Hurrengo urteetan ahaztu edo baztertu egin zuten lan hura; izan ere, esperimentu txikia zen, eta, gainera, alderantzizko emaitzak lortu zituzten beste ikertzaile batzuek antzeko probetan. Aurrerago, ordea, ikerketa gehiago egin ahala, berriro frogatu zuten janari-kantitatea murrizteak bizia luzatzea dakarrela, ez bakarrik saguetan, baita arratoietan, legamietan, fruta-eulietan, arrainetan, hamsterretan eta txakurretan ere.
Gizakietan, orain ari dira egiten esperimentuak. Gizon-emakumeak beste animalia asko baino urte gehiago bizi direnez, oraindik ez dago behin betiko emaitzarik. Horregatik, askoz ere galdera gehiago daude erantzunak baino.
Nolanahi ere, batzuek ez dute zalantzarik, eta Okinawako biztanleak jartzen dituzte adibidetzat. 1978an egindako azterketa batean ikusi zuten Japoniako irla horretan ehun urtetik gorako pertsonak beste inon baino ugariagoak zirela: garatutako herrialde gehienetan, 100.000 pertsonatik 10-12k gainditzen dute ehun urteko muga; Okinawan, berriz, 34k. Eta azterketa horretan bertan agerian jarri zuten garatutako herrialdeetako jendeak baino % 20 kaloria gutxiago hartzen zutela irlako biztanleek, batez beste. Lotuta ote daude bi datu horiek?
Zalantzak argitu nahian, Estatu Batuetako zahartzearen institutua (NIA) azterketa bat egiten ari da, kaloria gutxiko dietek epe luzera duten eragina ikertzeko. CALERIE deitu diote esperimentuari, eta 48 gizonezkok eta emakumezkok parte hartu dute, bi taldetan banatuta. Sei hilabetez, lehendik zuten pisuari eusteko adina kaloria hartu dute batzuek, eta besteek, berriz, pisuari eusteko beharko luketena baino % 25 kaloria gutxiago.
Lehen fasearen emaitzak apirilean argitaratu zituzten. Besteen aldean, kaloria gutxi hartu zutenek odolean intsulina-kontzentrazio txikiagoa eta gorputzeko tenperatura baxuagoa zutela ikusi dute. Bi ezaugarri horiek ohikoak dira luze bizi diren animalietan eta pertsonetan.
Orain bigarren fasea hasi dute, 200 pertsonarekin, eta bi urte iraungo du. Aipatzekoa da ikerketan parte hartzen ari diren boluntarioak ez direla gizenak. Izan ere, beste ikerketa batzuetan gizenek ere parte hartu dute, eta, beraz, ikerketaren amaieran osasun hobea bazuten, zaila zen jakitea zenbateraino ote zen argaltze hutsaren ondorioz.
Boluntarioek pisu egokia izanda ere, zahartze-prozesuan kaloria gutxiko dietek zer eragin duten neurtzea ez da batere erraza, ez baitago zahartzearen adierazle estandarrik. Hala eta guztiz ere, CALERIE esperimentuko ikertzaileen esanean, lehenengo fasean badaude hainbat aztarna uste izateko kaloria gutxi hartzeak eragina duela zelula mailan gertatzen diren zahartze-prozesuetan.
Esate baterako, sei hilabetez kaloria gutxiko dieta egin dutenei, gutxitu egin zaizkie bai intsulinarekiko erresistentzia bai odoleko LDL-kolesterolaren kontzentrazioa; ondorioz, diabetea eta zirkulazio-aparatuko arazoak izateko arrisku txikia dute. Eta gaitz horiexek dira, hain juxtu, arruntenak zahartzaroan.
Batek daki CALERIE esperimentua amaitutakoan ere ikertzaileek izango ote duten ondorio sendorik jakiteko nola eragiten duen biziaren luzeran kaloria gutxi hartzeak. Edonola ere, eta horren zain egon gabe, hainbat hipotesi proposatu izan dira ustezko eraginaren mekanismo biologikoa azaltzeko, beste bizidunekin egindako esperimentuetan oinarrituta.
Iaz, Edward J. Masoro ikertzaile adituak kaloria gutxiko dietei, zahartzeari eta bizia luzatzeari buruz zientzialariek dakitena eta ez dakitena bildu zuen artikulu batean. Mechanisms of Ageing and Development aldizkarian argitaratu zen artikulua, eta han azaltzen dira orain arte proposatu diren zazpi hipotesi eta haien aldeko eta aurkako argudioak.
Lehen hipotesia 1935ekoa da. Arratoiekin egindako ikerketa batetik, egileek ondorioztatu zuten hazkundea moteltzea zela gakoa; hau da, kaloria gutxi hartuta, hazkundea moteldu egiten da, eta, beraz, bizia luzatu.
1980ko hamarkadara arte, hipotesiak indarra izan zuen. Baina, orduan, Masorok berak eta beste hainbatek beste ikerketa batzuk egin zituzten, eta, emaitzen arabera, hipotesia okerra zen. Orain dela gutxi, ordea, arratoiekin eta saguekin antzeko ikerketak egin dituzte, eta badirudi hipotesiak ez duela balio arratoientzat; bai, aldiz, saguentzat.
1960an, berriz, gorputzeko gantza gutxitzean oinarritzen den hipotesia proposatu zuten. Gantz asko dutenen heriotza-adina txikiagoa da batezbestekoa baino. Hortaz, argaltzeak bizia luzatzea dakar, eta horixe lortzen da kaloria gutxiko dietaren bidez.
Aurrerago egin diren ikerketetan, gantz gutxi izateko genetikoki eraldatutako saguekin egin dute lan, eta ikusi dute berez dietak ez duela biziaren luzeran eragiten, baizik eta gorputzeko gantz-kantitatea dela gakoa. Gainera, atzean sirtuin proteinak daudela jakin dute.
2000. urtean frogatu zuten sirtuin proteina bat, SIR2, ezinbestekoa dela kaloria gutxiko dietaren bidez bizia luzatzeko legamietan. Ikertzen jarraitu dute, eta badirudi arrazoia hau dela: sirtuin proteinak gantza metatzea galarazten du; ondorioz, ehun adiposoaren gantz-kantitatea gutxitzen laguntzen du. Hala ere, oraindik ez dago dena argi; kaloria gutxi hartzearen eta sirtuin proteinen jardueraren artean dagoen erlazioa ikertzen ari dira.
Hirugarren hipotesiaren arabera, kaloria gutxi hartzeak bizia luzatzen du metabolismoa moteltzen duelako. Bi zutabek eusten diote hipotesiari: batetik, kaloria gutxiko dietak egiten dituzten pertsonei metabolismoa moteldu egiten zaie; bestetik, luze bizi diren ugaztunek tasa metaboliko txikia dute, eta alderantziz, bizi laburra dutenek tasa metaboliko handia izaten dute.
Aitzitik, Masorok artikuluan azaltzen duen laugarren hipotesia oso zabalduta dago. Hipotesi horren muinean erradikal askeek sortzen duten kaltea dago. Hain justu, hipotesian sinesten dutenentzat, erradikal askeek proteinak, lipidoak eta baita DNA ere oxidatzen dituzte, eta horren ondorioz zahartzen da organismoa.
Saguetan eta arratoietan ondo frogatuta dago kaloria gutxi hartzeak gutxitu egiten dituela oxidazioz sortutako kalteak, eta tximinoetan ere badaude aztarnak uste izateko gauza bera gertatzen dela. Baina, zergatik gertatzen da hori?
Ez dakite. Gerta liteke gutxi janda erradikal aske gutxi sortzea, edo mekanismo babesleak sustatzea, edo eragiten diren kalteak konpontzea, edo, beharbada, hirurak gertatzen dira batera. Entzima antioxidatzaileen eragina zein den ere ez dakite.
Nolanahi ere, hori baino lehen argitu behar dute egia ote den oxidazio-erreakzioak direla zahartzearen eragile nagusiak. Izan ere, hori horrela ez bada, ez du hainbesterainoko garrantzia kaloria gutxi hartzeak oxidazio-erreakzioetan duen eraginak, bizia luzatzeari dagokionez.
Bosgarren hipotesia kaloria gutxi hartzen dutenenetan nabaritu duten beste aldaketa batean oinarritzen da: baraurik daudenean, besteek baino intsulina eta glukosa gutxiago dute odolean. CALERIE esperimentuan parte hartu duten boluntarioetan ere ikusi dute hori, eta, epe luzera zer gertatuko den ez badakite ere, bizi osoan dieta egin duten karraskariek eta tximinoek intsulina- eta glukosa-kontzentrazio txikiak izaten jarraitzen dutela frogatu dute.
Horretaz gain, epe luzera odoleko intsulina- eta glukosa-kontzentrazioak txikiak izateak bizia luzatzen duela frogatu dute hainbat tximino-espezietan. Orain, kaloria gutxi hartuta glukosa-intsulina sistemak nola funtzionatzen duen aztertzen ari dira ikertzaileak, hor egon baitateke gakoa. Edo gakoetako bat.
Izan ere, hipotesi gehiago ere badaude. Seigarrenak hazkundearen hormonak eta haren errezeptoreak osatzen duten sistema hartzen du aintzat. Badira ia 15 urte ikusi zutela odoleko hazkundearen hormona baten kontzentrazioa txikitu egiten dela kaloria gutxi hartzen duten saguetan. Gerora, hormona hori ez sortzeko genetikoki eraldatutako saguekin egin dituzte ikerketak, eta frogatu dute sagu arruntak baino denbora gehiago bizi direla.
Esperimentu horietatik ondorioztatu dute kaloria gutxi hartzeak, nolabait, eragina duela hormona horrek eta horren hartzaileak osatzen duten sisteman, eta horrek eragiten duela bizi-luzeran. Baina horretan sakontzen jarraitu behar dute.
Hormesia oso fenomeno bitxia da. Zientzialarien esanean, eragile kaltegarri batek (erradiazioa, substantzia kimiko bat...) eragin onuragarria du dosi edo intentsitate txikian emanez gero. Adibidez, bitaminen eta mineralen dosi txikiak beharrezkoak dira bizitzeko, ezinbestekoak dira. Alabaina, dosi handietan toxikoak dira.
Masororentzat, berriz, intentsitate txikiko estresatzaile batek organismoan sortzen duen onura da hormesia, hala nola bizia luzatzea, zahartze-prozesua atzeratzea, zahartzearekin lotutako gaixotasunetatik babestea, estresatzaile gogorrei aurre egiteko gaitasuna handitzea... Eta hauxe proposatzen du: kaloria gutxi hartzea intentsitate txikiko estresatzailea da, eta hormesiari esker sortzen ditu eragin horiek guztiak.
Baina, kaloria gutxi hartzea intentsitate txikiko estresatzailea ote da? Masororen arabera, odoleko kortikosterona-kontzentrazioa neurtuta baietz ematen du. Izan ere, estresak kortikosterona sorrarazten du, eta epe luzeko ikerketetan ikusi dute kaloria gutxi hartzen duten saguek kortikosterona asko izaten dutela.
Eta estresatzaile gogorrei aurre egiteko gaitasuna handitzen du kaloria gutxi hartzeak? Masororentzat, erantzuna berriro baiezkoa da: kaloria gutxi hartzen duten arratoiak besteak baino lehenago etortzen dira bere onera operatu ondoren, hobeto jasaten dute beroa, gai toxikoek kalte txikiagoa egiten diete...
Horrek guztiak bizia luzatzen laguntzen du. Horren atzean egon daitezkeen mekanismo molekularrak ere aipatzen ditu Masorok. Esaterako, kortikosteroide-kontzentrazio handia izateak hanturatik babesten du, eta hantura zahartzearekin erlazionatuta dago. Bestetik, kaloria gutxi hartzeak eragile kaltegarrien aurkako gene babesleen jarduera sustatzen duela uste du. Gainera, sirtuin proteinak kodetzen dituzten geneen jarduera ere sustatzen dela dirudi.
Horregatik guztiagatik, hormesiaren hipotesiaren aldekoa da Masoro. Eta ez da bakarra, beste aditu askok ere bat egiten baitute hipotesi horrekin, eta hortik bideratu dituzte beren ikerketak. Hori bai, ikerketa horietatik bizia luzatuko duen irtenbide magikora, izugarrizko saltoa dago. Ez pentsa, beraz, egun batetik bestera eskuetan izango dugunik ehunka urte bizitzeko giltza.