2006/02/01
217. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Gesaltza Añana, beltzetik zurirako bidean
Paraje bakartiak, berdeak negu-udaberrian eta ez horrenbeste uda-udazkenean. Mendi ez oso altuz inguratutako bailaratxoak, herri txikiak -historikoak asko-, eta errepide estu eta sigi-sagatsuak. Arabako ipar-mendebaldea. Urteen joan-etorrian han dago Gesaltza, gatzaren herria. Iraganean gatzak egin zuen aberats, eta iragana du etorkizun.
Gesaltza Añana, beltzetik zurirako bidean
2006/02/01 | Kortabarria Olabarria, Beñardo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: B. Kortabarria)
Diapiroa da haraneko protagonista nagusia: lur azpian gordeta dagoen gatzezko poltsa ikaragarria. Euri-ura lurrean sartzen denean, diapiroa zeharkatu eta lur azpiko gatzak disolbatzen ditu. Ondorioz, gatz askoko iturburuak azaleratzen dira haranean. Ur horrek 210 gramo gatz ditu litroko; itsas urak baino 50 aldiz gehiago. Eguzkiaren, haizearen eta gesaltzarren lanaren bidez, ura lurrundu egiten da eta gatza geratu.
Gatza egiten duten langileek milaka urte daramate ura larrain hauetan lurruntzen. Aditu askoren iritziz, litekeena da Gesaltza izatea Euskal Herriko herririk zaharrena. Gesaltzako gatz-jarduerari buruzko idatzizko lehen berriak 822. urtekoak dira. Badirudi hasieran gatzagek jabetza pribatua zutela, baina, denborarekin, jauntxoen jabetza izatera iritsi ziren. Hasierako jabeak ustiaketa-modu berrietara egokitu beharrean aurkitu ziren. 1137. urtean, Alfonso VII.a erregeak gatzaren monopolioa egituratzeko oinarri juridikoak ezarri zituen, teorian produktua hobeto eta zuzenago bana zedin. XIII. mendean koroak dirutza handia ateratzen zuen gatzaren komertziotik, bai gatzagak zuzenean ustiatzen zituelako, bai eta alokairuan ematen zituelako ere.
Gatzak guztia egiten du bere haran zurian.
B. Kortabarria
Aurkitu diren aztarnen arabera, esan daiteke, Erdi Arotik aurrera gutxienez, gatza lortzeko larrainak haran guztian zehar banatzen zirela, iturburu nagusitik abiatuta. Larrainak mendi-magalen behealdean soilik zeuden jarrita, aldapa gutxien zegoen tokietan. Beraz, larrainak orografiara egokitzen ziren. Mendiak eta uraren noranzkoak baldintzatzen zuten larrainak jartzea edo ez jartzea. Gaur egun ustiaketa jasangarriaz hitz egingo litzateke seguru asko.
Produktibitatearen bidetik
Koroak dirutza handia ateratzen zuen gatzagen kontura, baina gehiago nahi zuen; bazekien haran gazitik ateratzen zena baino gatz gehiago atera zitekeela. Hortaz, 1801. urtean, azpiegitura zaharrak desegiteko eta berriak sortzeko plana jarri zuen abian. Erreformaren helburuak ziren gatz gehiago eta hobea ateratzea. Horretarako, larrain zahar gehienak desegin eta berriak egin zituzten. Berrikuntza teknikoekin bat etor zitezkeenek baino ez zuten iraun. 1814. urtetik aurrera, jabe bakoitzari itzuli zitzaion gatza nahi zuen bezala bildu eta saltzeko askatasuna, merkatuan lehiatzeko. Gatzaren salerosketak garrantzia handia hartu zuen, elikagaiak egoera onean mantentzeko erabiltzen hasi baitzen.
Porlana erabiltzen hasteak ekarri zuen gatzgintzaren gainbehera.
B. Kortabarria
XX. mendearen hasieran gatzak negozio izaten jarraitzen zuen, baina ez Gesaltzan bakarrik. Kostaldeko zenbait tokitan ere abian zen gatzaren produkzioa. Ekoizpen berriak ziren, abantaila tekniko handiak zituztenak, eta, noski, gatz ugari atera eta saltzen zuten.
Arabarrak gatzagei ahalik eta etekin handiena ateratzeko lehian sartu ziren. Larrainak egiteko ohiko teknikak baztertuta, porlana erabiltzen hasi ziren. Porlana, batetik, azpiegiturak egiteko erabili zen; bestetik, berriz, produkzioa handitzeko, porlana bera jartzen baitzuten larrainen gainean.
Produkzioa asko hazi zen, larrainak errazago eraikitzen zirelako eta gatza errazago jasotzen zelako. Ez hori bakarrik. Porlana erabiltzen hasi zen arte, Gesaltzan gatz marroixka lortzen zuten, egurraren eta buztinaren kolorekoa; porlanarekin, berriz zuria. Berrikuntza, baina, agoniaren hasiera izan zen.
Larrainen azpian biltzen da gatza.
B. Kortabarria
Gatzak ia material guztiei eragiten die, eta porlana hondatu egiten zen haraneko baldintza gogorrekin, pitzatu egiten zen. Batzuetan pitzadura estali eta konpon zitekeen arazoa, baina, askotan, pitzadura handiegia zenean, konponketak egiteko porlan-geruza berriak jartzen ziren larrainen gainean.
Pisua gehituta, egitura osoa erortzeko arriskua ere gehitzen zen. Orduan, nahitaez kendu behar zituzten porlanezko geruza guztiak. Porlana kentzean, itsatsita zeramatzan errekarriak ere kentzen ziren. Ezin birziklatu. Obra-hondakin ugari ere sortu ziren, baina gatzagetako langileek ez zituzten ateratzen, zaila izateaz gain garestia ere bazelako. XX. mendearen erditik aurrera --60ko hamarkadatik--, gainbehera etorri zen gatzaren negozioa. Haran gazia belztu egin zen. Mila urtetik gorako historia akabo 40 urtean, gatzagak zementuzko hilerri handi bihurtu ziren. Gaur egun 150 larrain baino ez dira ustiatzen Gesaltzan. Langile bakarrak dihardu lanean, gainerakoek aspaldi utzi zioten.
Hala ere, haran gaziak ez du galdu itxaropenik izan zena berriro izateko. Haranaren edertasun aparta gorde beharreko zerbait dela erabakita, indarrean da 'Haran gazia osorik berreskuratzeko egitasmoa'. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Arabako erakundeen laguntzarekin, diziplina anitzeko aditu-talde batek gatzagak berreskuratzeko asmoari heldu dio. Azterketa arkeologikoak egin dituzte, arkitektonikoak, sozioekonomikoak, ingurumenari dagozkionak eta abar, guztia helburu bakarrarekin: banan-banan, haraneko 5.500 larrainak berreskuratzea.
Santa Engrazia iturburua, haraneko nagusia.
B. Kortabarria
Dagoeneko bost urte daramatzate lanean, eta zati txiki bat berreskuratu dute. Lanak amaitutakoan, 20 urte barru, larrain horietako asko gatza egiten hasiko dira berriz. Noski, ekonomiaren ikuspegitik, gatza ekoiztea ez da errentagarria izango, ezin lehiatuko baita merkatuan; baina bizia itzuliko dio haranari, haran gazi biziari.
31
Nolakoak dira gatzagak?
Gauza bakarra balira bezala hitz egiten da gatzagez. Eta izan hala dira, baina, egitura osoaren barruan, badira ondo bereiz daitezkeen alde bat baino gehiago. Guztien bat-egiteak egiten du Gesaltza den modukoa.
Iturburuak lehenik
(Argazkia: B. Kortabarria)
Ezinbestekoak, noski. Hor daude lehengaiak: ura eta gatza. Haranean iturburu gehiago dagoen arren, gaziak lau dira. Nagusia Santa Engrazia izenekoa da. Haranaren mutur batean dago, hegoaldean, Muera ibaiaren jaiolekutik oso gertu. Lurrean dagoen zulo angeluzuzena da, egurrezko egitura batez sustengatua. Gesala ia kanporaino irteten da hor. Fuentearribako iturburua haranaren ekialdean dago, buztin iragazgaitzez inguratua dago eta putzu baten itxura du. La Hontana eta El Pico dira beste bi iturburuak, aurreko biak baino txikiagoak.
Banaketa-sarea
(Argazkia: B. Kortabarria)
Gesala iturburuetatik larrainetara eramateko ubide-sarea. Ubide-sarea Royo izeneko zurezko kanalek osatzen dute. Ibilbidea Santa Engrazia iturburuan hasten da, ubide bakarrarekin. Gesala putzu bakar batera eramaten da. Gero, han, bitan banatzen da, Muera ibaiaren alde bietara. Horietako bakoitza ere bitan banatzen da, eta segidakoak ere bai... haran osoa hartu arte. Ubideen euskarriak era guztietakoak dira. Tarte batzuetan larrainetan jartzen dira, beste batzuetan lurrean bertan, eta badira malden arteko lotura lortzeko propio egindako egurrezko egiturak ere.
Bilketa-putzuak
(Argazkia: B. Kortabarria)
Larrainetako gatza eguneko edozein ordutan har bazitekeen ere, gesala hartzeko ordutegi jakin bat izaten zuten gatzagetako langileek. Horregatik, gatza gorde ahal izateko putzu edo biltegi batzuk izaten zituzten. Neguan betetzen ziren sarritan, udaran ekoizpen-lanak egiteko. Putzuak batzuetan kanpoan egoten dira, beste batzuetan albate edo ureztatzeko ateetan -larrain azpian eraikita- eta berotzeko erabiltzen direnak ere badira; hau da, larrainean utzi aurretik gesala berotu dadin eraikitako putzuak. Berotzeko putzuetan gesala berotu egiten zen larrainean utzi aurretik.
Larrainak
(Argazkia: B. Kortabarria)
Oholtza horizontalak izaten dira, hainbat altueratan jarrita. Gesala larrainen gainean uzten da. Eguzkiak eta haizeak gesalaren ura lurruntzen dute eta larrain gainean gatza geratzen da. Larrain-multzo bakoitzak gatza ekoiztu ahal izateko elementu guztiak izaten ditu: gesalaren sarrera, bilketa-putzuak, larraina bera eta gatzaren biltegia. Oholtza egiteko, lehenik egurrezko egitura egiten da. Gainean, oholak jartzen dira, buztinez estalita; alboetan, berriz, egurrezko apeak eta harriak pilatzen dira, egitura eror ez dadin. Buztinaren gainean errekarriak jartzen dira, larraina bukatzeko. Porlana erabiltzen hasi zirenean, errekarrien gainean botatzen zen.
Larrain-multzoek etxaldeak osatzen dituzte; hau da, langile bakarrak lantzen duen eremua. Denborarekin, noski, eremu horien mugak aldatuz joan dira, eta gaur egun zaila da bereiztea zer zen eremua eta zer ez.
(Argazkia: B. Kortabarria)
Gatz-biltegiak
Larrainen azpian kokatuta egoten dira. Goian dauden zulo batzuetatik botatzen da gatza, betetzeraino. Han edukitzen dute, garraiatu behar duten eguneraino.
Gatza egiten
Gaur egun gatza egiten duen lagun bakarra geratzen da Gesaltzan, baina lehen herritarren zeregin nagusia izan zen. Lana udaberriarekin hasten zen. Larrainak konpondu behar ziren lehenik, erori egiten zirelako batzuk edo neguko eurite, elurte eta izozteen ondorioz pitzatu egiten zirelako beste asko.
Larrainak eta ubideak konpondu ondoren, gatza bideratzen zen larrainera. Larraina bete, mugitu, busti, bildu eta biltegiratu egiten zen. Eguzkiak, batez ere, eta haizeak, laguntzen bazuen, ura pare bat egunean lurrundu eta kristalizazio bidez gatza agertzen zen. Hura biltegian utzi, eta berriro hasten zen zikloa.
Kortabarria Olabarria, Beñardo
3
217
2006
2
036
Ingurumena; Historia; Geografia; Geologia
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.