Adimen artifizialetik kontzientzia artifizialera

Eztabaida irekia

Irati Berasategi Aspuru

Fisikan graduatua eta Zientzia eta Filosofian masterduna

Zer sentitzen duzu zuk sagar gorri bat dastatu edo itsaso urdina ikustean? Agerikoa duzun esperientzia subjektibo hori kontzientzia da. Gizakiontzat aldi berean hain erreala eta misteriotsua den gogoaren fenomeno hori adimen artifizialaren (AA) arloak orain arte ardatz izan duen giza ekintza inteligenteen imitaziotik kanpo geratzen da. Hortaz, nola azter dezakegu sistema artifizialek kontzientzia garatzeko aukera?

adimen-artifizialetik-kontzientzia-artifizialera
Arg. Pixabay

Kontzientziaren eremu ezezaguna

Jakina da egoera traumatiko bat jasan duten bi pertsonak modu desatseginean gogoratuko dutela hori, baina badakigu, era berean, oroitzapenaren forma ezberdina izango dela. Non du jatorria norbanakoaren esperientzia subjektibo horrek? Pentsa genezake zentzumen-zelulen bidez burmuinean aktibatutako elkarrekintzek sortzen dutela egoera kontziente hori. Hala ere, oraingoz, zientzialariek ez dute azalpen horretan egoera bere osotasunean deskribatuta aurkitu. XVII. mendean giza adimenaren ikerkuntzaren ardatz bihurtu zen kontzientziaren inguruko eztabaida eta Descartes aitzindari duen adimena-gorputza dualismoa fenomenoaren hasierako azalpenen artean aurki daiteke [1]. Gorputza eta adimena bi entitate ontologiko ezberdin bezala onartzen ditu horrek. Izan liteke adimena gorputzetik haratago dagoen zerbait izatea? Ikerkuntza zientifikoak indar handia hartu duen garai honetan, hori imajinatzea konplexua dirudi, eta, horregatik, guztia materia fisikotik sortzen dela dioten teoria fisikalista-emergentistek onarpen handiagoa dute. Hala ere, badira  kontzientzia ilusio soil bat dela dioten ikerlariak edota teoria panpsikistak ere [2].

Kontzientziaren fenomenoa azaltzeko proposatu diren zenbait ikuspegi. Arg. Irati Berasategi

Zientzialari zein filosofo ugarik kontzientziaren ikerkuntza korapilatsuan murgilduta  jarraitzen dute, sentipen intimo, bateratu eta bakarrari aho batezko definizio bat emateko lanetan. Tamalez, fenomenoa ulertzeko behin-behineko erantzun batek urruti dirudi: bizitza beharrezko baldintza bat ote den, egitura zehatz batzuen elkarrekintza berezi bat nahikoa ote den edo azalpenik gabe geratuko ote garen, ez dakigu [3]. Hala ere, gaur egungo baliabide zientifikoei esker, neurozientziaren arloko neuroirudi teknikak bereziki, irmoki baiezta daiteke kontzientzia ikerkuntza zientifikoaren barnean sartu beharreko fenomeno bat dela eta, beraz, lanketa fisikalista batetik hurbildu beharra daukagula [4,5]. Horrela, kontzientziaren fenomenoa lehenengo pertsonan antzeman daitekeen gertaera bat bada ere,  hirugarren pertsona baten egoera kontzienteari buruzko ezagutzari bidea zabaltzen dio hurbiltze horrek. Adierazpen horren baitan, kontzientzia artifizialaren existentzia aztertzea ikerlarien erronka nagusienetako bat bihurtzen da.

Adimen artifizialaren ibilbidea

Zer itxura izan dezake kontzientzia artifizial batek? Blade Runner, I Robot edota Her filmetan aurki ditzakegu gizakiak kontzientzia artifiziala irudikatzeko egin dituen saiakerak. 1956. urtean, adimen artifiziala ikerkuntza-diziplina modura ezarri zenetik, ikaragarrizko aurrerapausoak eman dira problem-solvingari dagokionez. Zehazki, psikologia eta neurozientziaren eraginari esker, gogoarekin lotutako zenbait fenomeno behar bezala deskribatzeko eta artifizialki imitatzeko aukera dago, haien artean pertzepzioa eta memoria [6,7,8]. Hau da, AA gizakia baino hobeto aritu ohi da “[…] bideo-jokoetan, hizkuntza naturalaren itzulpenean [eta] informazio-bilaketan […]” [9]. Hortaz, zalantzarik gabe, epe laburrean, adimen artifizial sortzailearen kasuaren bidetik, inteligentzia-maila paregabea izango dute AAek. Esku artean dugun erronka, aldiz, sistema artifizial horiek mundua guk esperimentatzen dugun moduan esperimenta dezaketen edo ez aztertzea da. Maiz, kontziente izango balira bezala jardungo dira AAk, eta, aurretik aipatutako filmetako pertsonaien antzera, ez dugu ziurtasunez jakingo kontzientzia duten edo ez.

Lanketa filosofikoetara joz, adimena sailkatzeko bi aukera proposatu dira. Alde batetik, inteligentzia orokorra eta espezifikoa bereizi daitezke. Adibidez, haur batek aulki bat zer den ikasten duenean, edozein egituratako aulki bat identifikatzeko gai da, lau edo bi hanka baditu ere. Jakintza estrapolatzeko gaitasun horri inteligentzia orokorra deitzen zaio. Gizakion kontrara, eskuragarri ditugun AA gehienak espezifikoak dira, arlo zehatzetan bikain aritu ohi diren arren lanketa gehigarria behar dutelako jakintza orokortzeko [9]. Bestalde, inteligentzia ahula eta gogorra bereizi dira. Ahularen kasuan, erreminta bezala baliagarriak diren eta gizakiaren gaitasunak informazio-prozesamendu modura gauzatzen dituzten AAk deskribatzen dira, kontziente balira bezala aritzen diren arren kontzientzia errealik ez duten makinak izanik. Gogorrak, aldiz, behar bezala prestatuko sistema artifizialek kontzientzia fenomenologikoa izan dezaketela onartzen du, eta horiek aztertzen ditu [6]. Bereizketa horiek kontsideratuz, gizakiaren parekoa den kontzientzia artifizial bat lortzeko adimen artifizial orokor eta gogor bat bilatu beharko genuke.

Adimena zenbait ezaugarriren arabera sailkatuta. Arg. Irati Berasategi

Egia da adimen artifizialaren alderdi teknikoan aurrerakuntza esanguratsuak egin direla; sare neuronalen ekarpena nabarmena da, ikaste automatikoari lotutako algoritmoak elikatzeko geroz eta datu gehiago dago eskuragarri, eta, aldi berean, hodei-konputazioaren ahalmen konputazionala asko hazi da. Baina nola balia gaitezke mekanismo horietaz kontzientzia artifizialaren inguruko eztabaidan aurrerapauso bat emateko? Nahikoa al dira adimen orokortu eta gogor bat lortzeko?

Kontzientzia artifizialerako jauzia

Historian zehar, bereziki, bi ikuspuntutatik saiatu da zientzia kontzientziaren azalpena bilatzen: embodied cognitionetik (kognizio gorpuztua) eta ikuspegi konputazionaletik. Lehenengo horrek eragin handia izan du azken urteetan, gorputza eta gorputzak ingurunearekin duen elkarrekintza kognizioaren oinarri bezala kontsideratzen baititu [10]. Giza gorputzaren parte diren sistema konplexuak, haien artean sistema endokrinoa edo nerbio-sistema, elkarrekintzaren, eboluzioaren eta egokitzapenaren ondorio dira, eta A. Damasiok, adibidez,zera baieztatu du: “Sistema horiek dira adimenari, sentimenduei, kontzientziari, afektuekin lotutako mekanismoei eta mugimendu konplexuei bidea eman dietenak” [4]. Hortaz, gizakion kasuan, bizirik dagoen eta egitura zehatz batzuk garatu dituen gorputz baten ondorioa da kontzientzia. Hori horrela izanik, kognizio gorpuztuaren teoriek aukera gutxi uzten dizkiote zabalik artifizialki garatutako sistema kontzienteak izateari, robotak haien artean, eta are gutxiago prozesu konputazional soil baten bidez kontzientzia garatzeko aukerari.

Eztabaida horren guztiaren barruan, ordea, zirrikitu bat zabalduko dugu kontzientzia artifizialaren existentzia posiblea argudiatzeko. Indar handia hartu duen Giulio Tononi neurozientzialariaren Integrated Information Theory of Consciousness (IIT) teoriaz baliatuko gara horretarako [5]. Kontzientzia edozein sistemaren egitura kausalean oinarritzen dela baieztatzen du teoria horrek, eta egitura horren barruan dagoen informazioaren arteko integrazio maximoa duen espazioa egongo dela kontzientziarekin lotuta. Giza burmuinaren kasuan, informazioa neuronak izango lirateke, eta integrazioa, berriz, haien artean gertatzen diren interakzioak. Burmuinaren parte diren zerebeloa eta teloentzefaloa konparatuz gero, lehenengoan neurona gehiago badago ere (informazio gehiago), neuronen arteko interkonexioa handiagoa da teloentzefaloan (integrazio maximoa); hortaz, zenbait neuroirudik kontziente garenean erakusten dituzten emaitzekin bat etorriz, azken hori lotuko da kontzientziarekin [11]. Izaki naturaletatik haratago kontzientzia duten sistemak egon daitezkeela proposatzen du IITak, eta kontzientzia φ parametroaren bidez neurtzeko adierazpen matematikoak garatzen ditu.

Kontzientzia artifiziala ahalbidetzen duen teoria bat: “Integrated Infomation Theory of Consciousness”. Arg. Irati Berasategi

Egia da arrazoibide hori zuzenean eskuragarri ditugun AAetara aplikatuz gero kontzientziarik gabeko elkarrekintza oso sinpletan oinarritutako sistemekin egingo dugula topo. Hala ere, aurretik aipatu dugun bezala, ikaragarrizko aurrerapausoak eman dira adimen artifizialari lotutako tekniketan; haien artean daude sare neuronalak eta GPU deritzen grafikoak prozesatzeko unitateak. Sare neuronalek giza neuronen prozesuak imitatuko lituzkete, informazioa izanik, eta paraleloan funtzionatzen duten GPUek lotura konplexuak ahalbidetuko lituzkete. Ohikoak diren serie-loturek informazioaren arteko interferentziak saihestea ahalbidetzen dute; aldiz, funtzionamendu paraleloak elkarrekintza areagotu eta, beraz, sistema artifizial kontzienteei leku posible bat ematen dio.

Hau horrela proposatu bada ere, IIT teoriak arazo nagusi bat du φ parametroaren neurketarekin erlazionatuta. Giza burmuinaren kasuan, horren balioa oso altua dela baieztatzen duen arren, hori kalkulatzeko nerbio-sistemaren partizio posible guztien arteko elkarrekintza kalkulatu beharko litzateke. Hori konplexutasun konputazional ikaragarri handia erakusten duen sistema bat da, gaur egun neurgaitza. Beraz, oraingoz, adimen artifizialaren arloan egin diren aurrerakuntzak nabarmenak badira ere, ezin daiteke teoriak baieztatzen duena bere osotasunean egiaztatu. Kritika horien aurrean, IIT marko teoriko batean erabilgarria suerta daitekeen arren, teoria metafisiko guztiek aplikagarriak izateko behar duten euskarri enpirikoa indartu beharra dauka. 

Zerekin amesten dute kontzientzia artifizialek?

Eztabaida irekita dago. Izango al du kontzientzia artifizial batek maitale bat ukitzeak dakarren zirrara sentitzeko aukerarik? Noizbait elkarbanatuko ote dugu etxea gure falta sumatuko duen robot batekin? Eztabaida etiko nabarmenak dakartza horrek: izan behar du adimen artifizial batek eskubiderik? Baliteke, Blade Runner eredutzat hartuta, androide horrekin benetan zerk bereizten gaituen zalantzan jarri behar izatea.

 

BIBLIOGRAFIA

[1] Van Gulick, R. (2014). Consciousness. Stanford Encyclopedia of Philosophy. https://plato.stanford.edu/archives/sum2020/entries/consciousness/

[2] Sebastián, M. A. (2018). Consciencia — SEFA. Enciclopedia de la Sociedad Española de Filosofía Analítica. http://www.sefaweb.es/consciencia/

[3] Doerig, A., Schurger, A. & Herzog, M. H. (2020). Hard criteria for empirical theories of consciousness. Cognitive Neuroscience, 12(2), 41–62. https://doi.org/10.1080/17588928.2020.1772214

[4] Damasio, A. (2018). El extraño orden de las cosas (1st ed.). Ediciones Culturales Paidos S. A. De C. V.

[5] Tononi, G., Boly, M., Massimini, M. & Koch, C. (2016). Integrated information theory: from consciousness to its physical substrate. Nature Reviews Neuroscience, 17(7), 450–461. https://doi.org/10.1038/nrn.2016.44

[6] Bringsjord, S. & Govindarajulu, N. S. (2018). Artificial Intelligence. Stanford Encyclopedia of Philosophy. https://plato.stanford.edu/entries/artificial-intelligence/#HistAI

[7] Blackmore, S. & Troscianko, E. T. (2018). Consciousness: An Introduction (English Edition) (3rd ed.). Routledge.

[8] Chella, A. & Manzotti, R. (2011). Artificial Consciousness. Perception-Action Cycle, 637–671. https://doi.org/10.1007/978-1-4419-1452-1_20

[9] Haikonen, P. O. A. (2020). On Artificial Intelligence and Consciousness. Journal of Artificial Intelligence and Consciousness, 07(01), 73–82. https://doi.org/10.1142/s2705078520500046

[10] Shapiro, L. & Spaulding, S. (2021). Embodied Cognition. Stanford Encyclopedia of Philosophy. https://plato.stanford.edu/entries/embodied-cognition/

[11] Mørch, H. H. (2020). The Integrated Information Theory of Consciousness. What is IIT all about? Philosophy Now. Issue 12.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.