Rosettak argitutako hamaika sekretu

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Rosetta harria gako izan zen hieroglifikoak deskodetzeko. Bada, harri haren izena eman zion Europako Espazio Agentziak kometen misterioa argitzeko helburua zuen misioari: Rosetta misioa. Zehazki, 67 P/Churyumov-Gerasimenko kometari jarraitu zion Rosetta ontziak, eta modulu bat ere utzi zuen haren azalean: Philae. Ontziak irailaren 30ean amaitu zuen 2004ean abiatutako bidaia, eta luze joko du bildu dituen datu guztien analisiak. Baina, orain arte argitaratutako emaitzei esker, dagoeneko baieztatu dira kometei buruzko zenbait uste, baita beste zenbait ezeztatu ere.
rosettak-argitutako-hamaika-sekretu
Kometaren jarduera areagotu egin zen, Eguzkitik gertuen zegoen garaian. Arg. ESA/Rosetta/MPS for OSIRIS Team MPS/UPD/LAM/IAA/SSO/INTA/UPM/DASP/IDA

1. Kometek bi nukleo izan ditzakete

67P kometaren itxurak harridura sortu zuen: irudien arabera eta espero zutenaren kontra, kometa ez zen nukleo bakarreko arroka baten moduko zerbait, bi nukleoz osatutako gorputz asimetriko bat baizik. Gomazko ahatetxo baten antza hartu zioten, eta horrela irudikatu dute geroztik.

Nukleo handienaren bolumena, hau da, gorputzaren bolumena 4,1x3,3x1,8 km3 da, eta txikiarena edo buruarena, berriz, 2,6x2,3x1,8 km3 . Lepoa aintzat hartuta, 21,4 km3 -ko bolumena du, eta 470 kg/m3 -ko dentsitatea (artelazkiarena baino txikiagoa).

2. Txikia baina konplexua

Kometaren errotazio-ardatza 52º okertuta dago ekliptikarekiko; horrenbestez, muturreko urtaroak izaten ditu. Duen itxuragatik, grabitatea ere asko aldatzen da leku batetik bestera, indar zentrifugoaren ondorioz. Hala, leku batzuetan, lurrekoa baino hiru aldiz txikiagoa izan daiteke. Ihes-abiadura, gutxi gorabehera, 0,9 m/s-koa da.

3. Eguzki-sistemaren hastapenetan sortu zen

Astronomoek urte luzez uste izan dute materia-hondarrak elkartuta sortu zirela kometak, eguzki-sistema eratzen ari zen garaian. Bada, Rosettaren arabera, 67P kometa behintzat bai, halaxe sortu zen. Eta oso litekeena da besteak ere hala sortuak izatea.

Hain zuzen, 67Pren itxura azaltzeko, bi hipotesi zituzten astronomoek: zati batzuk besteak baino errazago higatu zirela, eta, beraz, higaduraren ondorioz hartu zuela itxura hori; edo bi zati elkartuta eratu zela. Azken hipotesi horren alde egiten dute Rosettak bildutako datuek. Adibidez, gorputzak eta buruak ezaugarri desberdinak dituztela nabarmendu du ESAk; horrek frogatzen du kometa bien batura dela.

4. Ez da elur-bola zikin bat

Ohikoa izan da kometak elur-bola zikin gisa irudikatzea. Rosettak, ordea, gezurtatu egin du irudi hori. Hain zuzen, kometaren azalean oso izotz gutxi topatu dute; asteroide baten antza handiagoa du, elur-bola batena baino.

Arg. ESA/Rosetta NAVCAM

Hala ere, batzuek uste zuten agian azalaren azpian izan zezakeela izotza. Eta bai, badu, baina ia guztia beste materialekin nahasita dago; beraz, ez da izotz-itxurarekin azaltzen. Gainera, eremu batzuk ia erabat lehorrak direla ikusi dute. Hala, izatekotan, hauts-bola bat da 67P kometa.

5. Izotza bizirik dago

Uste baino izotz garbi gutxiago aurkitu badute ere, izotzak ziklo bat betetzen duela frogatu dute. Gauez, sakonera txikian dagoen izotza sublimatu egiten da, egunez jasandako tenperatura altuen ondorioz. Azalera iritsitakoan, izoztu egiten da, eta izotz-geruza bat eratzen du. Geruza hori, baina, berriro sublimatzen da, Eguzkia atera orduko. Horrenbestez, 67P kometan ikusitakoaren arabera, ez da izotz asko behar kometa batek jarduera izan dezan.

6. Kometak ez dira Lurreko uraren jatorria

Bazen baieztatu gabeko beste hipotesi bat: kometek ekarri zutela ura Lurrera. Asteroide askok ere ura zutela jakin zenean, hipotesiak indarra galdu zuen, are gehiago asteroideen izotzak eta ozeanoek konposizio isotopiko berbera zutela frogatu zenetik. Gainera, kometen datuak aztertzeko aukera izan zutenean, ohartu ziren beste konposizio bat zutela.

Alabaina, 103P/Hartley 2 kometaren isotopoak aztertu zituztenean, ezusteko handia hartu zuten: deuterioaren ehunekoa (hidrogenoaren isotopo bat) Lurreko ozeanoek dutenaren antzekoa zen. 103P kometa periodo laburrekoa da, eta halakoa da baita 67P ere. Berehala sortu zen galdera: hark ere ozeanoen antzeko konposizio isotopikoa izango ote du? Rosettaren ROSINA tresnak eman zuen erantzuna: ez. Horrenbestez, Lurreko ura asteroideek ekarri zutela da hipotesi sendoena gaur egun.

7. Eguzkiak oldarkor bihurtzen du

Eguzkira gerturatu eta aldendu ahala kometak bizi dituen aldaketei jarraitzea izan da Rosetta misioaren helburu nagusietako bat. 2014an Rosetta zunda kometara iritsi zenean, kometak egunean 300 g ur-lurrun igortzen zituela neurtu zuten. Eguzkira gerturatu ahala, jarduera areagotzen joan zen, eta 2015eko abuztuan, Eguzkitik gertuenen zegoenean, hau da, perihelioan, segundoko 300 kg ur-lurrun eta tona bat hauts igortzera iritsi zen. Guztira, periheliotik igarotzen den bakoitzean 3-5 milioi tona galtzen dituela kalkulatu dute. Zorrotadetako batzuk, gainera, bereziki bortitzak dira, eta hautsa ez ezik, arroka-puskak ere igortzen dituzte.

8. Hobiz josia

Kometaren bi zatiak elkartzen diren ingurunea, gertutik. Arg. ESA/Rosetta/MPS for OSIRIS Team MPS/UPD/LAM/IAA/SSO/INTA/UPM/DASP/IDA

Kometaren azalean behatutako egitura berezienen artean, hobi zirkularrak daude. Eremu batzuetan besteetan baino ugariagoak eta sakonagoak dira. Azaldu dutenez, kometaren barrualdeko karbono monoxido eta karbono dioxido izoztuak sublimatzean sortzen dira, azaleko estalkia eraitsi egiten baita. Orduan, eguzkitan geratu den izotza ere sublimatu egiten da, eta hautsa eramaten du berekin. Hala, hobi horietatik galtzen ditu kometak nukleoko gas eta hauts gehien.

9. Askotariko paisaiak

Hobiak ez ezik, amildegiak, dunak, arroilak... era askotako egiturak ditu kometak. ESAkoek 20 eremu bereizi dituzte, eta jainko egiptoarren izena eman diete. Hala ere, oro har bi eratakoak dira eremu horiek: batzuek kometaren azalera solidoa erakusten dute, arrokatsuak dira eta pitzadura eta amildegi handiak dituzte; besteak askoz ere leunagoak dira, eta metatutako hautsez osatuta daude. Philae moduluak lur hartu behar zuen tokia leun horietakoa zen, eta arrokatsua eta zakarra, berriz, Rosettaren agurrerako aukeratutakoa.

10. Molekula organikoak ditu

Rosetta misioak ez du argitu Lurreko biziaren jatorria kometak ote diren, baina bai 67P kometak konposatu organiko ugari dituela. Besteak beste, glizina aminoazidoa nabarmendu dute, eta glikoaldehidoa, etanodiola eta azetona ere detektatu dituzte. Horrez gain, biziaren oinarri diren beste substantzia batzuk ere topatu dituzte, hala nola etanola eta fosforoa.

11. Eta oxigenoa!

Hala da, oxigeno molekularra ere detektatu dute 97P kometan. Astrofisikariek ez zuten halakorik espero, oso erreaktiboa baita, baina kometa inguratzen duten gasen artean laugarren osagai ugariena dela erakutsi dute masa-espektrometroaren neurketek (uraren, karbono monoxidoaren eta karbono dioxidoaren atzetik).

Kometak eguzki-sistemaren sorrerako fosiltzat hartzen dira, duela 4.500 milioi urte inguru eguzki-sistema eratu zeneko hondarrekin eginda baitaude, eta, geroztik, apenas aldatu baitira. Rosetta misioko ikertzaileek adierazi dutenez, litekeena da oxigeno molekular hori kometa sortu baino lehenagokoa izatea. Are gehiago: badirudi kometak gordetako oxigeno-molekula batzuk Eguzkia bera sortu baino lehenagokoak direla.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila