Tokiko Agenda 21: urratsez urrats bidea eginez

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Rion 1992an Agenda 21en dokumentua kaleratu zenetik, jarraitu beharreko metodoa egokitzeko saiakera ugari egin da. Herri gehienek bide berari jarraitu diote funtsean, baina herri bakoitza berezia denez, Tokiko Agenda 21ek tokiko ezaugarrien araberakoa izan behar du.
Tokiko Agenda 21 ezartzeko prozesuan, pauso bakoitza da garrantzitsua.

Euskal Herrian, esate baterako, nabarmena da hiriguneek eta herri txikiek zerikusi gutxi dutela, gizartearen egitura eta egon daitekeen problematika bera ere desberdina baita batzuetan eta besteetan. Horregatik, kostaldeko herri txiki batek, seguruenik, zerikusi gehiago izango du ehunka kilometrora dauden herri arrantzaleekin hamar kilometro eskasera duen hiriburuarekin baino.

Guztiek oinarri bera

Dena den, herri guztiek bide berari jarraitzen ez dioten arren, TA21 ezartzeko orduan, antzeko pausoak ematen dituzte. Gehienetan, prozesua Aalborg-eko Gutuna sinatzean hasten da. Hala, udalerri sinatzaileak jasangarritasunaren alde lan egiteko konpromisoa azaltzen du.

Funtsean bost fase bereiz daitezke: lehenengo, prozesua planifikatzen da; ondoren, diagnosia egiten da (diagnosiak tokiko ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen egoera islatzen du); eta, horren arabera, ekintza plana zehazten da. Ekintza-plana martxan jarri eta aldi berean azkeneko fasea hasten da, kontrola eta jarraipena.

Gizarteko partaide diren neurrian, haurrek ere badute zeresana.

Berez amaierarik ez daukan prozesua behar luke izan: adostutako ekintzak burutu ahala, ekintza berriak planifikatzen dira. Hala, ekintza batzuk burutu eta horiei jarraipena egiten zaien bitartean, beste batzuk adosten dira.

Toki askotan Agenda 21en ardura ingurumen-sailaren esku geratzen da. Tamalez, sail horrek ez du izaten hirigintzan eta lurralde-antolakuntzan eragiteko adinako indarrik, eta, ondorioz, herritarrek adostutako ekintzak paperean geratzen dira.

Horregatik, beharrezkoa da prozesua aurrera eramateko konpromiso sendoa izatea hasiera-hasieratik. Gidaritza alkatetzak hartuta lortu dira emaitzarik onenak; udaleko kudeaketa jasangarriagoa eginez, herritarrek begi-bistan daukate jarraitu beharreko eredua. Gainera, itxura guztien arabera, udaleko sail guztiak helburu berean inplikatzeko era bakarra da.

Herriaren ahotsa

Prozesu horretan zehar, jendearen parte-hartzea ezinbestekoa da, hasiera-hasieratik. Demokrazia parte-hartzaileagoa bilatzen da, adostasunean oinarritua. Herritarrek erabakitzen dute etorkizunean nolako herria nahi duten. Dena dela, herritar esatean ez da kaleko jendea soilik aipatzen: udaleko alkate, zinegotzi eta langileek ere parte hartu behar dute; herriko enpresa handi eta txikien arduradunei ere dei egiten zaie; herrian egon daitezkeen kultur elkarte, aisialdi-talde eta bestelako elkarteek ere parte hartzea komeni da.

Ingurumena, ekonomia eta gizartea ezin dira bereizi. (Argazkia: G. Roa).

Parte-hartzea hainbat modutan egin daitekeen arren, ohikoena foroak egitea da. Normalean, herritar guztiei zabaltzen zaie parte hartzeko aukera, eta zenbait gizarte-talderi zuzenean egiten zaie gonbita, batez ere, gizarte osoaren ordezkaritza izango dela bermatzeko. Horrela, interes berezia daukatenak bakarrik ez, gainerakoak ere joatea bermatu nahi izaten da.

Adierazleak: neurketa-tresnak

Tokiko Agenda 21 etengabe hobetzeko, ezinbestekoa da adierazleak ezartzea. Adierazleen eginkizuna tokiko jasangarritasunerako bilakaera positiboa den ala ez neurtzea da, hein handi batean. Horregatik, herri bakoitzean adostutako helburuen eta ekintzen araberakoak izan ohi dira. Esate baterako, TA21 baten helburuen artean ur kontsumoa jaistea baldin badago eta ura alferrik ez xahutzeko kanpaina bat egitea erabakitzen bada, herrian kontsumitzen den ur-kantitatea neurtzen da denborak aurrera egin ahala kanpainak zer-nolako eragina izan duen jakiteko; hau da, adierazleetako bat ur-kontsumoa da.

Agenda 21ek ez luke balio behar dotoretzeko bakarrik.

Udalerriei laguntzeko, adierazle-multzo desberdinak zehaztu dira. Euskal Herrian bertan argitaratu diren adierazle-bildumen artean, Eusko Jaurlaritzaren 2002ko Ingurumen-adierazleak eta IHOBEren Tokiko Agenda 21eko Adierazleak daude. Adierazle-bilduma horietatik, herri bakoitzak bereak aukera ditzake, eta aurrera eramaten ari den ekintzetara egokitu. Hala, herri jasangarria izateko gertuago ala urrunago dauden jakin daiteke.

Horregatik guztiagatik, nahitaezkoa da adierazle egokiak aukeratzea, hala, etengabeko prozesuaren norabidea egoki daiteke unean uneko egoeraren arabera.

Nolako herria, halako Agenda

Agenda 21 tokian tokiko ingurumena zaintzeko premiaren ondorioz jaio zen arren, hiru oinarri ditu: ingurumena, ekonomia eta gizartea. Eta hirurak hobetzeko egin behar izaten da lan. Dena dela, herri bakoitzaren hasierako egoeraren arabera, adostutako ekintzak oso desberdinak izan ohi dira.

Eman dezagun Europa iparraldeko herri batean bizi garela. Gizarte-gaiak aspaldidanik izan dira gobernuaren helburu nagusietako bat, eta, ondorioz, ez dago ia langabeziarik eta etxebizitza ez da arazo, baina jendeak aisialdirako kiroldegiak eta parkeak eskatzen ditu. Logikoa da, Agendaren aurrekontuen gehiengo bat ingurumena hobetzeko ekintzetan joatea.

Jar gaitezen orain beste muturrean. Demagun Rio de Janeiroko auzo txiro batean bizi garela. Seguruenik, etxetik gertu haurrak jolasteko parke bat edukitzea baino beharrezkoagoa izango dugu lana eta etxebizitza duin bat izatea, eta, horregatik, Agendan diru gehiago eskaini nahiko diogu helburu horiek bilatzeari. Beraz, ingurumena hobetzea baino lehenago datoz bizi-kalitatea hobetzeko gizarte-ekintzak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila