Historiaren historian zehar paseoan

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Neurri batean, Newton, Fleming, Darwin, Curie edo Arkimedes bezalako izenek historia ez dela hain sinplea erakusten digute. Zientzialari handiak izan dira, dudarik gabe, baina bereganatu duten ospeak beste izen asko estali ditu. Horiek berreskuratzeko, irakasten den zientzia ez da nahikoa; historian eta historiaren interpretazioan sakontzea beharrezkoa da.
Fisikarien bilera Berlinen, XX. mendearen hasieran.

Adibide batez garbi ikusten da. Teleskopioaren asmatzailea Galileo Galilei italiarra izan zen; liburu akademikoetan, behintzat, hala dago idatzita. Hala ere, Galileok jada asmatuta zegoen gailu bat (betaurrekoa) zerurantz bideratu zuen; horixe izan da bere ekarpena: aplikazio liluragarria eman zion gailu horri. Baina orduan, zeinek asmatu zuen benetan betaurrekoa?

Zenbait iturritan kontsulta egin ondoren, Hans Lippershey izena agertzen da. Hala ere, ez dago oso garbi berak asmatu zuen ala ez. Baina Herbehereetako gobernuak asmakuntzarengatik 900 florin ordaindu zizkion Lippershey-ri, eta sekretu militarra bihurtu zuen. Nola jakin daiteke gobernuari ziria sartu zion ala ez?

Gehienetan, ez dago 'egia bakarra' eta, egonda ere, zein den ez dago jakiterik. Beharbada, hurbilketa onena historiografiak egin dezake, hau da, behar bezala antolatutako agiri historikoen bildumak. Izan ere, zientzialari askok ikerketa guztiz baztertu eta lan horretan eman dute bizitza osoa. Aldizkari honetan jada horietako askorekin hitz egin da. Oraingoan, historiografian buru-belarri aritzen den batek, Helge Kragh idazle eta fisikari daniarrak, izango du tokia. " Jatorrian fisikako ikertzaile bihurtzeko asmoa nuen, baina, pixkanaka, historiaren eta filosofiaren alderdiak gero eta gustukoagoak nituen. Gainera, ez dut fisikaria izateko moduko gaitasunik " aitortu du.

Helge Kragh, zientziaren historiari buruzko liburuen egilea.

Gaur egun, Kragh zientziaren historiaren irakasle da Aarhus-en, Danimarkan, eta bi eginkizun nagusi ditu han: irakaskuntza eta zientziaren historiografia. Azken esparru horretan ospea lortu du, eta duela urte batzuk, Princeton University Press argitaletxeak XX. mendeko fisikaren garapenari buruzko liburu bat idazteko eskaera egin zion. Hasieran, Kraghek lan erraza zela pentsatu eta enkargua onartu egin zuen. Hala ere, lanean hasi eta berehala liburu bakar batean hori guztia idaztea ezinezkoa dela ulertu zuen eta, horren ordez, "kontaketa labur eta selektiboa" egitea erabaki zuen.

Emaitza ia 500 orrialdeko liburua da, Quantum Generations. "Hiru urteko lana izan zen. Zeharkako informazio-iturriak erabili behar izan nituenez, arazoa ez zen informazio kantitate jakin bat lortzea. Aldiz, informazio horietatik zein hartu eta zein baztertu behar den erabakitzea izan zen arazorik handiena ." 1999. urtean argitaratu zen liburua. Testuan, fisikako ohiko kontzeptuez gain, emaitza onak izan ez zituzten esperimentu asko deskribatzen ditu. Oro har, fisikaren irakaskuntzan baztertu egiten dira esperimentu horiek, baina fisikako historiaren ibilbidea jarraitzeko ikerketa horiei lekua eskaintzea ezinbestekoa da.

Testuingurua

Helge Kragh, zientziaren historiari buruzko liburuen egilea.

Dena dela, zientzia inolaz ere ez da isolatutako jarduera bat, behar eta interes sozialen bidetik garatzen den esparrua baizik. Horregatik, historia politiko eta ekonomikoa ere arreta handiz deskribatzen du Kraghek liburuan. Ez da ahaztu behar XX. mendeko fisikak eman dituen teoria eta aldaketa nagusiak lehen mende-laurdenean gertatu direla.

Zientziak gerra eraldatu zuen, eta gerrak zientzia. Elkarrekintza hori arlo akademikoan zein sozialean gertatu zen. Bigarren Mundu Gerran, esate baterako, zientzialari askok ihes egin zuten nazien Alemaniatik, batzuek ideologiak eta beste batzuek arazo etnikoek behartuta. Garai horretan teoria atomikoak zuen garrantzia nabarmena da; zuzeneko eragina izan zuen armen ikerketan, bonben ekoizpenean, batez ere. Naziak eta amerikarrak ikerketa horretan murgildu ziren, baina ez dira horiek adibide bakarra. Mussoliniren eta Stalinen politikan ere eragin handia izan zuen ikerketa zientifikoak.

Gainera, ikerketa horiek gobernuen beharren arabera egiten ziren, eta ikerketa nuklearra estatuko sekretu bihurtu zen. Neurri handi batean, sekretu horien jabetza gerra zeinek irabaziko zuen erabakitzeko gakoa izan zen. Hiroshima eta Nagasaki hirietako kasuak esanguratsuak dira, baina hain ospetsu izan ez diren hainbat esperimentuk eta teoriak ere eragin zuzena izan zuten. Gerra hotzean, arma nuklearrei dagokienez, bi aldeak orekatuta zeuden. Egoera hori zientzia-sekretuak batetik bestera pasatzearen ondorioz sortu zen.

Nanoteknologiak atomoen banakako kontrola ekarri du.

Gertaera horiek guztiak Quantum Generations liburuan jaso dira. Bestalde, Kraghek 1960ko hamarkadan zientziaren aurka sortu zen joera ere sakon aztertu du. Oso faktore sozial garrantzitsua izan zen. Gaur egun, zientziaren sozializazioak abantaila garbiak dakartza, baina hori ez da beti horrela izan. Nola gainditu zuten garai hartako fisikariek krisialdia?

Kraghek behar zuen material gehiena liburua idazten hasi baino lehen zegoen idatzita. Baina historiaren benetako helburua ez da gauza berriak argitara ekartzea. " Liburuan datu asko dago, eta gehienak jada idatzitako literaturatik jaso nituen, hau da, artikulu eta liburu espezializatuetatik. Ikerketa historikoak askotan eskatzen du aldez aurretik ezagutzen diren baina testuinguru egokian elkartuta ez dauden datuak biltzea eta berrantolatzea ."

Egile bakoitzak historiaren interpretazio berria eskaintzen du, eta lan handi horren ondoren, irakurleen iritziak oso kritikoak izan daitezke, arlo horretan lan egiten dutenen artean, batez ere. Horregatik, ikuspuntu orokorraren filosofia garrantzitsua da. Kraghen liburuaren kasuan arriskutsua zen, XX. mendeko fisikan parte hartu duten zientzialari asko bizirik daudelako.

Laserrak teknologiako esparru gehienetan du aplikazioa.

Hainbat irakurlek fisikaren esparruren baten edo besteren falta nabaritu du liburuan. Adibidez, likidoei buruzko materiala falta da (bai likido klasikoei bai eta likido kuantikoei buruzkoa). Gainera, beste arlo garrantzitsu batzuk ere ez dira aipatu, kaosaren teoria, esate baterako. Dena dela, oro har, Kraghek oso liburu ona osatu du, eta fisikarien artean ere oso harrera ona izan du. Azken batean, historiografoa izateaz gain Kragh fisikaria da. " Ez daukat jasotako kritikez kexatzeko arrazoirik. Niregana iritsi diren guztiak oso positiboak izan dira; batzuk, gainera, gogotsuak " esan du.

Historia, zientziako ikasgaietan

Ez da ohikoa historiako testuei erabilera akademikoa ematea zientziaren irakaskuntzan. Hala ere, zientzialariek nahitaez aurreko akats eta aurrerakuntzetatik ikasi behar izaten dute, askotan teoria berrienak akasdunak ote diren ala ez jakin gabe.

John Bardeen, Walter Brattain eta William Shockley fisikariak, transistorearen asmatzaileak.

Era berean, historiak zientzia-ikasleentzat ezusteko ekarpenak ere izan ditzake. Ideia hori dibulgatzaile eta historiografo askok defendatzen dute, Helge Kraghek barne. " Bai, historiak efektu didaktikoa sortzen du besteak beste. Askotan, hobea da kontzeptuak eta teoriak garatu zireneko historiaren bitartez azaltzea. Beraz, zientziaren irakaskuntzan historiak zeregin handia du ."

Dena dela, irakaskuntza-metodo horrek ikasleen errefusari aurre egin behar izaten dio: historia ez da beti begi onez begiratzen ikasgeletan, ez eta zientzia ere. Dena dela, irakaskuntzaz haraindi egoera ez da berdina. Bata zein bestea modu pedagogikoan eskaintzen direnean, publiko orokorrak gogoz onartzen ditu. Zenbait ikerketa zientifikok, esate baterako, arreta handia bereganatzen dute prentsan eta telebistan eta horrek oihartzun handia du iritzi publikoan.

Lehen transistorea.

Baina horrek bi alde izan ditzake. Zientziaren aurrerapenak zein diren jakin nahi du kaleko jendeak, baina, beharbada, ez ditu aurrerapen horien oinarriak ulertu nahi. Publikoaren interesak hainbat gairen sozializazioa sustatzen du, beste batzuen kaltean. Adibidea genoma da (eta genetika, oro har). Azken urte hauetan, ikerketa genetikoa egiten duten zientzialariak maiz azaltzen dira komunikabideetan. Fisikan interesa dutenek oihartzun hori oso indartsua dela nabaritzen dute. Moda kontua da ala benetan da garrantzitsua?

" Egia da genetika eta biologia molekularra oso zabalduta daudela eta publikoari asko interesatzen zaizkiola. Ez dut uste hori komunikabideen interesaren ondorio hutsa denik. Genetikan eta antzeko esparruetan aurrerapen oso handiak izan dira azkenaldian. Ez dakit multzo hori 'hurrengo mendearen zientzia' izango den; baina uste dut aurrerapenak izango dituen horietako bat dela, zientzia fisikoak baino gehiago, seguru asko " dio Kraghek.

Hemendik aurrera?

Argiaren izaeraren ikerketan asko aurreratu da azken ehun urteetan.

Zientziaren bilakaera historian gizartearekin gertatzen den prozesua da. Quantum Generations liburuak ondo islatzen du bilakaera hori XX. mendean zehar. Dena dela, garai horretarako komunikabideak oso garatuta zeuden; beraz, aurreko mendeetako egoerarekin konparatzea ariketa ona izaten da.

Hainbat dibulgatzaileren ustez, aldea, besteak beste, zientzia eta teknologiaren arteko loturan datza. " Bai, zientziaren eta teknologiaren arteko 'lotura' gaur egun oso indartsua da, inoiz izan dena baino indartsuagoa. Zientzia modernoaren zati garrantzitsua da, batez ere fisikari dagokionean ." Gaur egun zientziak azkar garatzen du behar duen tresneria; era berean, teknologiak dituen beharrak betetzeko egiten diren aurrerapen teorikoak ere azkarrak direla esan daiteke.

Fisio-bonbak XX. mendeko ikerketa nuklearraren ondorio.

Baina nolabait muga gertu izan daiteke. Garatu beharreko zientziaren kontzeptu teorikoak jadanik garatu direla diote hainbat hipotesik. John Horgan, Scientific American aldizkariko ohiko lankidea, adibidez, hipotesi horren defendatzaile amorratua da. Fisikari begiratuta, funtsezko azken teoriak XX. mendearen lehen erdialdean garatu zirela esan daiteke. Agortuta al dago zientzia teorikoa? Zer espero daiteke gaurko fisikatik?

" Hori oso galdera zabala da, eta erantzuten zaila! Lehenik, teknologia oraindik ere aurreratuagoa espero dut; gero, oinarrizko jakinduriaren etengabeko aurrerakuntza espero dut, batez ere astrofisikan eta kosmologian. Baina ez dut uste inoiz fisika behin betikoa izango denik eta unibertsoari buruzko galdera guzti-guztiei erantzuna emango dienik. "

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila