Itsasargien historia

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Olatuak eta haizeak Amerikatik Europara bueltan datozenentzat Fastnet arrokako itsasargia ikustea seinale ona da. Nabigazioaren nekeak bukatzear daudelako iragarpena da. Arroka horretan 176 oinbeteko altuera duen dorre batetik distirak igortzen dira. Gaur egun ere itsasargiaren zaindariak bertan egon behar du. Oso lan gogorra da, normalean eguraldia eta mareak direla eta, ezin baita luzaroan arrokatik atera.

Itsasargiak azken teknologiako tresnez beteta daude, eta zaindariak elektronikan aditu trebeak izaten dira. Baldintza gogorrenak dauden tokietan izaten da itsasargien behar handiena. Horien historia gizakiaren asmamenaren historia da, eta gaurko egoera itsasoa menderakaitza den lekuko.
Neurri handi batean, itsasargien historiak eta nabigazioarenak elkarrekin egin dute bidea. Itsas zabalean, Eguzkiak eta izarrek bidea aurkitzen laguntzen zuten, baina lehorrera itzultzeko itsasargiak lehorreko erreferentzia bihurtu ziren.

Itsasargien historia

Egurra eta sua

Homeroren Odisea liburuan kostaldeak nabarmentzeko sua erabiltzen zela aipatzen da. Baina ongi dokumentatuta dagoen lehenengo itsasargia Faros uhartekoa da, egiptoarrek Alexandriako portuaren sarreran eraiki zuten 130 metroko dorrea. K.a. III. mendeko eraikina da. Itsasargia handia eta ederra zelako, munduko zazpi mirarien zerrendan sartu zuten.

Egiptoarrek, feniziarrek eta erromatarrek itsasargi asko eraiki zituzten Mediterraneoko, Egeoko eta Itsaso Beltzeko kostetan. Baina Erromaren eragina iparraldera ere zabaldu zen. Klaudio enperadorearen aginte-garaian, Galizian Herkulesen Dorrea eta Mantxako Kanalean Aginte-Dorrea eta beste itsasargi gutxi batzuk eraiki ziren. Horrela, merkataritza-bideak babesteaz gain, inperioaren egonkortasuna bermatzen laguntzen zuten. Oro har, garai hartako itsasargiak egurra erretzeko dorre sinpleak ziren. Gau osoan piztuta izatea lan neketsua zen eta, horregatik, beste argitze-sistema batzuk probatu zituzten. Pixkanaka, itsasargietan kandela edo olio-lanpara handiak instalatu ziren.

Askotan itsasargiak bakardadearen sinbolotzat hartu dira.

Kostaldean erreferentziako argiren bat ikustea oso baliagarria suertatzen zen, batez ere ekaitz-egunetan, baina orduan izaten zen sua piztuta izateko unerik zailena. Teilatutxoa jartze hutsak asko lagundu zuen eguraldi txarrari aurre egiteko, baina asmakizun horrek suak duen beste arazoetako bat areagotu egiten zuen. Egurra, ikatza edo lanparak izanda ere, sugarraren inguruan kea pilatu eta argia oztopatzen zuen. Kea zela eta, dorreen arkitektura egokitu behar izan zen.

Aipatutako itsasargi horiek ematen zuten laguntza oso mugatua zen. Olio-lanparak eta argizariak ontzi eta faroletan sartuta bakarrik ziren eraginkorrak eta, horretarako, beira jartzea ezinbestekoa zen. Garai hartakoa, ordea, oso kalitate kaskarrekoa zen.

Alabaina, su horiek piztea ezer ez izatea baino hobea zen. Inperioak gainbehera egin zuenean, suak itzali eta Erdi Aro ilunean murgildu zen nabigazioa. Kasu horretan metafora ezin hobea da. Izan ere, garai hartako jendeak nahiago zuen kostaldean inolako argirik ez piztea. Ez da harritzekoa. Gerrak eta itsasotik sartutako inbasioak gertatzen ziren. Bikingoak, adibidez, itsaso ezagun zein ezezagunetan barreiatu ziren.

Itsasargi faltsuen bitartez egindako pirateria eta lapurreten aipamena egiten da VIII. mendetik aurrerako agirietan. Lapurrek amildegi arriskutsuen ondoan su ikusgarriak pizten zituzten eta itsasontziek portuetarako sarreratzat hartzen zituztenean istripua izaten zuten. Lapurrek, orduan, ontzia arpilatzen zuten.

Berpizte-garaia

Egun lainotsuetan argiak ez du ezertarako balio eta, horregatik, soinu-seinaleak igortzen dira.

Itsasoko nahiz lehorreko merkatua lapurren kontra babestu nahian, Alemaniako iparraldeko hiri-talde bat elkartu zen, egoera erabat aldatzeko asmoz. Elkarteari Hansa Teutonikoa deitu zitzaion, Hanse elkartea eta gremioa adierazteko Erdi Aroko hitz alemana baitzen. Haiek babesteko, besteak beste, XIII, XIV eta XV. mendeetan itsasargi-sare bat osatu zuten Alemaniako eta Eskandinaviako kostaldean.

Bestalde, Cordouango lehen itsasargia, Garonaren bokalean, XIII. mendean eraiki zen, Espainiarekin puri-purian zegoen Bordeleko ardoaren itsasontzien bidezko merkatuaren lagungarri gisa. Cordouango itsasargiaren historia eta ardoaren merkatuarena lotuta daude. Horregatik, merkatu hori hain oparoa izanik, ez da harritzekoa gaur egun ere itsasargi handi eta dotore hori bertan izatea.

Itsasargi flotatzaileak

Egunez, itsasargiak eraikinaren itxuraren bidez identifikatzen dira.

Herbeheretan itsasargien eraikuntza zaila zen, kostaldea hareazkoa izanik, aldakorra delako. Urtaro-aldaketak, ur-lasterrek, haizeak, ekaitzek eta beste hainbat faktorek dunak lekuz aldatu, handitu edo txikitu egin zitzaketen. Horrela, nabigazioa arriskutsua zen eta ezin zen lehorreko itsasargiez baliatu. Alabaina, itsasargi-itsasontziak erabili izan dira, gutxienez XV. mendetik aurrera. Geroago, beste herrialdetan ere ohiko bilakatu ziren. Adibidez, agirietan aipatzen den lehen itsasargi-itsasontzia Tamesis ibaiaren estuarioan egin zuen lan 1732. urtean.

XV eta XVI. mendeak itsasargiak hobetzeko lehen aurrerapen teknologiko garrantzitsuen garaia dira. Kandeletako edo olio-lanparetako suak ez zuen argi-intentsitate handia ematen. Irtenbidea argi-intentsitatea nolabait handitzea zen; horrela, XVI. mendearen erdialdean metalezko islagailu sinpleak gehitzen hasi ziren. XVII. mendean belaontzien nagusitasuna nabarmena zen nabigazioan eta, hain erosoak izanda, itsasoko trafikoa ugaritu egin zen. Nabigazioak hartu zuen garrantzi horrek aldaketa sakona behar zuen.

Fastnet, Amerikatik datozenentzat Irlandako lehen itsasargia.

Itsasargietan Seboa eta ikatza erretzeari ekin zioten, eta, pixkanaka, erregai horien arazo eta gabezientzat irtenbide teknologikoak bilatzen hasi ziren. Garrantzia batez ere ikatzari eman zitzaion, garai hartan meategiak gogor ustiatzen zirelako eta, gainera, ikatza erretzean lortzen zen argi indartsua itsas gizonen oso gogokoa zelako.

XVIII. mendeko bi aurrerapenek izan zuten aplikazioa itsasargien esparruan. 1765ean Antoine-Laurent Lavoisier zientzialari ospetsuaren eskutik etorri zen lehena. Lavoisier-ek islagailu parabolikoaren erabilera egokia garatu zuen, argi-iturria parabolaren fokuan kokatu behar dela azaldu baitzuen. Aurkikuntza hori Ilustrazioaren ikerketa egiteko irrikarekin bat dator, betiko argi-iturriari etekin handiagoa ateratzeko aukera eskaini baitzuen.

Beste alde batetik, mende horretara arte ez zen olio-lanparak hobetzeko aurrerapen handirik egin. Baina urte haietan lanpara beirazko hodietan sartu eta errekuntza hobetzeko trikimailuak garatu ziren. Horrela, Aimé Argand frantziarrak ordura artekoak baino hamar aldiz distiratsuagoa zen olio-lanpara asmatu zuen. Horretarako, eraztun-itxurako metxa eta garreraino haize asko irits dadin euskarri egokia erabili zituen. Lanpara-mota horren bertsio berriak diseinatu ziren. Berrikuntza horiek XIX. mendearen hasieran itsasargi modernoetan luzaroan aldatuko ez zen oinarrizko lanparari bidea egin zioten.

Itxura modernoa

Fresnel lentea, izpiak bideratzeko asmakuntza.

Dena dela, XVIII. mendean jada, itsasargiak urrutitik identifikatzeko aukeraren beharrari konponbidea eman zitzaion. Jonas Norberg suediarrak, erloju-mekanismo baten bitartez, ispilu birakariak zituen lehen itsasargia martxan jarri zuen. Asmakizun horretaz, argi-izpiak biraka ibiltzeko efektua lortu zen. Beraz, nahi adina distira eta nahi adinako abiaduran urrutira igortzen duen itsasargia 1781ean asmatu zuen.

XIX. mendearen hasieran, Agustin Jean Fresnel frantziarrak lente egokia asmatu zuen lanparen osagarri gisa. Arrakasta erabatekoa izan zen. Izan ere, gaur egungo itsasargi guztiek halako batekin funtzionatzen dute. Fresnel lentearen helburua barreiatzen den argia jasotzea eta kontzentratzea da. Horretarako, lenteari itxura berezia ematen dioten prisma batzuek argia harrapatu eta hodeiertz aldera bideratzen dute. Fresnelen asmakizuna lehen aldiz 1823an Cordouango itsasargiari gehitu zitzaion. Fresnelek berak lenteak eta erreflektoreak batu eta sistema katadioptikoak asmatu zituen.

Arthur Kitson ingelesak olioa erre baino lehen lurrundu egiten zuen sistema asmatu zuen. Olioa landareetatik nahiz baleetatik ateratzen zen. Erregai garestia zen hori eta oso erraz honda zitezkeen mekanismoak eskatzen zituen; beraz, mantentzeko lana ez zen batere erraza izaten.

Itsasargi batzuetan petrolioa edo, merkatu zenean, oliba-olioa ohiko bihurtu ziren. Baina, bestalde, hirietako argietarako eta itsasargietarako gas egokiren bat aurkitzeko probak egiten hasi ziren. XIX. mendearen hasieran harrikatz-gasarekin hainbat saio egin ziren. Finlandiako eta Italiako itsasargi batzuetan ondoko fabriketan ekoitzitako gasa erabili zuten. Sistema horrek arrakasta izan zuen, etengabeko zainketa saihestea lortu baitzen.

Itsasargien bidez seinalatu ziren lehen tokiak portuetarako sarrerak izan ziren.

Buia argidun batzuetan trenen esparruko ikerketa teknologikoan garatutako gas konprimatu bat suari piztuta iraunarazteko aplikatu zen. Horrek hilabeteetako autonomia ematen zieten buiei. Geroago, ikerketa-lerro horren barruan, substantziarik onena 1895ean aurkitu zen: azetilenoa. Azetilenoak oso propietate egokiak ditu erabiltzeko zein gorde ahal izateko. Erretzen denean, beste edozein gasak baino 20 aldiz argi-intentsitate handiagoa ematen du, eta, gainera, kaltzio karburo kilo bati ura gehituta 340 litro azetileno sortzen dira.

XIX. mendean, industria-iraultzaren ondorioz, itsasontzi-kopurua asko handitu zen. Horrek eragin handia izan zuen itsasargietan. Ikusten ez ziren arroka, duna eta nabigaziorako beste oztopo batzuk markatzeko beharra sortu zen. Horregatik, baliza asko instalatu ziren. Bestalde, argiaren iturria identifikatzeko, distiren maiztasunean oinarritutako kodea jarri zen martxan.

XX. mendean elektrizitatea iritsi zen itsasargietara. Sistema elektrikoak garatu ziren heinean ugaritu egin ziren. Dena dela, matxura asko gertatzen zirenez, larrialdietarako azetileno-sistemak prest izatea ohikoa zen.

XX. mendean itsasargiak elektrizitate-sarera konektatuta gelditu ziren.

Oro har elektrizitatearen erabilera sare elektriko egokiekin batera zabaldu zen. Askotan, gerrak zerikusi handia izan du horrekin, Europan adibidez. Euskal Herrian mende horren lehen hogeita hamar urteetan itsasargi asko elektrifikatu ziren.

Gaur egun sistema automatizatuak nagusi dira, zelula fotoelektrikoen bitartez piztu eta itzali egiten direnak eta lanpara modernoez argitzen dutenak. Funtzionamendua zentralizatu egin da eta mantentze-lanak egitea besterik ez dute eskatzen itsasargiek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila