Ekonomia zirkularra praktikara eramateko bideak

Ekonomia zirkularraren ideia 1980an plazaratu zen lehen aldiz. Garai haietan, proposamen teorikoa zen. Geroztik, ordea, ekonomia-eredu linealak eragiten dituen arazoak gainditzeko, ekonomia zirkularra praktikara eramateko estrategiak sortu dira. Horien artean daude BRTAko GAIKER eta Ceit zentroetan ikertzen eta aplikatzen dituztenak.

ekonomia-zirkularra-praktikara-eramateko-bideak
Arg. Tsung-Lin-Wu/AdobeStock

GAIKERen, esaterako, ekodiseinuan ikertzen dute. Produktu iraunkorrak egitea da gakoa, bizitza erabilgarri luzea izango dutenak; eta, bizitza horren amaierara iristen direnean, materialak berrerabilgarriak izan daitezela. Koldo Gondra Zubieta da arlo horren arduraduna, eta, hark azaldu duenez, “ekodiseinuan, hasieratik kontuan izaten dugu zer material erabili eta nola osatu produktua, gero materialak bereizi eta berrerabiltzeko. Batzuetan, berreskuratzen dugun materiala ezin da produktu berdina egiteko erabili; beraz, horrelakoetan, eraldatu egiten dugu, bestelako erabilera baterako”. 

Ceiteko Tamara Fernández Arévalo ikertzailea bat dator Gondrarekin. Haien kasuan, zehaztu du helburu nagusia ahalik eta hondakin gutxien sortzea dela, eta, sortzen badira, berreskuratu edo berrerabiltzea eta lehengaien beharra murriztea: “Helburua jasangarritasuna da. Horretarako, estrategikoa da materialak, produktuak, azpiproduktuak eta gainerakoak berrerabiltzea, eraldatzea, berritzea eta birziklatzea”.

Azken finean, ekonomia linealetik ateratzea da funtsa, Fernándezen arabera: “Ekoitzi, erabili eta bota izan da orain arteko paradigma, eta horrekin bukatu eta ekonomia zirkularrera igarotzea da gakoa. Horretarako, garrantzitsua da baliabideak ahalik eta gehien berrerabiltzea: energia, ura, materialak berak…”

Enpresentzat, orain arte beste ikuspegi batekin egin dutenez lana, ez da erraza ekonomia zirkularrera igarotzea, egokitzeko inbertsioak egin behar baitira. Fernándezek ohartarazi du badirela bestelako oztopoak ere: “Finantziazioaz gain, oztopo kulturalak ere badaude, kontsumoaren kulturan barru-barruraino sartuta baikaude. Eta badira oztopo politikoak, oraingoz, legeek eta arauek ez baitute derrigortzen ekonomia zirkularra egitea. Denen arteko elkarlana izan beharko luke. Nik uste dut badagoela gogoa eta interesa, eta ikusten dela beharra, baina pausoak eman behar dira, adibidez, dirulaguntzekin eta abarrekin, enpresak eraldaketara bultzatzeko”.

Gondrak ere araudiaren alderdia azpimarratu du, bestela, enpresa guztiak ez bailirateke baldintza berdinetan egongo: “Enpresa batek aldaketa egiten badu, eta, horren ondorioz, lehiakortasuna galtzen badu, ez da erraza pauso hori ematea. Hori arazo handia da, bereziki enpresa txikientzat”.

Koldo Gondra Zubieta. GAIKERreko Konposite jasangarrien esparruko arduraduna.

Bitartean, ikerketa-zentroek lanean jarraitzen dute, eraldaketarako behar den teknologia prest izateko. Adibidez, GAIKERen, materialen birziklatze mekaniko eta kimikoari eta bereizketari ematen diote lehentasuna, eta Ceiten bi ildo landu dituzte bereziki: hondakin-uren eta hondakin organikoen konposatuak tratatzeko eta berreskuratzeko teknologia aurreratuen garapena eta optimizazioa.

“Lehen, batez ere hiri-eremuan sortutako hondakin-urekin egiten genuen lana, baina orain enpresekin ere bagabiltza. Esaterako, LIFE MCUBO Europako proiektuaren bitartez, elikagai-industria batetan uraren kudeaketa analizatu eta nola hobetu dezaketen aztertu genuen. Horretarako, neurketa-tresnak, eredu matematikoak eta pilotuak ere erabili genituen, eta helburua zen uraren kudeaketa aldatzea,  ingurumen-kaltea murrizteko: ur gutxiago erabili, berrerabili…”, azaldu du Fernándezek.

Hondakinei dagokienez, enpresetan sortzen diren hondakinekin zer egin daitekeen aztertzen dute. Adibideetako bat Model2bio da. Europako proiektu bat da, eta Fernández bera da haren koordinatzailea: “Hiru urteko egitasmoa da, eta orain erdialdean gaude. Hamaika bazkide gara, eta helburua da erabakiak hartzen lagunduko digun tresna bat garatzea, nekazaritzan eta elikagai-enpresetan sortzen diren hondakin organikoekin zer egin jakiteko. Tresna horrek kontuan hartzen du enpresa non dagoen kokatuta, non berrerabili daitekeen, hondakinen konposizioa… Irizpide horiekin guztiekin, tresnak jakinarazten dio enpresari zein den hondakin horiek kudeatzeko aukerarik egokiena”.

Paperaren industrian ere ari dira lanean, Repapel proposamenaren bidez: “Helburu nagusia da pasta eta papera fabrikatzeko industrietan dauden balio gehigarri handiko konposatuak berreskuratzea eta erabiltzea. Hemen garatutako teknologiak oinarri izango dira maila nazionalean eta nazioartekoan beste industria batzuetan ezartzeko, eta, bide batez, baita hondakinak balioztatzeko teknologiak eta ekonomia zirkularraren kontzeptua ere beste industria-sektore batzuetara zabaltzeko”. 

Hain zuzen ere, horren antzeko proiektu batean ari dira lanean, esnekien arloan. Biobased izena du, GAIKERek zuzentzen du, eta haren funtsa da esne-gazura birbalorizatzea, ekonomia zirkularraren bidetik. 

Tamara Fernández Arévalo. Ceiteko Ur eta Hondakinen Taldeko ikertzailea.

Horrez gain, beste arlo batzuetako adibideak jarri ditu Gondrak: “Europako pare bat proiektu lortu ditugu konpositeak birziklatzeko. Material konposatuen arazoa da erabili ondoren hasieran zeukaten balio ekonomikoa galtzen dutela, eta horri irtenbidea eman nahi diogu; esaterako, aerosorgailuetan erabiltzen ditugun konpositeei. Material konplexuak dira, beira- eta karbono-zuntzezko errefortzuak dituztelako, erretxina termoegonkorrak, material apartsuzko nukleoak, estaldurak eta deskarga elektrikoak eroaten dituzten elementuak, denak nahasian, eta oso zaila da balioa ematea. Horri irtenbidea emateko lanean ari gara, adibidez GAIKER lider den Osiris Cervera sare-proiektuan, beste zentro teknologiko eta enpresa batzuekin batera”. 

Etorkizunera begira, material elektronikoak, bateriak, polimeroz egindako produktuak, eta halakoak birziklatzea da GAIKERen erronka, eta horretarako dauden zailtasunak aipatu ditu Gondrak: “Lortu behar dugu produktu bat kalitate onekoa, homogeneoa, eta eskaintza eta eskaera bat etortzea, eta hori dena ez da erraza. Sarritan, kostua arazoa izaten da, merkatuak ez baitu onartzen birziklatzeak dakarren kostua. Baina argi dugu birziklatzean, ekodiseinuan eta bizi-zikloaren analisian egiten ari garen apustua ez dela epe motzekoa. Badakigu emaitzak ez direla berehalakoak izango, eta hori onartzeko beharrezkoa da enpresa kontzientziatzea, baina baita gizartea ere”.

Ceiten ere antzeko oztopoak dituzte etorkizunerako, baina ez dute zalantzarik baliabideen eta hondakinen berrerabileran ikertzen jarraitu behar dutela. Lehen aipatutako materiekin ez ezik, metalekin eta lur arraroekin ere egiten dute lana, Neohire proiektuan. Hala azaldu du Fernándezek: “Batetik, elementu horiek dituzten hondakinak metatzen ari zaizkigu, eta horiek kudeatu egin behar dira; eta, bestetik, lehengai finituak dira, agortu egingo dira, eta gero eta mendekotasun handiagoa daukagu atzerriko herrialdeekiko. Horrenbestez, mendekotasun hori gutxitzeko bidea ere bada lehengai horiei beste bizitza bat ematea”.

Bai GAIKERen bai Ceiten argi dute elkarlana dela aurrera egiteko gakoa, eta, hala, maila askotako erakunde eta enpresekin batera ari dira lanean, ekonomia zirkularrari bultzada emateko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila