Hegaztien gripea, pandemiaren arriskua

Orive Arroyo, Gorka

Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzailea

Farmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz

Hegaztien gripea, pandemiaren arriskua
 
Zientzialari askok diote ez dutela gizartea larritu nahi, baina onartzen dute pandemia bat jasateko arriskuan gaudela. Hegaztien gripe edo oilaskoaren gripe esaten diogun gaitzarekin kezkatuta dabil Munduko Osasun Erakundea (MOE): hegaztietan soilik azaltzen zen birusa gizakietara heldu da, eta Asian 50 pertsonatik gora hil dira. MOEren eta beste zientzialari batzuen aburuz, birus hori mutatuz gero, gizakien artean zabal liteke, eta pandemia bati hasiera eman.
Thailandiako ahate-granja bat. Ahateak eta hegazti basatiak ez nahasteko sareak jarri dituzte granjetan.

Oraindik ez dira hamar urte pasatu hegaztien gripeak lehenengo gizakiak kutsatu zituenetik. 1997an, Influenza A taldeko H5N1 birusak 6 lagun hil zituen Hong Kongen —18 pertsona gaixotu ziren guztira—. Geroagoko ikerketek argi eta garbi utzi zuten gaixotasun berri haren sorburua granjetan hazitako hegazti kutsatuekin izandako harreman estua zela. Lehen aldiz baieztatu zen, beraz, hegaztien gripeak gizakietara salto egin zezakeela.

Milioi bat eta erdi hegazti hilda, Hong Kongek pandemiaren arriskua aldendu zuen, baina, sei urte geroago, berriro agertu zen H5N1 birusa herrialde hartan, eta beste pertsona bat hil zen.

Bitarte horretan, 1999an, bai Hong Kongen eta bai Txinan, hegaztien gripearen beste birus-mota bat (H9N2) aurkitu zuten gizakietan. Lau urte geroago, 2003ko abenduan, egoerak txarrera egin zuen, eta Kanputxean, Vietnamen eta Thailandian gaixotasuna berpiztu egin zen. 50 pertsonatik gora hil ziren eta guztira 100 milioi hegazti baino gehiago hil zituzten Asiako hainbat herrialdetan. Edonola ere, ez da azken urte hauetan ezagutu den birus bat, orain dela 100 urte identifikatu zuten, Italian.

Batez ere granjetan hazitako hegaztiek (oilaskoak, oilarrak, indioilarrak) nozitzen eta kutsatzen dute H5N1 birusa, eta munduko laborategi garrantzitsuenak jo eta ke ari dira birusa isolatu eta haren egitura aztertzen. Orain arte, adituek jakin dute birusak hainbat azpitalde dituela. Azpitalde horiek bi elementuren arabera identifikatzen dira; hemaglutinina (H) eta neuraminidasa (N) proteinen arabera, hain zuzen ere. Guztira, hemaglutininen hamabost talde identifikatu dituzte (H1-H15) eta neuraminidasen bederatzi (N1-N9); beraz, baieztatu dute birusaren hainbat aldaera daudela.

Animalien Osasunerako Thailandiako Institutuko teknikariak hegaztien laginak aztertzen. Goian, H1N5 birusa (marroiz).

Zoritxarrez, azken hilabete hauetan hegaztien gripea albiste bilakatu da berriro, arrisku larriago baten aurrean egon gaitezkeelako. Izan ere, Vietnamen iparraldean egindako ikerketa epidemiologikoek aditzera eman dutenez, H5N1 birusa aldatzen ari da.

Gainera, pasa den maiatzean, hainbat hegazti basati eta migratzaile hilda aurkitu zituzten Txinako Qinghai aintziran. Hurrengo asteetan, hegazti gehiago hil ziren, eta, guztira, kopurua sei milara heldu zen. ‘Oilaskoaren gripea da erruduna’, argitaratu dute zientzialari txinatarrek Science eta Nature zientzia-aldizkarietan —munduko bi garrantzitsuenak—. Zenbait adituk diotenenez, hegazti basatiek inoiz jasan duten gripe hilgarrienaren aurrean egon gaitezke, eta, birusaren mutazioek eragin ditzaketen ondorioak zein diren kontuan izanik, mundu osoko zientzialariak oso kezkatuta dabiltza.

 

Mutazioaren arriskua

Birusa eraldatzeak kezkatzen ditu gehien zientzialariak. Izan ere, A taldeko gripe-birusak oso aldakorrak dira, gaixoen defentsak aise saihesten dituzte, eta, animalia batetik bestera (edo pertsona batetik bestera) transmititzen diren heinean, birusen egitura genetikoa aldatuz joaten da. Prozesu horretan, aldaera berriek aurreneko birusen bertsioak ordezkatzen dituzte.

H5N1 birusaren ondorioak Asian (gizakietan)

Aldaketa horiek direla eta, gerta daiteke oilaskoei bakarrik eragiten zien birusak beste zenbait animalia-espezie kutsatzea, besteak beste katuak,
txerriak eta hegazti migratzaileak. Azken horien bidez, benetako arriskua dago birusa beste herrialde batzuetara iritsi eta hango biztanleria kutsatzeko. Hain justu, hegazti migratzaileen erruz dago orain gaitza Europaren mendebaldera zabaltzeko arrisku bizia.

Gaixotasuna hedatzeko arriskua zenbatekoa den, birusaren birulentziaren menpe dago. Eta, nahiz eta paradoxa iruditu, hiltzeko zenbat eta gaitasun handiagoa izan birusak, orduan eta txikiagoa da hedatzeko arriskua, gaitzak helmugara iritsi aurretik hilko baititu hegazti migratzaileak. Arriskua, beraz, birusaren andui ahulago batean edota birusaren espezie eramaile batean egon daiteke. Kontuan izan behar da espezie eramaileek birusa garraiatzen dutela, baina ez dutela gaixotasuna pairatzen.

Orain arte aipatutako beldurrak egia bihurtu ziren joan den uztailaren 17an Indonesiako gobernuak emandako berrien arabera. Pertsona heldu bat eta haren bi alabak (urtebetekoa bat eta bederatzikoa bestea) pneumoniaz hil ziren hegaztien gripearen ondorioz. Hildakoek ez zuten oilaskoekin kontakturik izan, eta, beraz, beste agente kutsakor batek transmititu zien birusa; txerriak, zenbaiten ustez. Familia horrena izan daiteke birusa pertsona batetik bestera transmititu den lehenengo kasu ezaguna.

Gripearen beldur, baserritar ugarik oilaskoak hazteari utzi diote eta
txiten eskaria izugarri jaitsi da. Argazkiko txitak sakrifikatzeko zain daude, Vietnamen.

Kasu horretan, horrek esan nahiko luke A taldeko bi gripe-birusek material genetikoa trukatu dutela, eta birus berri bat sortu dela. Adibidez, hegaztien gripe-birusa eta gizakien ohiko gripe-birusa gizaki berean suertatuz gero, material genetikoa truka dezakete, eta birus askoz arriskutsuagoa sor daiteke. Izan ere, hegaztien gripe-birusaren hiltzeko gaitasuna eta gizakiaren gripe-birusaren kutsatzeko gaitasuna batu daitezke. Hortik aurrera dena da posible, eta ezin da baztertu pandemia bat. Puntu horretara helduz gero, galdera da nolakoa izango litzatekeen pandemia: apala, 1918an gertatutakoa bezalakoa, edo latzagoa, 1916an ia 50 milioi pertsona hil zituenaren modukoa.

Oraingoz, dakiguna da H5N1 birusa azkar mutatzen dela —beste gripe-birusak baino azkarrago— eta frogatuta dago beste animalien birusen materia genetikoa hartzeko gaitasuna duela. Gainera, oso patogenikoa ez ezik, kutsakorra ere bada. Eta, zenbat eta gizaki gehiago infektatu, orduan eta handiagoa da gizakien artean kutsatzeko gaitasuna duen birus berri bat sortzeko probabilitatea.

 

Gripearen kontra


Hegaztien gripearen kontrako neurriak MOEk koordinatzen ditu —gaur egun, 50 herrialdek baino gutxiagok antolatu dute birusaren kontrako plangintza—. Neurri fisikoak hartu dira: batetik, birusaren jatorrizko lurraldeetan abereak hil dira, eta, bestetik, salerosketak mugatu dira. Europako Batasunak, esaterako, debekatu egin du Asiako zenbait herrialdetako hegaztiak inportatzea.

Granjetako abereak sakrifikatzeaz gain, animaliak txertatu egin dira. Bestalde, H5N1 birusetik ‘hurbil’ egon daitezkeen pertsonei gripearen kontrako txertoa hartzeko gomendatu die MOEk, giza gripearen birusaren eta hegaztienaren arteko material genetikoaren trukea saihesteko. Prebentzio gisara, botika antibiralak gomendatzen dira. Botika horiek hartu behar dituzte, esaterako, granjetako hegaztien gorotzak deuseztatzen dituzten langileek, eta jantzi eta ekipo bereziak erabili.

Edonola ere, erabilitako medikamentuak eraginkorrak izan daitezen, birusak horiekiko erresistentziarik ez duela egiaztatu behar da, bestela ez lirateke lortuko efektu onuragarriak. Eta hor ere arazoak daude. Washington Post egunkari famatuak adierazi duenez, 1990etik, Txinako nekazariek sarri erabili dituzte zenbait medikamentu antibiral oilaskoak tratatzeko. Hori dela eta, H5N1 birusaren zenbait andui amantadina farmakoarekiko erresistente bilakatu dira. Berriak ez du inor ustekabean harrapatu, baina horrek esan nahi du beste farmako batzuk erabili beharko direla gaixoak tratatzeko, hala nola, ekoizten zailagoak eta garestiagoak diren oseltamivir eta tamiflu farmakoak.

MOEren ustez, tamiflu da medikamentu onena, baina garestia da, hegoaldeko herrialdeetarako, batez ere. Fabrikazioa, gainera, motela da: enpresa farmazeutikoek gutxienez 12 hilabete behar dituzte eskaerei erantzuteko. Horregatik, munduko 23 herrialde medikamentuak aldez aurretik biltzen ari dira, pandemia gertatuz gero hari aurre egin ahal izateko.

Azken hilabeteetan, Roche laborategiak, hainbat gobernuren eskariei erantzunez, milioika dosi bidali ditu. Esaterako, Erresuma Batuak 14,6 milioi lagunentzako dosiak eskatu ditu. Bestalde, oilaskoaren gripearen kontrako plangintzaren barruan, Espainiako osasun-ministerioak 30.000 dosi bildu ditu eta bi milioi lagunentzako medikamentuak erosteko agindua eman du. 150.000 aurten helduko dira eta gainerako 1,85 milioi dosiak datorren urtean.

Dena den, medikamentu horrek ez du arazoa konpontzen. Pandemia hedatzea atzera dezake, baina ez geldiarazi. Horretarako, H5N1 birusaren kontrako txerto bat beharko litzateke, baina ikerketek ez dute oraindik helburua osorik lortu, nahiz eta emaitza itxaropentsuak erdietsi diren.

Vietnamgo zientzialari-talde batek, esaterako, gizakietan saiakuntzak egingo ditu birus horren kontrako
txerto batekin. Tximinoetan emaitza onak lortu dituzte: animaliei txertoa eman ondoren, H5N1 birusa injektatu zieten eta tximinoek antigorputzak garatu zituzten. Espainian, berriz, osasun-ministerioa bi laborategirekin hitz egiten ari da, oilaskoaren gripearen kontrako ekoizpen-instalazio bat ezartzeko.

Milioika hegazti txertatu dira Asian, eta, kutsadura mugatzeko, hildakoak erre eta inguruak desinfektatu dira.

Bien bitartean, esan dezakegu oilaskoaren gripearen beste kapitulu baten aurrean gaudela. Aldi honetan, birusaren izaera aldatu egin dela dirudi, eta askoz ere kutsakorragoa bihurtu dela. MOEk pandemia-alertaren laugarren fasea aktiba dezake Indonesiako familiaren heriotza pertsona batetik bestera transmititutako kasu bat dela berresten badu. Horrela bada, herrialde guztien elkarlana beharrezkoa izango da mundu guztia arriskuan jar dezaken balizko birusa kontrolatu nahi bada.

 

Pandemiaren faseak munduko osasun erakundearen (moe) ara
1. fasea

Gizakietan ez dago gripe-birusik. Animalietan birus kutsakor bat egon daiteke, baina kutsatzeko arriskua txikia da.

2. fasea
Gizakietan ez dago gripe-birusik. Animalietan gizakia kutsa dezakeen birus bat detektatzen da.
3. fasea
Gizakietan infekzioa dago. Ez da kutsatzen pertsona batetik bestera, edo, behintzat, kasu bakanak daude
4. fasea
Gizakietan infekzioa dago. Pertsona batetik bestera kutsatzen da, baina kasu jakin batzuetan bakarrik.
5. fasea
Gizaki asko dago infektatuta, baina pertsona batetik besterako kutsadura mugatua da oraindik. Birusa gero eta hobeto moldatzen da gizakietara.
6. fasea
Biztanleria osoan zabaldu da kutsadura.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila