Arrantzale bihurtu zen ehiztari hegalariaren istorioa

Aizpurua Arrieta, Ostaizka

Biologia-ikaslea

Ez da Grizzly hartz bat bezain indartsua, ez eta arrano arrantzale bat bezain boteretsua edo atun gorri bat bezain azkarra ere. Baina badu saguzar hatz-luzeak (Myotis capaccinii) aipatutako animalia horiekin berdintzen duen ezaugarri bat: arrainak jaten ditu. Intsektuez gainera arrainak ere jaten dituen Europako saguzar bakarra da, guk dakigula. Portaera horren nondik norakoak, ordea, ezezagunak ziren 2010. urtean: Zein arrain jaten ditu? Non? Zenbat? Eta, batez ere, nola? Informazio hori guztia ezagutzea eta arrantza-portaera nola garatu den ulertzea izan da doktore-tesi honen helburua.

arrantzale-bihurtu-zen-ehiztari-hegalariaren-istor
Arg. -

Zer, zenbat eta non arrantzatzen dute?

Lehen galdera horiei erantzuteko, lehenagotik arrain-zantzuak topatu zitzaizkion kolonia batean jasotako 3.000 gorotz baino gehiago pasa ziren nire luparen azpitik, ezkatak eta otolitoak topatzea nuela helburu (1. irudia). Arrainek oreka-sisteman dituzten kaltzio karbonatozko egitura solidoak dira otolitoak, espeziearen bereizgarriak. Milaka gorotz horien artean 97 otolito identifikatu nituen, eta, haien ezaugarri morfologikoak aztertuta, saguzarrek irentsitako arrain guztiak Gambusia holbrooki arrain-espezie exotikoari zegozkiola ondorioztatu. Ur geza eta gazi-gezako eremuetan ur-azalean ibiltzen diren arrain txikiak dira ganbusiak, eta asko ugaritu ziren Europako hegoalde osoan XX. mendearen hasieran, malariari aurre egiteko ekarri zituztenetik. Arrain-ezkatak, aldiz, urte guztian zehar topatu nituen, eta kolonia horretan arrantza-portaerak duen garrantzia uste baino handiagoa dela ondorioztatu.

Hurrengo urratsa arrainak non harrapatzen zituzten jakitea izan zen, bi helburu nagusirekin: arrantza-jarduera ahalbidetzen duten faktoreak ezagutzea, eta arrantza-jarduera nola gertatzen den aztertzea. Arrantza-lekuak topatzeko, irrati-telemetria bidezko jarraipena egin nien arrainak jan zituzten animaliei. Horretarako, 15 saguzar hatz-luze harrapatu nituen goizaldean kobazulora sartzean. Haien gorotzak lekuan bertan lupaz aztertu ostean, arrain-arrasto gehien utzi zituzten saguzarrak irrati-igorlez markatu nituen (1. irudia). Hurrengo gauetan, jarraitutako animaliek ehizaleku bat partekatzen zutela konturatu nintzen: golf-zelai bateko putzu artifizial handi eta sakon bat (2. irudia). Saguzarrak han arrantzatzen ari ote ziren ziurtatzeko, grabaketa-tresneria jarri nuen martxan. Saguzar hatz-luzea egoera naturalean arrantzan grabatu den lehen aldia izan zen hura.

Arg. Ostaizka Aizpurua

Nola arrantzatzen du?

Arrantza-jarduera nola egiten den jakitea izan zen doktore-tesiaren bigarren zatiaren helburua. Nola da posible hamar gramo eskaseko saguzar batek arrantza egitea? Zer teknika erabiltzen du arrainak harrapatzeko, eta zertan bereizten da intsektuak harrapatzeko teknikatik? Zer kinada-mota erabiltzen du arrainak detektatzeko? Galdera horiei guztiei erantzuteko, lau esperimentu egin nituen.

1. irudia. (A) Déniako Benimaquia kobazuloan ezarritako gorotz-biltzailea. Hiru urtez, bi astean behin jaso nituen saguzar-gorotzak. (B) Kobazuloaren sarreran ezarritako harpa-tranpan eroritako saguzarrak. Harrapatutako animaliak ordubete inguruz gorde nituen telazko poltsetan, gorotzak eskuratzeko. (C) Irrati-igorlea bizkarrean ezarria duen saguzar hatz-luzea. Arg. Ostaizka Aizpurua

Intsektu-ehizatik arrantzara

Arrantzaren eta intsektu-ehizaren teknikak zertan bereizten ziren ezagutzeko, bi ehizaki-mota eskaini nizkien saguzar hatz-luzeei, euren arrantza-leku naturalean: intsektuak eta arrainak. Ondoren, pazientzia. Berrogeita hamabi gautako lanaren ostean, 135 ehiza- eta arrantza-saiakera grabatzeko aukera izan nuen (3. irudia).

Grabaketok erakutsi zutenez, ur-azalean pausaturiko intsektuak oinekin edo uropatagioarekin (oinen arteko mintza) arraste labur bat eginez harrapatzen dituzte saguzar hatz-luzeek. Arrantzaren kasuan, ordea, hankak askoz ere gehiago sartzen dituzte, eta arrastea ere luzeagoa da. Aldeak ez dira, ordea, hegazkeran bakarrik nabaritzen, ekokokapen-patroia ere ezberdina baita (4. irudia). Mekanismoa ulertzeko, koka gaitezen une batez frontoi batean, binakako pilota-partida batean. Imajinatu pilotaria saguzarra dela; pilota, soinu-pultsua, eta frontisa, harrapakina. Atzelaria 8. koadroan piloteoan ari denean, frontisetik urrun, pilotak hainbat segundo behar izaten ditu frontisa jo eta beste pilotariarengana iristeko. Aurrelaria 2. koadroan bizi-bizi ari denean, ordea, pilota azkarrago iristen da arerioarengana frontisa jo ostean, eta jokoa askoz ere azkarragoa izaten da. Gauza bera gertatzen da saguzarren ekokokapenarekin ere. Harrapakinarengana gerturatu ahala, ekokokapen-pultsuak igortzen duenetik haren oihartzuna jasotzen duen arte denbora murriztu egiten da, eta, pultsuak gainezar ez daitezen, ekokokapen-mekanismoa azkartu beharra dago. Harrapaketa baten amaieran, segundoko 10 pultsu igortzetik segundoko 120 pultsu igortzera alda daitezke saguzarrok. Harrapaketa-fasearen amaieran gertatzen den pultsuen bizkortze horri buzz deitzen zaio, eta, saguzar arrantzale horien kasuan, ezaugarri ezberdinak dituzten bi zatitan bereizten da: 1. buzza eta 2. buzza (5. irudia). Lehenengo buzzaren kasuan, pultsuek banda-zabalera handiagoa eta frekuentzia altuagoa izaten dute; 2. buzzaren kasuan, berriz, banda-zabalera txikiagoa izaten da, eta frekuentzia, baxuagoa. Hori dela eta, ezberdina izaten da saguzarrak pultsu-mota bakoitzetik jasotzen duen informazioa.

2. irudia. Déniako La Sella golf-zelaiko urmael artifiziala erabiltzen dute saguzar hatz-luzeek arrantzarako. Uraren ertzean, grabaketarako tresneria ikusten da. Arg. Ostaizka Aizpurua

Doktore-tesi honek frogatu duenez (lehenbizikoz frogatu ere), saguzarrek euren buzzaren bi zatiak modulatzeko gaitasuna dute; hots, interesaren arabera zati bat luzatu eta bestea murriztu egiten dute. Intsektuak harrapatzean, antzekoa izaten da bi buzzen garrantzia, baina arrainak harrapatzean, 2. buzza asko murrizten da, eta, kasu batzuetan, baita desagertu ere. Fenomeno horrek badu bere azalpena. Frekuentzia baxuko pultsuek direkzionalitate txikiagoa dute, eta horrek esparru zabalago bateko informazioa berenganatzeko aukera ematen die saguzarrei (6. irudia). Horrexegatik, saguzarrek 2. buzza erabiltzen dute intsektuen azken-orduko ihes-maniobren berri izateko, direkzionalitate handiagoko pultsuek ez bailiekete informaziorik emango intsektuak norako bidea hartu duen jakiteko. Arrainak harrapatzeko orduan, ordea, arraina ur azpian egonik, saguzarrak ez du azken orduko ihes-maniobrarik espero, eta 2. buzza murriztu egiten du, informatiboagoa den 1. buzzaren alde.

Arrain-kinada

3. irudia. Esperimentuak egiteko erabilitako tresneria: abiadura azkarreko kamera (1.000 fotograma segundoko), argi infragorriak eta ultrasoinuen detektagailua, besteak beste. Arg. Ostaizka Aizpurua

Intsektuak eta arrainak harrapatzeko era bateko edo besteko teknika erabiltzeak saguzarrak bi ehizakiak bereizteko gai direla adierazten du, eta bereizketa hori nola gertatzen den ulertzea izan zen hurrengo urratsa: harrapakina arrain gisa identifikatzeko kinada zein den ezagutzea, alegia.

Kinada zehatza ezagutzeko lehen pausoa saguzarrek zein estimulu-motari erantzuten dioten ezagutzea izan zen. Horretarako, hiru aukeraren aurrean saguzarrek zuten portaera aztertu nuen. Kinada batean, ur-uhinak sortu nituen, inongo ageriko harrapakinik gabe. Beste batean, uretan murgilduta geldirik zegoen arrain bat jarri nuen, goi-ezpaina uretatik kanpo zuela. Azken kinada, berriz, gora eta behera egiten zuen arrain bat izan zen, zeinak, agertu eta desagertzeaz gain, ur-uhinak sortzen zituen. Harrapakina agerian zuten kinadei soilik erantzun zietela saguzarrek ohartu nintzen, uhinei kasurik egin gabe.

4. irudia. Orientatzeko eta ehizatzeko saguzarrek erabiltzen duten mekanismoa da ekokokapena, zeina oihartzunen bitartez inguruneko objektuen kokapena ezagutzean datzan. (A) Gizakiaren entzumen-gaitasunetik at dauden soinu-pultsuak igortzen dituzte saguzarrek,eta haiek pareko objektuen kontra talka egitean sortutako oihartzunak jasotzen. Oihartzunak objektuen ezaugarrien araberakoak direnez, saguzarrak pareko objektuen distantzia eta ezaugarriak hautemateko gai dira ilunpean ere. (B) Saguzar-espezie ezberdinek pultsu-mota ezberdinak sortzen dituzte: forma, banda-zabalera, iraupena eta frekuentzia asko aldatzen dira batzuetatik beste batzuetara. Irudia: Ostaizka Aizpurua.

Informazio horren jabe, geldirik zegoen arrainaren eta agertu-desagertu zebilenaren arteko aldeak aztertzeari ekin nion, helburu honekin: morfologian ala desagertze-mugimenduan oinarrituta identifikatzen ote zituzten arrainak jakitea. Erantzun egokia bigarren aukera zela ohartu nintzen, bi kinada-motei emandako erantzuna intsektuei eta arrainei emandakoaren parekoa zela ikusi bainuen; hau da, arrain bat geldi dagoenean, intsektua balitz bezala erasotzen dute, azaleko arraste motzak eginez eta pareko 1. eta 2. buzzak erabiliz. Arraina desagertzen denean, ordea, arraste sakonago eta luzeagoak egiten dituzte, eta buzza 1. motako pultsuetara alboratzen dute, arrainak harrapatzean bezala.

Ehiza-teknikaren modulazioa

Arrainak harrapatzeko saguzarrek erabiltzen duten teknika intsektuak harrapatzeko erabiltzen dutena baino neketsuagoa da, hankak urpean sartzeak eragiten duen marruskadurak energia zinetikoaren galera handia eragiten baitu. Etengabe arrainak harrapatzeko ehiza-teknika gisara erabiltzea, beraz, ez da probetxugarria, arrainak ahalegin gehienetan harrapatzen ez badira. Harrapakina desagertzean saguzarrek nola erreakzionatzen duten jakiteko, berriz, azken esperimentu bat prestatu nuen. Saguzarren ehiza-jardueraren hainbat mementotan urperatu nuen arraina, eta saguzarren hegazkera- eta ekokokapen-patroien aldaketa aztertu.

5. irudia. Saguzar hatz-luzeak intsektuak ehizatzean eta arrainak harrapatzean erabiltzen dituen ekokokapen-patroia eta hegazkera ezberdinak dira. Intsektuak ehizatzean igorritako ekokokapen-pultsuen azken faseko bi buzzen tamaina antzekoa izaten da (antzeko pultsu-kopurua); erabiltzen den arrastea,berriz, azalekoa eta motza. Arrantzan, 1. buzza luzeagoa izaten da, eta 2.a, laburragoa; arrastea, berriz, sakona eta luzea. Irudia: Ostaizka Aizpurua.

Saguzarren erantzuna ez zen bai/ez motakoa izan, graduala baizik. Hots, arrainaren desagerpen-mementoaren eta ehiza-patroiaren aldaketa elkarrekin erlazionatuta zeuden (7. irudia). Arrastearen intentsitatea harrapakinaren kokapenaren ziurgabetasunari doitzen diote saguzarrek, eta ekokokapen-patroia interesatzen zaien informazio-mota jasotzeko moldatzen. Erregulazio-portaera hori arrantza errentagarri egiten duen elementu garrantzitsua izan daiteke, beraz.

Tesi honetan azaleratutako zentzumenen eta hegazkeraren fintasun-mailak iradokitzen duenez, saguzar hatz-luzearen historia ebolutiboan zein espeziearen egungo biziraupenean eragina izan dezakeen faktore garrantzitsua da arrantza.

6 . irudia. Ekokokapenaren direkzionalitatea pultsu-motaren araberakoa izaten da. Harrapakinetik distantzia jakin batera, 2. buzzeko pultsuek 1. buzzekoek baino soinu-izpi zabalagoa dute, frekuentzia baxuagokoak dira eta. Intsektuen ihes-maniobrak hobeto detektatzeko aukera ematen die horrek saguzarrei. Irudia: Ostaizka Aizpurua.

Ilunpean bizi dira, mesfidantzaz tratatzen ditugu eta nazka ematen digute maiz. Dena den, asko dugu oraindik haiengandik ikasteko, miresteko eta gozatzeko. Saiatu, bestela, ilunpean hegan zoaztela ur azpian arrain bat harrapatzen. Ezetz alerik ere harrapatu!

Bibliografia

7. irudia. Arrainaren desagerpen-mementoaren arabera, eraso-teknika aldatu egiten dute saguzar hatz-luzeek. Arraina zenbat eta lehenago desagertu, hau da, grafikoko 0 puntutik zenbat eta urrunago egon, saguzarrek 1. buzza luzatu eta 2.a laburtu egiten dute, eta, hartara, arraste luzeagoak egiten dituzte. Irudia: Ostaizka Aizpurua.
Aihartza, J.; Goiti, U.; Almenar, D.; Garin, I.: “Evidences of piscivory by Myotis cappacinii (Bonaparte, 1837) in Southern Iberian Peninsula”. Acta Chiropterologica 5(2) (2003): 193–198.
Jakobsen, L.; Surlykke, A.: “Vespertili onid bats control the width of heir biosonar sound beam dynamically during prey pursuit”. PNAS, 107(31) (2010): 13930–13935.
Schnitzler, H.U.; Moss, C.F.; Denzinger, A.: “From spatial orientation to food acquisition in echolocating bats”. TREE 18(8) (2003): 386-394.

Eskerrak

Nire eskerrak Inaziori eta Joxerrari, lan hau aurrera ateratzea posible egiteagatik, eta baita lantalde osoari ere behar izan dudanean hor egoteagatik; bereziki, Anttoni. Azkenik, eskerrik beroenak lau urte hauetan tesi honetan parte hartu duzuen pertsona eta erakunde guztiei, asko izan baitzarete! Ikerketa hau Eusko Jaurlaritzak (BFI-2009-252), UPV/EHUk (INF09/15) eta Ministeritzak (CGL2009-12393) finantzatu dute.

Ostaizka Aizpurua Arrieta
Arg. © Iñigo Ibáñez
(Zarautz, 1986). EHUn Biologian lizentziatu ostean hasi zen saguzar hatz-luzearen arrantza-portaeraren inguruan sakontzen. Bristoleko eta Kopenhageko unibertsitateetan egonaldiak eginda, EHUn bertan defendatu zuen doktoretza-tesia (2014) Inazio Garinen eta Joxerra Aihartzaren gidaritzapean. Tesia bukatu zuenetik, EHUn ikertzaile-lanetan dabil.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.