Karga-hegazkinak ordea, diseinuz oso desberdinak dira. Bodega handia izaten dute, zoladura sendoa, barruan karga lotzeko gailu bereziak, kargak erraz sartzeko eta ateratzeko ate handiak (bodegaren neurrikoak gutxienez) etab. Bodegak gainera, garabi eta dibidietak ditu zama handi eta astunen sartu-irtenerako, eta arranplak ere bai, ibilgailuen karga eta deskargarako. Karga-hegazkinek bestetik, ongi prestatu gabeko aireportutan lurrartu behar izaten dute, urruti dauden obretara pieza handiak, ibilgailuak, edifizio-zatiak eta abar eramaten dituztelako. Horregatik mendiz inguratutako eta klima hotzetako aireportu laburretan lurrartzeko modukoa izan behar du karga-hegazkinak. Guzti hori kontutan harturik, hegazkin-mota honek diametro handiko fuselaia du eta hegoak goian, kargarentzako zolua beherago egon dadin. Gainera pisua kontutan harturik, lurrartzeko gurpil ugari izaten du.
Sobiet Batasunean Oleg Antonov-ek mota honetako hegazkinak diseinatu zituen; An-8, An-, An-22, An-26 eta An-32 izeneko ereduak hain zuzen. An-22 ereduak esate baterako, 1967. urtean marka guztiak hautsi zituen. Orduan, 100,4 tonako karga 8.000 metroko altueraraino igo zuen eta beste hamazazpi urtean inork ez zion aurrea hartu.
Geroztik ordea, Sobiet Batasunean eredu handiago eta hobeak egin dituzte, azkenekoa An-124 Ruslan izenekoa delarik. Bere ezaugarri nagusiak hauek dira: Guztira 405 tona airera ditzake (105 tonako karga), 6,4 metro zabal, 4,4 metro altu eta 36 metro luze dira bodegaren neurriak (1000 metro kubiko baino gehiago), 16.500 kilometroko autonomia du, eta 11.000 metroko altueran 850 km/h-ko abiadura lor dezake.
Lurrartzeko 24 gurpil ditu, baina beren altuera erregulatu egin daiteke. Horri esker, ateak irekitakoan bodega eta lurraren arteko distantzia oso txikia izaten da, horrela kargak errazago sartu edo ateratzen direlarik.
Hogeitalau gurpil horiei esker bestetik, hormigoirik gabeko eta 3.000 metroko pistetan lurrar dezake edo airera daiteke. Aireratzerakoan, D18T ereduko lau erreaktorek 23.400 kg-ko indarra eragiten diote.
Karga-hegazkin honetan bereziki zaindu den beste alderdi bat, segurtasunarena izan da. Laborategitan eta pistatan proba asko egin da horretarako eta ordenadoreen bidez tripulazio eta lurreko kontrolatzaileen lana asko sinplifikatu da. Hegazkinaren gobernurako ordenadoreez gain aginte elektromekaniko eta hidrauliko laukoitzak ditu, segurtasunaren mesedetan. Egonkortasun "artifiziala" ere handia du. Airean zurrunbiloak direnean efektu kaltegarriak konpentsatzearren hegatsak automatikoki biratuta lortzen da hain zuzen egonkortasun artifiziala.
1985. urteko ekainean, sobietarrek An-124 karga-hegazkina Pariseko Nazioarteko Erakusketan aurkeztu zuten beste hegazkingileenekin batera, baina bera izan zen txalotuena eta adituek aldizkaritan lehen mailan beste guztien aurretik ipini zutena.
An-124 hegazkina, Sobiet Batasuneko lurralde zabaletako edozein bazterreraino kargak garraitzeko erabiltzen dute, baina lan horretan hasi baino lehen, 1985.eko uztailean V. Terskoi pilotuak probako hegalaldi bakar batean munduko hogei marka hautsi zituen. 171 tona eta 219 kg altzatu zituen 10.750 metroko altueraraino. Hegazkinak guztira 380 tona pisatzen zuen.
1986. urtean hasi zen normal lanean eta Yakutia-ko diamante-meatze batera kamioi erraldoiak eraman zituen.
Vladisvostok-etik Udatxni herrira 182 tona garraiatu zituen 25.000 kilometroko bidaia eginez. Harez gero ere etengabe dihardu herkules honek Sobiet Batasuneko bazter batetik bestera bere aireko garraio-lanetan.