Osasuntsu jaten duzu? Egin kasu zure gorputzaren seinaleei

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Azaleko granoak, larruazal lehorra, ile ahul eta hauskorra, begi-zulo sakonak, aho-hats txarra... oso sintoma arruntak eta ohikoak dira. Geure gorputzean zerbait ondo ez doan seinale. Eta arrazoia, kasurik gehienetan, elikadura desegokia izan ohi da. Zure gorputzak bidaltzen dizkizun seinale horien arabera, zure dietari zer falta zaion edota zer duen soberan jakin ahal izango duzu.

Aurpegia, osasun-egoeraren ispilu

Jar zaitez ispiluaren aurrean eta aztertu zure aurpegia. Zure osasun-egoera balioztatzen lagunduko dizuten hainbat seinale aurkituko dituzu.

Begi-zulo sakonak


Kasu askotan, begi-zuloak gorputzean toxinak dauden seinale dira, edo baita burdinaren eta bitaminen eskasiaren seinale ere. Afaltzeko janari koipetsuak hartzeko ohiturak ere begi-zuloak eragiten ditu, janari horien digestioak, motelagoa denez, gauean behar bezala atseden ez hartzea eragiten baitu. Jan-neurrian gatz gehiegi hartzeak ere likidoen erretentzioa eragiten du, eta begien azpian poltsak agertzea.

Zer egin? Berrikusi zure dieta, eta ez dadila haragi-giharrik eta hosto berdeko berdurarik falta (burdina asko duten janariak baitira). Gutxitu koipe aseak (haragi gorria, hestebeteak, urdaia), aurrez prestatutako jakiak eta janari gaziak, afarian batez ere.

Granoak eta azal koipetsua


Gantz gehiegi hartzeagatik gibelak eta hesteek gehiegizko ahalegina egin behar duten seinale izan daiteke. Gorputza ezin dutenez erabat garbitu, toxinak azalean pilatzen dira. Bestela, B6 bitaminaren gabezia ere adieraz dezakete, bitamina horrexek erregulatzen baitu azaleko koipearen jariaketa.

Zer egin? Jan-neurriko gantz-kantitatea gutxitu eta B6 bitaminatan aberats direnak gehitu (zerealak, lekaleak...).

Afaltzeko janari koipetsuak hartzeko ohiturak begi-zuloak eragiten ditu, janari horien digestio motelagoak atseden ez hartzea eragiten baitu.

Larruazal lehorra, ezpainetako azala 'ezkatatu' egiten da


Zure azalari hidratazioa falta zaion seinale argiak dira, seguruenik, zure dietan likido gutxi hartzen duzulako. Azala eta mukosak egoera onean mantentzeaz arduratzen den B2 bitaminaren eskasiak ere eragin dezake azala lehortzea.

Zer egin? Egunean gutxienez bi litro ur edan. B2 bitaminatan aberats diren janari gehiago jan

berdurak, gazta, arrautzak eta esnea


Zure ileak zure berri ematen digu

Ez da arazo estetikoa soilik. Ilean izan ditzakegun arazoek informazio baliozkoa ematen digute, gure osasun-egoeraren berri jakiteko.

Zahia eta ezkatatzea


Elikadura desegokiak, batetik, eta gehiegizko estresak, bestetik, azalaren keratinizazio-prozesua areagotzea eragin dezakete, eta, horren ondorioz, zahia agertzea. Baina esnekien gehiegizko kontsumoaren ondorioa ere izan daiteke, esne osoarena eta gaztarena, batez ere.

Zer egin? Jan fruta freskoa eta zerealak, integralak badira hobe. Murriztu, denboraldi baterako, esne osoaren eta gazta onduen kontsumoa. Horien ordez jogurtak jan ditzakezu.

Kafearen eta alkoholaren kontsumoa jaistea komeni da buruko mina eragozteko, pertsona sentikorren kasuan.

Azazkal eta ile ahulak


Bitamina eta mineralen (batez ere kaltzioaren eta burdinaren) gabeziaren seinale izan daitezke. Argaltzeko dieta zorrotzegiak edo jan-neurri desorekatuak egiten direnean agertzen dira sintoma horiek.

Zer egin? Aberastu ezazu zure dieta kaltzio ugari duten janariekin (esnekiak, soja, sardinak, espinakak edo ziazerbak), eta baita burdinatan aberats direnekin ere (haragia, arrautza-gorringoa, dilistak, zerbak, ziazerbak, tomatea, etab.).


Eta osasunak kale egiten duenean...

Gorputzaren beste seinale batzuk ere interesgarriak izan daitezke gure elikadura balioztatzeko eta gure osasunean elikadura horrek eragin ditzakeen kalteak aztertzeko.

Ahoko hats txarra


Digestio zail eta neketsukoak diren janariak (haragi gorria, hestebeteak, gurina, etab.) neurriz kanpo jatearen ondorio izan daiteke ahoko hats txarra.

Zer egin? Janari freskagarriak hartu (letxuga, perrexila, menda-infusioak, etab.). Azetona-arazoak edukiz gero, gozoak hartu behar dira.

Janari min edo pikanteek areagotu egiten dituzte zain markatuak edo barizeak.

Zain markatuak (gorriak) eta barizeak


Aurpegian ager daitezke, baina batez ere zangoetan. Zirkulazio motela eta odol-hodien elastikotasunaren galera adierazten dute. Idorreriak, edari alkoholdunek eta janari min edo pikanteek larriagotu egiten dute arazoa.

Zer egin? Zuntz asko duten janariak hartzea komeni da idorreria arintzeko, esaterako, zereal integralak, lekaleak eta aranak. Tipulak eta baratxuriak odolaren zirkulazioa hobetzen dute. Eta C bitaminatan aberats diren elikagaiek (zitrikoak, piperra, azalorea, etab.) odol-hodien paretak indartzen dituzte.

Buruko mina


Zenbait kasutan, zefaleen jatorria substantzia jakin bat izan daiteke (glutamatoa, tiramina edo nitratoak, batzuk aipatzearren), eta substantzia horiek buruko mina eragin dezakete pertsona sentikorren kasuan. Ez ahaztu gai horiek ugari agertzen direla janari txinatarrean, gazta onduan, fruitu
lehorretan eta ardo beltzean.

Zer egin? Janari horiek neurriz jan. Gutxitu kafearen eta alkoholaren kontsumoa.

Hortz horixkak


Teak, kafeak eta koloragarriak dituzten edariek hortzaren gainazala zahartu eta kolorea aldatzen diote.

Barazkiak eta fruta jatea komenigarria da arazoari aurre egiteko.

Zer egin? Edari horietakoren bat
hartuz gero, garbitu hortzak lehenbailehen, eta erabil ezazu pasta zuritzailea.

Mihiaren kolorea


Mihia zurixka bada, gibelak edo urdailak gehiegizko karga dutela adierazten digu. Arindu ezazu zure dieta, eta, janari kalorikoen ordez, fruta eta berdurak jan.

Gorrixka bada eta handitua baldin badago, bitamina-eskasia adierazten du. Mihi horixka, berriz, erretzaile handien ohiko mihia izaten da.

Mihi lehorrak botiken gehiegizko kontsumoa adieraz dezake, lasaigarriena batez ere. Arnas arazoen seinale ere izan daiteke (zurrungak, ahoa irekita daukagula arnas hartzea, etab.). Azkenik, mihi urdinxkak odoleko oxigeno falta adierazten du, eta bihotzeko arazoren bat dagoela pentsa dezakegu.

Benetan ongi jaten duzu?

Badira ia oharkabean egiten ditugun akats batzuk, eta horiek hainbat osasun-arazoren kausa izan daitezke. Ikus ditzagun ohikoenak:

Etxetik kanpo maiz bazkaltzea
Ez da ohitura osasungarria; izan ere, jatetxeetako platerak etxean prestatzen direnak baino kaloria eta espezie gehiagokoak izaten dira. Beste erremediorik ez baduzu, saia zaitez plater arinak eskatzen: entsaladak, berdura, arraina.

Jatetxeetako platerak etxean prestatzen direnak baino kaloria eta espezie gehiagokoak izaten dira.

Otorduen artean jatea
Ez legoke arazorik, baldin eta janari arinak eta osasungarriak hartuko bagenitu (jogurta, fruta, etxean egindako zukuak, infusioak). Baztertu egin beharko genituzke, odea, txokolatea, patata frijituak, hestebeteak, gozoak, etab.

Gutxi gosaltzea, edo batere ez
Gosaria da eguneko otordu nagusia. Gosarian, karbohidratoak (ogia, zerealak...), proteinak (esnea, jogurta, gazta...), eta bitaminak (fruta edo zukuak) hartu beharko lirateke. Ez badugu behar adina gosaltzen, ez dugu edukiko egunari aurre egiteko adina energia, eta otorduen artean jateko gogo handiagoa izango dugu.

Azkarregi jatea
Zenbat denbora behar duzu jateko? 20 minutu baino gutxiago badira, bizkorregi jaten duzu. Eta azkarregi jateak haizeak sorrarazten ditu, eta digestioak zailtzen.

Janari koipetsu gehiegi jatea
Haragi gehiegi, frijitu eta hestebete gehiegi... horren ondorioz, gibelak jo eta ke aritu behar du koipe horiek asimilatzeko. Eta horrek osasun-arazo ugari ekar ditzake.

Frutarik ez jatea
Gutxienez hiru bat pieza edo ale jan beharko genituzke egunean. Eta aukera izugarria daukagu gaur egun. Hori egin ezean, oso erraza da bitamina eta mineralen eskasia agertzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila