Eskolako laborategia bitxikerien kabinete bat da. Ikasleak, grinatsu, irakaslearen atzetik sigi-saga dabiltza, korridore batetik bestera, eskaileretatik gora eta aurrera, ate berde horretara heldu arte. Kartelean “Biologia eta Geologiako Laborategia” irakurtzen dute eta, aldi berean, beren buruari galdetzen diote barruan zer fantasia topatuko ote duten.
Laborategiko ateak kirrinka egiten du irekitzean, barruan dena ilun dago, eta hotz egiten du. Gelari produktu kimikoen usaina dario. Irakasleak hautsez betetako objektu bitxien bilduma biltegitik atera, eta mahaietan banatzen ditu: harri bitxiak daude, fosil batzuk, mineral oso koloretsuak eta distiratsuak. Ikasleak pieza horiek identifikatzen eta sailkatzen saiatuko dira, gida baten laguntzaz.
XVII. eta XVIII. mendeetako europar hirietan bilduma-zaletasuna handia zen. Natura gela batera ekartzen saiatu ziren erregeak, aristokratak, elizgizonak eta baita abokatu, mediku, botikari eta artistak ere. Asmo horrekin eraiki zituzten bitxikerien kabineteak, naturalia (landare, animalia eta mineralak) zein artificialia (hondar arkeologikoak, eskulturak, koadroak…), erreinuetako objektu anitz pilatu eta aurkezteko.
Garai hartan, munduko giza eta natura-aniztasun izugarria ezagutarazi zuen Europako hedapen kolonialak, eta kabinete haiek, mundu berri horren inbentario bilakatu ziren. Gela haien arkitektura eta altzariak objektu bitxiak antolatzera eta sailkatzera bideratuta zeuden; horrela bakarrik uler eta azal zitekeen natura, garaiko pentsamenduaren arabera.
Olaus Wormius (1588-1654) mediku daniarraren kabinetea adibide ona dugu (1. irudia). Bertan murgilduko bagina, itxura ugariko objektuak ikusiko genituzke: eskuineko apalean, mineral eta fosilen espezimenak; ezkerreko horman, adajeak eta garezurrak, eta atzeko paretan, armak. Gora begiratuz gero, arrainak eta beste animalia batzuen gorputz disekatuak ikusiko genituzke, sabaian zintzilik.
Gune eklektiko haiek garai berrietara moldatuz joan ziren, apurka-apurka aberastuz eta espezializatuz. Azkenean, bitxikerien kabineteak Historia Naturaleko museo bilakatu ziren, eta garaiko ikerketa eta zientzia-dibulgazioaren giltzarri izango ziren.
Orduko jakituriak museoak zituen jauregi. Barrualdean espezimen arruntak zein exotikoak aurkitu zitezkeen: ikusgarrienak beira-arasetan gordeta; gainerakoak, ontzietan, konpartimentuetan banatutako kutxetan edo urreztatutako zurezko idulkietan. Ikerketarako eremuak ziren, bai, baina baita aisialdirako eremuak ere.
Espezimen guztiak kanpoan jasotzen ziren arren, landa-lana ez zen museoarena bezain garrantzitsu eta entzutetsua, lagin-jasotzea helburu handiago batera bideratuta baitzegoen. Testuinguruak ez zuen garrantzirik; laginek museoan bertan bereganatzen zuten balio zientifikoa, naturalistek beste pieza batzuekin alderatzen zituztenean. Zergatik? Konparaketa horrekin espezimen ekarri berriak identifikatu eta sailka zitezkeelako; izan ere, hori zen ikerketa zientifikoaren benetako helburua.
XIX. mendearen hasieran, lan egiteko modu hori aldatzen hasi zen, espazioaeta denboranaturaren ikerketan ezustean sartu zirenean, naturalisten ikerketa-galdera berriekin batera.
1802ko ekainaren 23an, Alexander von Humboldt-ek, Aimé Bonpland-ek eta Carlos de Montúfarrek Chimborazo sumendia igo zuten (garai hartan, munduko mendirik altuena zela uste zen). Igoera benetan gogorra izan zuten naturalistek. Egun hotz eta lainotsua zen, eta arroka malkartsuak eskalatu behar izan zituzten, alboetan amildegi erraldoiak zituztela; eta, jakina, oxigenorik gabe, ezin ondo arnastu. Hala ere, hiru lagunak 5.917 metrora heldu ziren, gailurretik oso gertu.
Quitorako bidaia eta sumendirako igoera oso adierazgarriak izan ziren Humboldtentzat. Arreta handiko pertsona zen, eta xehetasun oro gogoratzeko eta lotzeko trebetasun harrigarria zeukan. Horri esker, aurreko bidaietan (Alpeetan, Pirinioetan eta Tenerifen) ikusitako landaredia eta arroka-egiturak gogoratu, eta Chimborazon ikusitakoarekin alderatu zituen. Leku urrun horien artean aurkitu zituen antzekotasun handiek biziki hunkitu zuten. Naturak mila hariko sarea zirudien; elementu guztiak elkarri lotuta zeuden!
Humboldtek ikuspegi osoa behatzeko adina urruntzea lortu zuen. Landareak, altitudearen arabera, estratuetan antolatuta zeudela konturatu zen: beheko haranetan, palmondoak, banbuzko baso tropikalak eta koloretako orkideak aurkitu zituen; gorago, Europako basoen antza zuten koniferoak, haritzak eta zuhaixkak zeuden; eta, ondoren, landaredi alpetarra eta likenak. Hodeien parean, harkaitza.
Chimborazoren marrazki batean irudikatu zituen Humboldtek gune klimatiko horiek. Landaretza-geruzak altitudearen arabera adierazi zituen, tenperatura, hezetasun eta presioaren datuekin batera. Jarraian, Chimborazoko eremu klimatikoak beste latitude batzuetako mendiekin alderatu zituen (2. irudia).
Humboldt izan zen natura bere osotasunean aintzat hartu zuen lehen zientzialaria. Haren lanak garaiko Historia Naturala eraldatu zuen, zeinak ordura arte objektuak eskala txikian eta modu isolatuan deskribatzen eta sailkatzen baitzituen. Orain badakigu, testuinguru fisikoa eta elementuen arteko elkarreraginak ezinbestekoak direla natura ulertzeko; naturak, gutxienez, hiru dimentsio dituela.
Bost urteko espedizio amerikar luzearen ostean, Humboldt Estatu Batuetatik Frantziara abiatu zen. Parisera heldu eta han geratzea erabaki zuen. Hiri hartan Muséum national d 'Histoire naturelle zegoen, Europa osoko zientzialariek miresten zuten tokia. Han, naturalista bikainak ezagutu zituen: haietako bat zen Georges Cuvier, gure ondorengo protagonista.
Cuvier anatomista zen, baina Madrildik jasotako enkargu batek geologiara hurbildu zuen: Buenos Airesen aurkitutako animalia erraldoi baten eskeleto-fosila helarazi zioten (3. irudia), txosten zientifiko bat egin zezan. Cuvierrek Megatherium (piztia handia) izena jarri zion animalia hari. Fosilen ikerketa anatomikoa egin ostean, ondorioztatu zuen ordura arte zientziarentzat ezezaguna zen animalia berri bat zela, nagien familiakoa; eta, ziur aski, desagertua egongo zela. Espezieen iraungipena hipotesi polemikoa zen; horri buruz, zientzialariek ez zuten inolako adostasunik lortzen.
Cuvierrek, anatomia konparatuaren bidez, beste izaki bizidunen hondarrak aztertu zituen, iraungitzearen hipotesia frogatzeko asmoz. Hala, elefante bizien eskeletoen eta elefante fosilen aztarnak zehatz-mehatz alderatu zituen, eta berriz ere ondorio berera iritsi: elefante fosila edo mamuta, espezie aurkitu berria zen, elefante espezie bizidunak ez bezalakoa, eta iraungita zegoen.
Paleontologiaren urrezko aroa zen. Toki ezberdinetako naturalistek fosilak biltzen zituzten, eta desagertutako espezie ugari deskribatzen hasi ziren. Mary Ann Anning orduko fosil-bilatzaile garrantzitsuenetariko bat izan zen. Ingalaterran jaiotako jatorri umileko emakumea zen, eta fosilen bilketa eta salmenta zuen bizimodu. Anningek fosilak maisutasun handiz bilatzen eta biltzen ikasi zuen; ikusten zuena interpretatzeko trebatu zuen bere burua. Garai hartako zientzialariek ondo ezagutzen zuten, eta nolabaiteko errespetua zioten. Besteak beste, iktiosauroen (Ingalaterran aurkitutako lehena), plesiosauroen (4. irudia) eta pterodaktiloen fosilak aurkitu zituen (azkeneko biak ordura arte espezie ezezagunak ziren).
Fosilak hondakin bitxiak ziren. Batzuek maskorrak eta hezurrak ziruditen, baina, egiaz, arrokaren zati bat ziren: harri bihurtutako hondarrak. Naturalista batzuek zera pentsatu zuten: fosilak arroka-estratu batzuen parte baziren, beharbada arroka-estratu horiek fosilei buruzko informazio gehigarria eman zezaketen; eta, fosilek, alderantziz, arroka-estratuei buruzkoa. Izan ere, fosil bakoitza harkaitz zehatz batzuetan baino ez zen agertzen.
Horrela, Cuvierrek museotik landara irtetea erabaki zuen, fosilak in situ aztertzeko, euren arroka-estratuetan. 1801ean emandako hitzaldi batean adierazi zuenez, arrokak zenbat eta sakonera handiagoan aurkitu —eta zenbat eta zaharragoak izan— orduan eta fosil ezezagunagoak zituzten, gaur egungo animalia-espezieekiko ezberdinagoak.
Estratu bakoitza garai batean sortu baldin bada, eta fosil ezberdinak baditu, behetik gorako estratu-jarraipen bat ikusten dugunean, istorio bat irakurtzen dugu, eta bertan, denboraren arabera aldatzen dira fosilak. Cuvierrek fosilen aldaketa horren kausak hondamendiak eta espezieen iraungitzeak zirela uste zuen arren, Jean-Baptiste Lamarck-ek (Cuvierren garaikidea zena eta Museo berean lan egiten zuena) espezieek denborarekin eboluzionatuzezaketela proposatu zuen.
Azkenik, Historia Naturalakbere baitan barneratu zuen naturaren historia.
Ordutik aurrera, Lurraren eta bizitzaren historia berreraikitzera bideratu zen naturalisten lana, kronologia biblikoen defendatzaileen amesgaizto bihurtuz. John Ruskin idazleak hau adierazi zuen: «Geologoek bakean utziko banindute! Bibliako bertset bakoitzaren amaieran, haien mailukadak entzuten ditut» (Ladow, 1971).
Pixkanaka-pixkanaka, arroka-motaren eta haren fosilen arabera, zenbait arotan banatu zen Lurraren eta biziaren historia (5. irudia): arrokarik zaharrenek ez zuten bizi-zantzurik, eta haien garaiari Azoiko deitu zitzaion; gainetik Eozoikoa zegoen, zeinak bizi-forma sinpleen aztarnak baitzituen; eta estratu horien ostean, Paleozoikoa. Aro horren barnean hiru garai bereiz zitezkeen: beheragoko estratuetan, arrainen garaia; gorago, landareena; eta azkenik, anfibioena. Ondorengo aroa, Mesozoikoa, narrasti handien aro ukaezina zen; eta, bukatzeko, Zenozoikoa, gure aroa, ugaztunen aroa.
Bizitzak historia du. Lurrak historia du. Natura ez da era abstraktuan existitzen, espazioan eta denboran existitzen da, eta espazioan eta denboran ulertzen da. Alferrik saiatzen gara natura giltzapetzen: natura mugimendua da, etengabeko sorkuntza, eraldaketa. Fenomeno biologikoek eta geologikoek lau dimentsio dituzte, aldakorrak eta errepikaezinak dira; eta hori da, hain zuzen ere, haien edertasunaren oinarria.
ITURRI BIBLIOGRAFIKOAK
Alsina Calvés J. (2007) Historia de la Geología. Una introducción. Biblioteca de Divulgación Temática 83. Editorial Montesinos: Barcelona. 230 pp.
Fernández M.D., Uskola A. eta Nuño T. (2006) Mujeres en la historia de la geología (I) Desde la antigüedad hasta el siglo XIX. Enseñanza de las ciencias de la Tierra, 14(2), 118-130.
Landow P. G. (1971) Chapter Four: Ruskin’s Religious Belief. In: Aesthetic and Critical Theory of John Ruskin (pp: 241-318). Princeton, New Jersey: Princeton University Press. Kapitulua eskuragarri: http://www.victorianweb.org/authors/ruskin/atheories/4.2.html
Pardo-Tomás J. (2018) La historia natural y el coleccionismo en gabinetes de curiosidades y museos de papel. En Cabré Pairet M. y Cruz de Carlos Varona M. (Ed.) María Sybilla Merian y Alida Withoos: mujeres, arte y ciencia en la Edad Moderna (pp: 69-76). Editorial Universidad de Cantabria: Santander.
Rudwick M. (2005) Picturing Nature in the Age of Enlightenment. Proceedings of the American Philosophical Society, 149(3), 279-303.
Wulf A. (2019) La invención de la naturaleza. Editorial Penguin Random House: Barcelona. 578 pp
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak
Elhuyarrek garatutako teknologia