Kontsumo-produktuak neurrigabe eta zarrastelki ekoiztearen ondorioz, planetaren baliabide naturalak alferrik galtzen, hondatzen eta ahitzen ari gara. Lurra poluzio eta narriadura bortitza jasaten ari da eta gizakia gizaki denez geroztik Lurra alerta-egoerarik larriena bizitzen ari dela esan daiteke.
Hori dela eta, baliabideak tajuz erabiltzea eta substantzia arriskutsuak alde batera uztea beharrezko baldintza bihurtzen ari da, hori baita gure ondorengoen biziraupena eta ongizatea bermatuko duen bide bakarra. Bada, poluzio-egoeraren aurrean industriak “ekoizpen garbiaren” filosofia eta praktika behar lituzke bereganatu. Ekoizpen garbiaren kontzeptua EEBBetako Ingurugiro Agentziak (EPA) sortua da, langileari eta ingurugiroari osasun-kalterik eragingo ez dion ekoizpen-prozesu bezala definitzen duelarik. Horretarako, substantzia arriskutsuak erabiltzen dituzten edo azpiproduktu toxikoak sortzen dituzten enpresako prozesu, produktu eta lehengaiak ordezkatzea oinarrizko baldintza da.
Ahatik, hori ez da gauza erraza, enpresa asko beren ekoizpen-prozesu osoa errotik aldatzera behartzen baititu horrek eta, jakina, bide hori jorratzeak inbertsio eta esfortzu aparta eskatuko lieke. Nolanahi ere, enpresarien lasaitasunerako eta ingurugiroaren kalterako, ez dago halako aldaketa erradikalik behartzen duen legerik. Europar Batasunak, hain zuzen ere, bi arau tajutu ditu, enpresaren ingurugiro-kudeaketari begira oinarrizkoak direnak: Ekoikuskaritza araudia eta ISO 14.001.
Berdinak ez izan arren, bi arauok enpresaren ekoizpen-prozesuaren ingurugiro-azterketa zorrotza egiteko modua arautzen dute, hots, energia, materia eta uraren fluxuen nondik norakoak aztertzea eta akatsak dauden lekuetan hobekuntzak egitea. Ez batak ez besteak ez du enpresa ingurugiro-azterketarik egitera behartzen, aukera hori norberaren borondate eta nahiaren esku geratzen delarik.
Alabaina, etorkizunean Europako merkatuan ezari-ezarian ekoizpen-prozesu garbia duten produktuak gero eta gehiago eskatuko direla pentsatzekoa da. Beraz, ingurugiro ikuskaritza egitea etorkizunean lehiakor izaten jarraitzeko ezinbestekoa izango bide da enpresa ororentzat. Asmo horrekin behinik behin moldatu ditu Europar Batasunak bi arau horiek.
Nolanahi ere, arau horien azken xede edo helburua ez da ekoizpen-prozesu garbiak bultzatzea, poluzioari muga gutxi-asko zorrotzak ipintzea baizik. Hortaz, ingurugiro-legeria zorrozki betetzen duen enpresa batek ez du zertan ekoizpen-prozesu garbirik eduki behar, hau da, legepean egon arren, ingurugiroa poluitzen jarrai dezake. Egoera paradoxiko hau etorkizunean arras arrunta izango da gauzak aldatzen ez badira behintzat.
Euskal instituzioak gaur egun egiten ari diren ingurugiro-politika araudi komunitarioak baldintzatua da. Jatorri Industrialeko Poluzioaren Prebentzioari buruzko Zuzentarau (IPPC esaten zaiona eta 1996an argitaratua), hain zuzen ere, une honetan eta etorkizun hurbilera industri sektore batzuren norabidea gehien marka dezakeen araudia da. Uretara, atmosferara eta lurzorura isurtzen diren emisioak (hondakinak barne) saihesteko eta, ezinbestean, murrizteko neurri-sorta eskaintzen du zuzentarau honek.
Ekoizpen-prozesuaren ebaluazio integrala egitera derrigortuko ditu sektore jakin batzuetako (kimika eta metalgintza, besteak beste) enpresak iharduera-baimena lortu aurretik. Lizentziak emateko modu bateratua eskaintzen du baita ere zuzentarau honek, baimen-prozeduretan agintaritza eskudun desberdinek parte hartzen dutenean hauek behar bezala koordina daitezen.
Zuzentarauaren bultzadaz enpresek poluzioa murrizteko ahaleginak eta hondakinak minimizatzeko ahaleginak egingo dituztela espero da.
IPPCaz gain, badira beste bi Zuzentarau Europa-mailan erabakiorrak izango direnak etorkizunean: batetik, Zabortegien Zuzentaraua, tramite korapilatsuetan trabatuta dagoelako oraindik argitaratu gabe dagoena eta, bestetik, Airearen Poluzioaren Zuzentaraua, 1996aren amaieran IPPCaren segidan argitaratua. Bi zuzentarau hauek Europar Batasunaren baitan dauden lege sektorialak bateratzen saiatzen dira.
Europar Batasunean prebentzioari ematen zaio lehentasun osoa. Hondakinei dagokienean, teknologia eta produktu garbiak, hondakinen arriskugarritasuna murriztea eta hondakinak berrerabiltzea eta birziklatzea bultza nahi dira Europako Administraziotik. Batzordeak hondakinak kudeatzeko estrategiaren errebisioari buruzko bere Komunikazioan ondokoa dio: “hondakin gehiagorik ez ekoiztea azken xedetzat duen politikak produktua eta bere ekoizpena izan behar ditu gogoan (...) Eraginkortasuna lortzeko produktuaren bizi-zikloa bere osoan hartu behar da kontuan, ekoizten den unetik ezabatzen den arte, beti ere bilketa, berrerabilpena eta birziklaketa albo batera utzi gabe...”
Hondakinei buruzko Europako estrategia berriaren inguruan badira tirabira eta eztabaidak sortzen dituzten arlo zenbait, “ waste ” edo “ no waste ” delakoa kasu; hau da, zenbait hondakin arriskutsu desklasifikatzeko joera dago eta horien artean osasun publikoa edo ingurugiroa kaltetzen dutenetako batzuk egon daitezke. Pil-pilean dagoen beste eztabaida batean arautzea edo borondatezko akordioak lortzea lehenetsi behar ote den ikusten ari da. Ingurugiroaren aldeko ekimenak borondate hutsaren esku utziz gero “ingurugiro-dumpinga” gertatzeko arriskua dago, zeren enpresa batzuek benetako konpromezuak hartuko baitituzte eta beste batzuek, berriz, ez. Beraz, arautzeak zentzuzkoa dela dirudi, neurri batean behintzat. Izan ere, Europar Batasuneko V.
Egitarauaren aplikazioaren ondorioz, —honek borondatearen esku uzten zuen gehiena— argi ikusi da neurri guztiek arau zorrotzak behar dituztela aurrera egiteko. Hor ditugu, kasu, ozonoa kaltetzen duten produktuen kontrola, euri azidoaren sortzaile direnena, etab. Horiek guztiek legedia zorrotza dute atzean.
Bestalde, bada aspaldi honetan hamaika katramila sortu dituen beste eztabaida bat, hondakin toxikoak erraustearen ingurukoa, alegia. Zabortegiek sortzen dituzten arazoak konpontzeko bide egoki bezala aurkeztu ohi dira errausketa-plantak, hondakin-kantitatea ikaragarri murrizten baitute, arazoa gainetik kentzen denaren itxura emanez. Beste modu batera begiratzen bada, ordea, hondakinak errez, substantzia toxikoak lekuz aldatu besterik ez dira egiten, hots, lurzorutik airera joaten dira eta orduan arazoa lokala izatetik globala izatera igarotzen da.
Hortaz, jokabide zentzuzkoena hondakinen ekoizpena nabarmenki murriztea eta aurretratamendu desberdinen bidez beren toxikotasuna txikiagotzea litzateke. Halaber, ekidin ezin diren hondakinak deposito berezietan gorde beharko lirateke, teknologia aski garatuta egongo den egunean birziklatu edo alternatiba egokia eman ahal izateko.