Elhuyar izeneko zientzi aldizkari xume eta itxura zarpaileko hura (barka nazate Luisek, Andonik eta besteek, baina nik itxura zarpaila hartu nion ezagutu nuenean) alor berriak jorratzera zetorren euskal kulturan: zientzia eta teknologia. Gabirel Jauregiren gerraurreko Pisia eta Kimia liburuez landa, deus gutxi zegoen zientzi gaiez euskaraz. 1974ko irailean argitaratutako 40 orrialdeko lehen alean euskalgintzaren plazara zetorren agerkari berriaren asmoak argi eta garbi adierazi ziren editorialean:
“ Euskarari, zientziaren plazara jalgi dadin, agerlekuak presatu behar dizkiogu bere sortzaileek nolakoa den erakus diezaguten eta denon artean haiei lagun diezaiegun gero eta helduagoa, egokiagoa, apainagoa sortzen .”
Ondo adierazten zuten arestiko lerrook helburua: “b ere sortzaileek nolakoa den erakus diezaguten ”. Aldizkaria osatzerakoan ez zitzaion nagusiki irakurleari begiratzen, horrelako aldizkari batean beharko zukeen moduan, idazleari baizik. Idazleak eta hizkuntza trebatzea zen helburua eta hori produktuan igertzen zen. “ Hik kimikaz idatzi euskaraz, berdin zaiok zertaz ” esan zidaten niri elhuyarkideek gerturatu nintzaienean eta halaxe bota nituen inork irensterik ez zituen kimikazko lan astunak.
Gaur eguneko ikuspegitik jokaera okerra irudi lezakeena, ez zen orduan filosofia okerra, egin beharrekoa baizik. Idatziz trebatu nuen neure burua eta idatziz trebatu zen hizkuntza. Bidea ibilian-ibilian egiten dela idatzi zuen poeta andaluz handi batek eta gure kasuan ez zitzaion arrazoirik falta. Halaxe, adibidez, Luis Bandres fisikaren bideetatik abiatu zen lehen ale hartan eta alez ale “abiatzen”, ikastoletako irakasleak fisikako kontzeptuak euskaraz azaltzeko materiala pilatzen joan ziren. Berdintsu beste zientzi alorretan. Ez zegoen zain egoterik.
Hurrengo urteetan ideia berari eutsiz jarraitu zuen aldizkariak: idazle berriak bilatu eta hizkuntza trebatu. Egon ziren salbuespenak hala ere. 17. alean (1978) P. M. Etxenikek eta R. H. Ritchie-k argitaratutako “ Ioi Lasterren Wake Potentziala Egoera Solidoan ” izeneko artikuluak goi-mailako zientzi ikerketaren berri euskaraz ere eman zitekeela frogatu nahi zuen. Aldarrikapen eta ikur hutsa zen orduan, baina Adolfo Suarez-en hitzak fresko zeuden artean (“ No se puede explicar física nuclear en catalán o vasco ” piska bat goiti-beheiti). Orduko salbuespena ohizkoa da gaur, ordea.
1981.ean aldizkariak bere lehen berrikuntza sakona izan zuen. Azalean bertan igertzen zen, 26. alea behar zuenari 7, 1 alea esan zitzaion, zientzi aldizkari normalizatuen bidean. Gurea ez zen normalizatua hala ere. Ale horretako editorialean hauxe esaten zen besteak beste:
“ Gure aurrean gaur egun daukagun desafioa oso bestelakoa delako eta egoera desberdinari harma desberdinez erantzuteko beharra gauza ebidentea da. Ez dugu, dagoenekoz, zientzi gaiak euskaraz ere idatz daitekeenaz inor asko konbentzitu beharrik, ez euskaldunak bederen; hortaz gaur eguneko egitekoa beste hau da: euskaraz ere gauza interesgarriak esan daitezkeela frogatzea eta gainera modu atsegin batez adierazteko gai garela erakustea.... Jendeak ez ditu euskarazko aldizkariak erosiko euskaraz idatzirik daudelako, bertan esaten dena interesgarria delako baizik .”
Horixe zen erronka, gauza interesgarriak modu atseginean esatea. Ahalegina handia izan zen. Maketa aldatu zen, aldizkaria ataletan banatu zen eta zientzia eta teknikaren dibulgazioari gero eta pisu handiagoa eman zitzaion. Dena dela, itxura zarpaileko aldizkaria zen oraindik.
Aldaketak aldaketa, Elhuyar ez zen zientzi aldizkari normalizatua eta har horrek erraiak jaten zizkigun. Ez zuen itxura estandarrik; liburu-formatuak ez zion mesederik egiten. Edukina ere saski-naski modukoa zen; eskola materialarekin hasi eta ikerketa-artikuluekin bukatu. Euskal kulturak besterik merezi zuen eta gainera, hobetzeko paradan geunden.
1985.ean hartu genuen erabakia: zientzi aldizkari estandarra egin behar genuen. Bitan banatzea deliberatu genuen: dibulgazioa batetik eta ikerketa bestetik. 1985eko abenduan Elhuyar. Zientzia eta Teknika ren zero alea kaleratu zen eta nahiz eta aurretik argitaratutako artikuluez eginiko pastiche-a izan eta oraingo aleekin konparatuta oso zarpaila izan, sekulako arrakasta izan zuen Durangoko azokan. Bidea asmatu genuela erakutsi zigun horrek. Hilabete gutxiren bueltan bikoiztu egin genuen harpidedun kopurua.
Ibilian-ibilian esku artean duzun aldizkari itxurosoa taxutzea jadetsi dugu, estardarretik askoz ere hurbilago dagoena. 100 ale bete ditu hasieran bihilabetekaria zen aldizkariak eta alde nabarmenak daude zero eta ehungarren alearen artean; maketan zein edukietan. Hobera egin dugula ezin da uka, baina hobetzeko asko badaukagu oraindik.
Euskal irakurleari zientzia eta teknikazko dibulgazio-aldizkari duina eskaintzen ari gatzaizkio. Alabaina, estandarra izateko apur bat falta zaio oraindik. Artikuluen estiloa eta komunikazio-ahalmena hobetzean eta hori egingo duten profesionalak formatzean dago erronkaren zatirik handiena. Tamalez, hori gure esku oso-osorik dagoenik ez zait iruditzen, kanpoko laguntza behar-beharrezkoa dugu.
Elhuyar Kultur Elkartea ahalegin oso handia egiten ari da Elhuyar eta Elhuyar. Zientzia eta teknika aldizkariak argitaratzeko eta ahaleginak goia jo du. Gure indarrak ez dira aski. Estandarizazioaren bidean aurrerago egin nahi bada, euskal administrazioen laguntza ekonomikoa ezinbestekoa da.
Zeinek helduko dio adarretatik zezenari?
INFORMATIKA VERSUS AUTOFORMAZIOA1984. urterarte idazmakinak izan ziren liburuak egiteko erabilitako teknologia. Urte horretan aldaketa estrategikoa gertatu zen Elhuyarren, testuak prozesatzeko Rank Xerox ordenadore bat erosi genuenean. Idazmakinekiko abantaila izugarria zen eta horrela, matematikako formulak idazteko edota zuzenketak egiteko ez zen garai bateko esfortzua egin behar. Alabaina, inprimagailurik ez genuen, izan ere oso garestia baitzen. Beraz, beste zerbaiten bila jarraitu genuen eta 1986an merkaturatu berri zen Macintosha, laser inprimagailuarekin batera, bulegora ekarri genuen. Teknologia horrek egonkortasuna emateaz gain, bide berrietarako ateak zabaldu zizkigun. Liburuak txukun egiteko sistematzat hartu genuen hasieran, baina gaur egun aldizkariko harpidedunen edo hiztegi entziklopedikoko sarreren datu-basea Macintoshean ditugu. Joan den hamarkadaren bukaera aldera, hekuntz-softwarea IBM Pc plataforman garatzen hasi ginen eta hainbat produktu garatu ditugu matematikak, fisika, geografia edota euskara ikasten laguntzeko. Azken urteotan beste urrats bat eman dugu eta hori multimediaren arloan sartzea izan da. Horretarako, Macintosh eta IBM Pc plataformetan aritu izateak eman digun esperientzian oinarritu gara eta jadanik gure lehen produktua, hau da, “ Ezagutu Gipuzkoa ” CD-ROMa kalean dago. Dena den, informatizazio-prozesuaren arrakasta elhuyarkideek berrikuntzetarako izan duten ahalmenean oinarritu da. A. Sagarna eta J. Aizpurua |
Behin baino gehiagotan esan bada ere, argi eta garbi utzi behar den zerbait denez berriro errepikatzea barkatuko duzu irakurle. Elhuyar Kultur Elkartearen lehen urratsak “zientzia” eta “teknika”-ra oraindik egokitu gabe zegoen gure hizkuntza ez zela bigarren mailako hizkuntza frogatzea izan zen. Hau da, gurea besteak bezala edozein gai lantzeko egokiera duen hizkuntza dela frogatzea. Beraz eta helburu hori medio, dibulgazioa bigarren mailan utzi zen, idazleei trebatzeko aukera eskainiz eta bestela pentsatzen zutenei oker zeudela erakutsiz.
Denbora joan ahala hori egitea nahikoa ez zela eta, dibulgazioari bere lekutxoa eskaintzea eta edukinaren kalitatea zaintzea izan zen bigarren urratsa. Bitarte horretan bi alderdiak orekatzen saiatu ginen, ale guztietan oreka hori mantentzerik lortu ez bagenuen ere. Jakina bide berria dibulgazioa garatzea zenez, berau izan zen gehienetan hankamotz geratu zena eta zenbaitzutan plazaratzen genituen artikuluak trinkoegiak izaten ziren. Bigarren fase honetan, irakurleari bere burua trebatzeko material egokia (edukinari dagokionez) eskaintzea genuen helburu. Eta helburu hori betetzeko genuen prestatua gure azpiegitura, dibulgazio-lanetan zebiltzanak irakasleak edo teknikariak zirelarik nagusiki eta gure indarrak euskara egokian argitaratzera biltzen zirelarik.
Gauzak horrela eta erronka berriak hurbildu ahala, beste urratsa emateko unea heldu zitzaigun. Hau da, orduraino lortu genuena mantenduz (eta ahal balitz hobetuz, laguntzaileen sarea indartuz esaterako) itxurari astindu ederra emateko eta irudia eta imagina nagusi den garai honetara egokitzeko esfortzu berezia egiteko ordua. Pentsatu eta egin (gure maila apalean, noski), horrelako aldaketak bi zati baititu, diseinu berria batetik (eskura genuenez hori egin genuen) eta aleroko alderdi grafikoa zaintzea bestetik. Azken hau alero aplikatzen saiatzen garen arren, ez dugu nahi genukeen bezalako produktua plazaratzen beti, arazo asko medio (dirua barne).
Baina aro berri honek bazuen beste hutsune bat eta edukinarekin zerikusia du gainera. Ez da aski euskara egokian eta itxura ederrarekin argitaratzea, behar-beharrezkoa da edukina ere arintzea eta edonork era errazean ulertzeko moduan egitea. Horretarako ezinbestekoa zen ekipora kazetari bat ekartzea, eta gaur egun hori egi bilakatu da.
Beraz, eta amaitzeko esan, dibulgaziorantz urrats berriak etengabe ematen ari garela eta eskerrak eman aldiko ale berria plazaratu ahal izateko zerbait aportatzen duzuen guztioi, hasi idazleetatik eta amaitu zurekin irakurle, irakurlerik gabe ezinezkoa baita irautea.
E. Arrojeria Aldizkariko zuzendaria
Elhuyar, Zientzia eta Teknika aldizkariaren 0 alea argitaratu zenean, Kortezubiko barnetegian nengoen euskara ikasten. Durangoko Azokara joan eta han jakin nuen zer zen aldizkari hura eta zer zen Elhuyar taldea. Elhuyarrenak izan ziren nik matematika hiztegia lantzeko irakurri nituen matematika-liburuak, UZEIren hiztegiak eta UEUren Alfabetatze zientifikorako liburuekin batera.
1986ko UEUn jaso nituen lehen aldiz matematika-eskolak euskaraz eta Elhuyarreko kideek alfabetatze zientifikoa azaldu zidaten. Urte amaieran Elhuyarrek nire lehen matematika-liburua idazteko aukera eman zidan, hurrengo urtean kaleratu zelarik. Bitartean, aldizkarian matematika gaiaz J. M. Goñi eta J. Duoandikoetxea arduratzen ziren. 1987aren bukaeran atal finkoko lankidetza eskaini zidan Elhuyarrek eta 1988. urteaz geroztik eten gabe idatzi dut matematika gaiaz, hasieran Jolas Matematikoak atalean; gero Matematika Bitxiak izenekoan eta azkenik, Matematikaren Inguruan titulupean.
Hasierako sei ale urteko, hamaika ale bihurtu ziren eta horrek burua astintzera behartu gintuen. Ez zen beti erraza asmatzea zer idatzi hurrengo alean. Baina, egia esan, lana gustukoa nuen eta buruan ideiek zirakidaten.
Historia alde batera utzita, nire gogoeta ekarri nahi dut hona. Aldizkari batean idazteak sortzen duen hasierako emozioak helburua laino dezake. Nire helburua matematika zabaltzea bazen, ezin nintzen idazte soilarekin konformatu. Galdera hauek eta gehiago datozkit burura: Interesgarriak al dira nire artikuluak? Zenbatek irakurtzen ditu? Eta kalitatea? Eta maila? Agian, idazle gehienek egiten dituzten galdera berberak, idazleen bakardadea ote? Hala ere, ez dakit zer erantzun.
Irakurleen aldekoa ez dut ezagutzen. Elhuyarrek egin zuen inkestaren emaitzen arabera, matematika-gaiak %18k irakurtzen ditu. Aprobetxatu nahi nuke okasio hau irakurlea animatzeko, ideiak, artikuluak, iritziak eta laguntza eman ditzazuen. Atal hori, Matematikaren Inguruan , ez da itxia, ez da nirea edota Elhuyarrena, irekia eta guztiona baizik.
Eskerrak eta zorionak Elhuyarri!