Mary Anning, fosilen dama

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

mary-anning-fosilen-dama
Arg. Manu Ortega

Lyme Regis-eko (Ingalaterra) itsaslabarrean zebiltzan Joseph eta Mary, 15 eta 12 urteko anai-arrebak, aitarekin egin ohi zuten bezala, fosilak bilatzen. Baina 1811ko arratsalde hartan, inoiz ez bezalako aurkikuntza egin zuen Josephek: ia metro eta erdiko garezur bat! Krokodilo batena zirudien!

Handik hilabete batzuetara gainerako hezurdura aurkitu zuen Maryk. "Krokodilo" hura egunkarietan agertu zen, eta zientzialarien arreta piztu zuen. Everal Home-k sei artikulu argitaratu zituen fosil haren inguruan, zer zen ezin asmaturik: arrain-motaren bat, ornitorrinkoaren ahaideren bat, arrabioen eta muskerren arteko animalia bat... Azkenik, Charles Konig-ek Ichthyosaurus (arrain-musker) izena proposatu zuen, eta harekin gelditu zen.

Anningdarrak familia pobrea ziren. Joseph eta Maryren aita arotza zen, eta haren soldatak ez zuen askorako ematen garai zail haietan. Hala, diru apur bat gehixeago lortzeko, jaiegunetan fosil bila joaten zen, familiarekin batera askotan. Etxe-atarian mahai batean jartzen zituzten aurkitutako fosilak salgai. Herrian ohikoa zen turistei halako "bitxiak" saltzea: "suge-harriak" (amoniteak), "deabru-hatzak" (belemniteak), "krokodilo-hezurrak", eta abar.

1810ean aita gaixorik hil zenean, familia aurrezkirik gabe eta zorpetuta gelditu zen. Eta fosilen negoziotxoa zen gelditzen zitzaien aukera bakarra.

Hurrengo urtean etorri zen iktiosauroaren aurkikuntza. Haren ondoren, iktiosauroen fosil gehiago ere aurkitu zituzten. Hala ere, anningdarren egoera ekonomikoa oso txarra zen. Thomas Birch fosil-bildumagileak, familiaren egoerarekin errukituta, bere fosil-bilduma enkantean atera zuen 1820an, anningdarrentzat dirua ateratzeko.

Urte hartan bertan, beste itsas narrasti handi bat aurkitu zuen Maryk. William Conybearek Plesiosaurus (muskerren gertukoa) izena jarri zion. Hura deskribatzen zuen artikuluan eskerrak ematen zizkion fosila Anningi erosi zion gizonari, baina ez zen ageri fosila aurkitu eta prestatu zuen emakumearen izenik.

Plesiosauroaren lepo luzeak eta 35 orno izateak susmo txarrak ere eragin zituen. Georges Cuvier anatomista frantziar ospetsuak, esaterako, Anningen marrazkiak aztertutakoan, Conybeareri galdetu zion ez ote zen hura iruzur bat izango. Baina hala ez zela argitutakoan, Cuvierrek berak aitortu zuen aurkikuntza haren balioa: "Zalantzarik gabe, hauxe da aurreko mundu bateko arrastoen artean aurkitu den munstrorik handiena. Musker baten burua zuen, krokodilo baten hortzak, koadrupedo arrunt baten gorputz eta buztana, kameleoi baten saihets-hezurrak, bale baten hegatsak, eta izugarri luzea zuen lepoa, gorputzera jositako sugetzar bat balitz bezala".

Garai hartatik aurrera, Maryren esku gelditu zen ordura arte amak eraman zuen negozioa (Joseph tapizgintzan hasi zen). Baina Maryk fosilak bilatu eta saldu baino askoz gehiago egin zuen. 1824an, Londresko epailearen emazteak honela idatzi zuen Anning bisitatu ondoren: "Emakume gazte honengan harrigarria dena da bere kabuz lortu duela halako ezagutza zientifikoa, ezen edozein hezur aurkitu orduko bai baitaki zein triburi dagokion. Hezurrak zementuzko euskarri batean atontzen ditu, marrazten ditu... Dudarik gabe, Jainkoaren graziaren adibide zoragarria da neska gaixo ezjakin hau hain bedeinkatua izana, irakurtzearen eta ahaleginaren poderioz halako ezagutza mailara iristeko, doktoreekin eta gai horretan adituak diren gizon argiekin hitz egiteko eta idazteko gai izateko punturaino, ezen haiek guztiek aitortzen baitute erresuma honetako beste inork baino gehiago dakiela zientziaz".

Anningen heziketa oso mugatua izan zen (irakurtzen eta idazten baino ez zuen ikasi elizako igandeetako eskolan). Baina eskuratzen zituen artikulu zientifiko guztiak irakurtzen zituen, baita uzten zizkiotenak eskuz kopiatu ere. Eta arrain, txibia eta abarren disekzioak egiten zituen, aurkitutako fosilen anatomia hobeto ulertzeko.

Hala konturatu zen, adibidez, belemnite fosilen barruan aurkitu zituen tinta-poltsak txibia modernoenen antzekoak zirela, eta horri esker argitaratu zuen William Buckland-ek Jurasikoko belemniteek tinta erabiltzen zutela defentsarako, egungo zefalopodo batzuek bezala. Era berean, Anning ohartu zen "bezoar-harri" gisa ezagutzen zituzten fosil bitxi batzuk iktiosauroen sabelaldean agertzen zirela batzuetan, eta haiek hautsita, askotan, arrain-hezurrak eta ezkatak aurkitzen zirela barruan. Anningek susmatu zuen fosil bitxi haiek iktiosauroen gorotz fosilizatuak zirela, eta halaxe argitaratu zuen Bucklandek, kropolito izena emanda. Bucklandek bai, aipatu zuen Anning, haren lana goraipatuz.

Pterodactylus deitu zioten narrasti hegalari baten fosila ere aurkitu zuen, eta hainbat arrain espezie, bigarren plesiosauro bat, eta abar. Egunak joan eta egunak etorri joaten zen Anning Lyme Regis-eko itsaslabarrera. Neguan, batez ere; orduan izaten baitziren lur-jausi gehiago, eta orduan geratzen baitziren agerian fosilak. Fosil haiek itsasoak eraman baino lehen biltzea zen Anningen xedea. Eta lan hark bazuen arriskua, Anningek lagun bati kontatutako gertakari honetan ikus daitekeenez: "Barre egingo didazu agian, nire txakur fidelaren heriotzak lur jota utzi nauela esaten badizut. Labarra gainera erori zitzaion, eta nire begien aurrean hil zen, nire oinetatik gertu... patuaren eta bion arteko une bat izan zen...".

Anningek bisita asko izaten zituen, eta atsegin zuen hori, bereziki maila zientifiko handikoak zirenean. Gogoko zuen geologoekin eztabaidatzea, eta gida-lanak egin eta behar zuten laguntza guztia ematen zien. Zoritxarrez, gehienetan gutxi jasotzen zuen bueltan. Fosilak erosten zizkioten geologo eta bildumagile gehienek baino jakintza handiagoa izan arren Anningek, haiek argitaratzen zituzten beti aurkikuntzak, gehienetan Anning aipatu ere egin gabe. Anna Pinney lagunak honela idatzi zuen: "Esaten du erabili egiten dutela... zientzia-gizon horiek garuna xurgatzen diotela, eta etekin handia ateratzen dutela, lanak argitaratzen baitituzte, lan horien edukia harena izanik, eta hark batere etekinik atera gabe".

1846an, Geological Society-ko ohorezko kide egin zuten, bizitza osoan zehar geologo askori eskainitako laguntza eskertzeko. Handik hilabete gutxira hil zen, 47 urterekin, bularreko minbiziak jota.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila