiten zen errekaren arabera: mokofinagoa zen —selektiboagoa— egoera ekologiko onena zuen errekan (Elaman), eta oportunistagoa okerren kontserbaturiko errekan (Leitzaranen). Bazka-hautespenaren analisi honek muturluzeak positiboki zein negatiboki hautatzen dituen harrapakinak zein diren jakiteko aukera emanzigun (6. irudia), baina ezinezkoa izan zen muturluzearen ur-lasterrekiko zaletasuna azaltzea. Izan ere, ez ginen gai bazka-eskuragarritasunean oinarrituz habitatak euren artean desberdinak zirela frogatzeko.

Dieta-hautespena aztertzeko, tradizionalki, taxonomia erabiliz konparatu izan dira kontsumitutako bazka eta eskuragarri dagoena. Harrapariek, ordea, ez dute taxonomiaz ulertzen: bestelako ezaugarrietan oinarritzen dira bazka aukeratzerakoan. Hori horrela izanik, aurreko datuak berriro aztertzea erabaki genuen, dieta-zaletasunen bigarren hurbilpen bat eginez. Oraingoan, harrapakin espezieetan baino haien ezaugarri biologikoetan zentratu ginen, habitat-hautespena harrapakinen ezaugarriekiko zaletasunen bidez azaltzerik ba ote zegoen ikertu, eta hobetsitako ezaugarriak ibai batetik bestera desberdinak ote ziren aztertzeko. Ezaugarriekiko zaletasuna inferitzeko, eskuragarri zeuden ornogabeak kontsumitutakoekin konparatu genituen berriro, baina, oraingo honetan, bederatzi ezaugarri biologikotan oinarrituz (7. irudia): horietako 4 segur aski habitat-motaren (ur-lasterra, putzua edo ur barea) eraginpean zeuden, eta beste 5 habitatarekiko independentetzat jotzen ziren.

7. Irudia. Bazka-hautespenaren bigarren hurbilpena egiteko erabilitako harrapakinen bederatzi ezaugarri —edo trait— biologikoak. Arg. Amaiur Esnaola Illarreta

Ornogabe-eskuragarritasunean erreken zein habitaten artean aldeak egon arren, oso antzekoak izan ziren muturluzearen dieta eta bazka-hautespena bi erreketan (8. irudia). Hobetsitako ezaugarri batzuek harrapakinek ur-lasterretan bizitzeko beharrezko dituzten ezaugarriak islatu ditzakete, besterik gabe, baina beste ezaugarri batzuek muturluzeak harrapakinen profitagarritasunarekiko dituen hautespen-irizpideak isla ditzakete.

Hobetsitako harrapakin-kategoria gehienak pixka bat ugariagoak ziren ur-lasterretan, eta bazirudien oraingoan gai izango ginela habitatak bazka-eskuragarritasunaren arabera haien artean desberdinak zirela esateko. Habitaten arteko aldeak, ordea, txikiak ziren, aldatu egiten ziren erreka batetik bestera, eta honakoa ondorioztatu genuen azkenean: ur-lasterrak ez dituela bertako menuarengatik hautatzen, giroarengatik baizik. Izan ere, zenbait ikerketak iradoki dute muturluzearentzako errazagoa izan daitekeela ur-lasterretako ur-korronteez baliatuz flotagarritasunari aurre egitea, eta ehizatzeko zein harrapariengandik babesteko hondoari itsatsita egotea.

8. Irudia. Ezaugarri biologikoetan oinarritutako muturluzearen bazka-hautespena: positiboki (berdez) eta negatiboki (gorriz) hautatutako traitak. Marrazkietan agertzen direnak muturluzeak hobesten dituen harrapakin mota batzuk dira. Arg. Amaiur Esnaola Illarreta

Abiadura-beharrean, bake bila

Nire tesiak, oro har, agerian jarri du Pirinioetako muturluzearen abiadura-premia: ezinbestekoa du ur-lasterra bizirik irauteko. Horregatik, eta harrapakin zehatzak hautatzeko duen joerarengatik, animalia espezialista dela ere nabarmendu du. Testuinguru horretan, argi geratu da zeinen garrantzitsua den ibai-ekosistemen kudeaketa muturluzearen beharrizanen arabera diseinatzea.

Zoritxarrez, baliteke bere sinfoniaren azken notak dantzatzen ibiltzea muturluzea, azkenetan baitago bere populazioa. Tesia hasteko unean aterabiderik gabe genbiltzan, baina orain badakigu ur-lasterren eskuragarritasuna murrizten duten giza-jarduerek —bereziki ur-erauzketek edo ur-desbideraketek— zuzenean eragiten dutela espezie honen habitat-kalitatean: erreketan oztopoak eraikitzeak zein urez gabetutako erreka-zatietan emaria eta ur-fluxuaren abiadura murrizteak zuzenean eragiten du muturluzeak hobesten dituen habitaten eskuragarritasunean. Hortaz, honelako ikerketei esker, badirudi badugula azkenean zeri heldua. Gure esku dago, beraz, Beethovenen bederatzigarren sinfoniaren zorigaitza saihestu eta muturluzearen biziraupenean sinestea, gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezan.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila